Hartara ez dute Jarraipen Sarearen deiaren zain egon beharko. Pertsona horiek SMS batean jasoko dute Osakidetzan proba bat egiteko hitzordua. Osakidetzaren arabera, “horrela lortuko da “hurbileko kontaktutzat” hartzen diren pertsonek are lehenago izatea infektatuta dauden ala ez jakiteko proba, eta, hartara, aukera izango dute, behar izanez gero, dagozkien bakartze-neurriak hartzeko”.
Pandemia kontrolpean mantentzeko, garrantzitsua da positiboen kontaktu estuak ondo arakatzea
Kontaktu estuei eta baheketei dagokionez, Urko Vallejok grafiko adierazgarria argitaratu zuen atzokoan. Osasun Ministeritzaren datuetatik abiatu da, grafikoa egiteko.
Hauxe bere hausnarketa, grafikoa hobeto ulertze aldera: "Pandemia kontrolpean mantentzeko, garrantzitsua da positiboen kontaktu estuak ondo arakatzea eta behar den lekuetan baheketak egitea. Horren ebaluaketa egiteko, eremu bakoitzak, duen intzidentzia-tasarekiko egiten dituen proba kopurua, adierazle on bat izan daiteke. Grafikoan ikus daitekeenez, Euskal Autonomia Erkidegoa, seigarren olatu honetan, Espainiako batazbestekotik behera dago horretan, eta Nafarroatik oso urrun. Bizi ari garen egoera dela eta, ez lukete horretarako baliabide gehiago jarri behar?".