Atzegizaleak batzeko erronka, elkarteak 60 urte bete dituenean

Aiurri 2021ko abe. 9a, 07:00

Eskualde mailako kanpaina aurreko astean aurkeztu zuten Lasarte-Orian. noaua

Atzegizaleek "desgaitasun intelektuala duten pertsonak diren bezala onartzen dituzte, ez dituzte epaitzen".

60 urte betetzera heldu den Atzegi elkarteak ikasturte berezi honi begirako erronkak aurkeztu ditu egunotan Lasarte-Orian. Oraingoan bereziki Atzegizaleengan jarri nahi dute arreta. “2000. urtean Atzegik Atzegizale figura sortu zuen, adimen desgaitasuna duten pertsonekiko jarrera positiboa erakusten duten pertsonak identifikatzeko. Urte hauetan guztietan Atzegizale komunitatea hazi egin da eta jarraitzaileak batu ditu”. 20 urte igarota, “Atzegik pertsona horien jarrerak adimen-desgaitasuna duten pertsonen bizitzan duen eragina nabarmendu eta ezagutarazi nahi du”.

Atzegizale izan daiteke boluntarioa den edo Atzegik antolaturiko jardueretan parte hartzen duena. Baina haratago doa eta beraz, asko konturatu gabe ere dagoeneko Atzegizale izan daitezkeela ohartarazi dute. Hala dio hain zuzen Atzegiren kanpaina berriko leloak; “Agian zu ere Atzegizalea zara”. Atzegizalea zer den ulertzeko hainbat baliabide plazaratu du Atzegik. “Atzegizaleak leku askotan eta adin tarte guztietan aurki ditzakegu; desgaitasun intelektuala duten pertsonak diren bezala onartzen dituzte, ez dituzte epaitzen, haiengan sinesten dute eta gizartean parte hartzeko aukerak eskaintzen dizkiete. Keinu txikiak diruditen arren, eragin handia dute desgaitasun intelektuala duten pertsonen bizitzan”. Informazio gehiago atzegi.eus atarian. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!