Uzturpe eta Laskorain ikastetxeetako haurrek Beotibar frontoia zapalduko dute zesta punta ezagutzeko

Aiurri 2021ko abe. 7a, 11:59

Abenduaren 10ean, ostirala, Beotibar pilotaleku historikoak Uzturpe eta Laskorain ikastetxeetako haurrak hartuko ditu zesta punta ezagutzera eramateko. 

Beotibar Elkartearen eta Zestaren Olatuan proiektuaren koordinatzaileen eskutik, profesional gazteen zesta-punta partidu bat antolatuko da ostiral horretan bertan, goizeko 10: 30etan, eta kirol hau gustuko duten guztientzat ere zabalik izanen dira ateak.

Esanak esan, ekitaldi hau euskal tradizioan sakonki errotutako kirola ezagutarazteko antolatu da. Izan ere, urteak aurrera egin ahala, galduz doan kirola da. Gainera, zabalkunderako 28 Kanalaren laguntza ere izango du eta, ekintza hau sustatzeko asmoz, Mahalak eskainitako 6 saskien zozketa egingo da. Boletoak partidaren egunean bertan erosi ahal izango dira frontoian.

Zer da zesta punta?

Zesta punta pilota joko bat da, xistera handia izeneko saskiarekin jokatzen da. Kirol honi Jai Alai ere esaten zaio nazioartean, eta hala da ezaguna Euskal Herritik kanpo kirol hau jokatzen duten herrialdeetan: Frantzian, Mexikon, Espainian, Filipinetan eta Ameriketako Estatu Batuetan, kasu. Zesta puntan jokatzen duen pilotariari puntista deritzo. Goikoetxea puntistas pilotaren abiadura errekorra lortu zuen, 302 km/h; munduko kirol azkarrenatzat dute askok.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!