Eskualdeko ekoizleak Durangoko Azokan

Aiurri 2021ko abe. 5a, 11:14

Buruntzaldeko zenbait kultur ekoizle topatu genituen Durangoko Azokako saltokietan lehenengo egunean, euskal disko eta liburu zaleei harrera egiten. Hona zeintzuk: Aitziber Ugartemendia (Pirritx, Porrotx eta Marimotots), Alez Tello (Sua) eta Koldo Otamendi (Musika Zuzenean).

 

Aitziber Ugartemendia

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen postuan igaro zuen eguna atzo. Esan zigunez, pailasoek, besteak beste, Miren Amuriza bertsolariak eta Xabier Zabala musikariak sortu duten Kuikui ipuin eta disko liburua eraman dute Durangora aurten, eta oraingoz bera da arrakastarik handiena eragiten ari dena pailasoen jarraitzaile diren txikien artean.

Alex Tello

Su Ta Gar musika taldearen postuan bertako produktuak saltzeaz gain, horietako zenbait sinatzea ere egokitu zitzaion atzo. Izan ere, Julen Rivasek eta biek "Sua" komikia plazaratu baitute,; batek ilustrazioak egin ditu lehenak, gidoia bigarrenak. Tellok liburuaren hitzaurrean aitortzen duenez, Eibarko talde heavyak Andoaingo Arrate frontoiko azpialdean eman zuen kontzertu batean ezagutu zuen, 12 urte besterik ez zituenean.

Koldo Otamendi

Diskoak eta liburuak saltzen egin zuen eguna Azokan, Euskal Herriko musikaren agerkari digitala den "Musika Zuzenean"ek zabaldu duen postuan. Tarteka, saltokia utzi eta Hamaika telebistarako elkarrizketak egiten aritu zen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!