Biolentzia bikarioa, ikusezin den indarkeria

Xabier Lasa 2021ko abe. 7a, 08:14

Cristina Ramos, Clara Campoamor elkarteko abokatua eta genero-indarkerian aditua.

Geroz eta entzunagoa zaigun biolentzia bikarioa hizpide izan zuten Cristina Ramos abokatuak eta Monica izeneko biktima batek, Basteron izandako hitzaldian. Emakumeei mina eragiteko asmoz, gizonek haurrak manipulatzen dituzten egoerak aztertu zituzten.

Genero ikuspegiko indarkerian aditua da Ramos, eta Clara Campoamor elkartean biktimei aholkularitza eskaintzen die. Monika, berriz, biolentzia bikarioa jasaten ari den emakumea da; bere kasua anonimotasunetik kontatu nahi izan zuen Basteron. 

Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, indarkeria mota horri ikuspuntu juridikotik zein indarkeria mota hori azalean bizi duen biktimaren ikuspegi errealetik azaldu zuten Basteroko aretoan, azaroaren 18an.

Biolentzia bikarioa zer den azalduz ekin zion hitzaldiari Ramosek. "Erasotzailea biktimari min ematen saiatzen da, haurren eskutik. Erasotzaileak Nire bikote ohiari zerk eragingo dio minik handiena? galdetu ostean, bien seme-alabak manipulatzen eta urruntzen saiatzen da. Haurrak objetu gisa erabiltzen ditu amari sufrimendua eragiteko, azken batean. Modu askotara adierazten da biolentzia hori: haurra amarengandik urrunduz (amarekin egon nahi ez izateraino), amari haurren aurrean tratu-txar fisiko edo psikikoak eraginez… Haurrak objektu gisa erabiltzen dira gehienetan, eta epaitegietan horiek dituzte euren borroken partikularren erdigunean. Indarkeria hori gauzatu liteke baita ere emakumeak maite dituen beste zenbait pertsonen edo maskoten bitartez, sare sozialetan argazki edo irudi erotikoak zabalduz…”.

Biolentzia bikarioa kontzeptuaren jatorria aipatu zuen ondoren Ramosek. “Betidanik eman izan da, baina definitu gabe zegoen, harik eta Sonia Vaccaro psikologo eta kriminologo argentinarrak, ohartuta ikusgarritasuna behar zuela eduki, izendatu egin zuen  arte 2012an”.

Espainiako Estatuari begira jarrita, Ramosek zehatu zuen biolentzia mota hori legeetan ez dagoela jasota. “Ez lehen, ez orain, ez dago tipifikatuta delitu gisa. Orain gutxi arte, emakume batek genero-biolentziarekin lotutako salaketa jartzen bazuen, babeserako neurriak ezartzen zitzaizkion, baina etxe horretan bizi ziren haurrak ez ziren biktima zuzentzat jotzen; hortaz, erasotzaileak haurrak bisitatzeko eskubidea edukitzen zuen. 2012ko ekainean, Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurka babesteko lege organikoa indarrean jarri zen, eta bide bat ireki zen epaileak azter dezan haurrak ere biktima zuzenak diren ala ez”.

Kasu mediatikoek bistaratu duten biolentzia

Cristina Ramosek aitortu zuenez, azken hamar urtetan mediatikoki oihartzuna lortu duten zenbait kasuri esker joan da zabaltzen biolentzia bikarioaren errealitatea, eta horrekin batera gizartea ari da kontzientzia hartzen. 2011tik hona haurren hilketak izan ziren zenbait kasu ekarri zituen gogora. Kordoban gertatua aipatu zuen lehenbizi: “2011an, Jose Bretonek 2 eta 6 urteko bere bi haurrak erre egin zituen; hilketa bikoitzagatik 25 urtera zigortu zuten. Garai haietan, oraindik, biolentzia bikarioa ez zen aipatzen, baina kasu hori mugarri izan zen, izan ere, hartaz gero hasi baikinen kontenplatzen haurrak ere genero-biolentziaren biktima zuzenak izan zitezkeela”. 

Indarkeria matxistari buruzko legeak errealitatearen atzetik joan direla beti, eta biolentzia bikarioa bera oraindik ere nahiko ezezaguna dela salatu zuen Ramosek. “2013an hasi ziren hildako haurren (urte batetik hamalau urte bitarte) erregistro ofiziala egiten. Sei haur 2013an, lau 2014an, zazpi 2015ean, bat 2016an, zortzi 2017an, zazpi 2018an, hiru 2019an, hiru 2020an, bost 2012ean… Kasu horietan %90etan, aurrez ez zen salaketarik jarri, legez ez zegoelako ezer araututa, eta dramarekiko kontzientzia ere apenas zegoelako”.

Lekukotza, lehen pertsonan

Monika izeneko emakumeak, egun pairatzen ari den biolentzia bikarioa azaldu zuen, Basteroko hitzaldian. “Hasieran ez nekien zer gertatzen ari zitzaidan, eta denbora behar izan nuen definitzeko. Kosta egiten zait jende aurrean azaltzea nire kasua, baino ahaleginak merezi duelakoan nago, ezkutuan dagoen biolentzia baita, eta emakume askok etxeko zuloan bizi baitute drama horixe”.

15 eta 12 urteko bi haurren ama da, eta, iazko konfinamendua amaitu zenez geroztik, banatuta bizi da. “Duela 33 urte ezagutu nuen bi haurren aita, eta, egun, 42 urte ditut. Lana utzi eta bi haurren heziketarekin murgildu nintzen orain 15 urte. Konfinamenduaren aurretik, bi haurrei nire espazioa behar nuela adierazi nien, lanean hasi nintzen, eta etxeko giroa okertzen hasi zen. Gizonak egoera itsusiak probokatzen zizkidan haurrak gertu ez geneuzkanean, eta horiei jokabidea aldatzen hasi zitzaien. Nire herriko udalean gertatzen ari zitzaidana azaldu, eta psikologoaren laguntza eskaini zidaten. Konfinamendua bukatu bezain pronto, gizonari adierazi nion ez nuela bikote gisa jarraitu nahi, eta iazko maiatzean, bi semeen zaintza partekatua sinatu genuen. Hortik aurrera, biak beren aitarekin astea igaro ostean, arraro itzultzen hasi ziren. Artean, hirurok harreman izugarri ona eduki genuen, baina nigandik urruntzeari ekin zioten; zaharrenak batik bat. Konparazio batera, esaten zidan “aitak esan dit mugikorra berak ordaindu didala eta zuri ez uzteko”, “aitak esan dit etxe hau gehiago dela berea, zurea baino”. Eta halako batean, gau batean, etxetik aldegin zuen. Etxe ondoko gasolindegian aita zain zeukan”.

Geroztik, urte eta bi hilabete seme zaharrena ikusi gabe bizi dela zehaztu zuen Monikak. “Gizonak epaitegian adierazita dauka ni ama gaiztoa naizela, eta semeak ez ditudala maite. Epaileak jarritako psikologoek adierazi didate seme zaharrenak ez duela nirekin egon nahi, eta ezin dutela ezer egin bere borondatearen aurka; hortaz, astean ordu bete elkarrekin egoteko aukera ere ez dit ematen epaileak. Ez da batere justua gertatzen ari zaidana. Tratu txar psikologikoa sufritzen ari naiz, eta epaitua sentitzen naiz leku guztietatik; “ama zintzo batek ez du semea etxetik joaten uzten, okerraren bat egingo zuen” da nire kontra gizartean zabaltzen den epaia. Gizonak ni 33 urtetan manipulatu egin ninduen, eta orain, poliki-poliki, ohartzen joan naiz zein den bere helburua: bi semeak nigandik urruntzea, biak manipulatzeko estrategia erabilita. Oraintxe, konsziente naiz nire bigarren semearekin ere berdin ari dela jokatzen. Izan ere, izaeraz aldatuta itzultzen da aitarekin astebete egonda; gero, hiruzpalau egun behar izaten ditut bion arteko harremana lehengoratzeko, goxatzeko. Beldurrez jota bizi dut egoera, susmoa baitut noizbait, eguneroko edozer konturengatik gogor egiten badiot, edo errieta, etxetik betirako alde egingo duela”.

Zaintza partekatuaren ajeak

Cristina Ramosek aitortu zuen gurasoen banaketa bizi duten familietatik gehienetan (%80ak), “modu zibilizatuan” gauzatzen direla kontuak; berak epaitegitara iristen diren beste %20ak ezagutzen zituela gaineratu zuen. “Normalena izaten da atzo arte zoriontasun batean bizi omen zen familian, gauetik goizera dena aldatzea, eta epaitegira joanda aita eta ama borrokan hastea tontakeria handienagatik; maitasunetik gorrotora igaro dira, eta biren artean, haurrak daude. Biolentzia bikarioa egon daitekeen kasuetan, epaileak psikologoak ez direnez, epaitegietako talde psikosozialengana edo udaletxetako gizarte zerbitzuetara bidaltzen dituzte, bitartekaritzarako. Epaitegiak lanez gainezka daude, kolapsatuta, eta hango psikologoek ordu bat edo bi edukitzen dituzte familia baten egoera aztertzeko, txostena idazteko. Berdintsu jokatzen dute beti: zaintza partekatua lehenesten dute; horretarako, haurren aitari eta amari egoki jokatzeko irizpideak eta trebeziak eskaintzen dizkiete, eta bien bitartean, argi uzten dute 14 urtetik gorako seme edo alaba bati ezin zaiola derrigortu amarekin egotera, ez badu nahi”.

Cristina Ramos eta Monika, eskarmentua bidelagun, kritiko agertu ziren iraganean zein orainaldian epaileen artean nagusi diren bi joerekin. “Lehen, sistematikoki, amaren esku uzten ziren haurrak, eta hori ez zen egokiena izaten. Orain, ostera, kasu guztietan zaintza partekatua aplikatzea dago modan. Panazea dela iruditzen zaigu, baina ez da horrela”. 

Haurren zenbait erreakzio

Basteron egin zen hitzaldian, publikoak Cristina Ramosekin eta Monikarekin iritziak partekatzeko aukera eduki zuten. Solasaldi aberatsa suertatu zen, eta gurasoen haustura guztiak izaten direla traumatikoak eta galtzaileak eta biktimak nagusiki haurrak direla argi geratzeaz gain, maiz gertatzen diren bi faktore eduki zituzten gogoan; saihestu ezineko faktoreak, biolentzia bikarioa aztertzeko orduan. Batetik, haurrek, harremanaren hauslearen kontra jartzeko jokaera izaten dutela, “utzia” izan dena biktimatzat hartu eta berarekin lerratzekoa, alegia. Eta, bestetik, halako egoeratan haurrei berekoikeria irten ohi zaiela, jarrera “interesatua” erakusten dutela; hots, kontuan hartzen dutela, aitak edo amak, ea nork eskaintzen dion mugikor hobea, nork daukan etxean wifi potenteagoa, nork ematen dien paga handiagoa… 

Hizlariek zein entzuleek bat egin zuten gaia konplexua dela eta geroz eta zailagoa suertatzen ari dela bideratzea esaterakoan. Konponbideak proposatzeko orduan, hezkuntza azpimarratu zuen Monikak, behin eta birritan. “Gizarte honetan badira pertsona narzisistak; egoki jokatzen ari direla uste dute, eta, gainera, ingurukoen babesa edukitzen dute. Horiekin ez dakit erremediorik ba ote dagoen, baina argi daukadana da irtenbidea ezin dela utzi banaketa-prozesu batean protagonismoa hartzen duten aktoreen (epaileak, abokatuak, psikologoak…) gainean. Aurretik ezarri behar dira oinarriak, hezkuntzan dago gakoa. Haurrei gaztetatik tresna pedagogikoak, baloreak eta abar transmititu behar zaizkie, jakin dezaten kudeatzen gurasoen banaketa hipotetikoa”.

Erreportajea osorik, Aiurri hamaboskariaren 594. zenbakian

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!