Ura arazoak sortzen ari da Aiztondo aldean

Aiurri 2021ko abe. 10a, 09:46

Euri asko egin du azken orduotan eta arazoak sortu dira eskualdean. Oria ibaiak gainezka egin du Amasa-Villabonako sarreran. Inguruan aparkatuta zeuden zenbait auto harrapatu ditu urak eta halaxe gertatu da hainbat garaje eta etxabetan ere. Zizurkilgo Ugare auzoan, ibai-ertzeko plazatxoa eta pasealekua urak hartuta daude.

Egun asko daramagu euripean eta, azken bi egunetako euriteak, urez gainezka jarri ditu bazterrak. Belazeak putzu eginda daude eta lurrak ez du ur gehiagorik xurgatzeko gaitasunik. Hori gutxi balitz, azken egunetan mendietan egindako elurra urtu egin da, egoera are zailagoa eginez. Errekak eta ibaiak hazita datoz.

Amasa-Villabonan, Txermin inguruan sortu ohi dira arazoak horrelako egoeratan eta oraingoan ere, halaxe izan da. Oria ibaiak gainezka egin du eta hainbat etxabetan sartu da ura. Kalean aparkatutako kotxe batzuk ere harrapatu ditu urak.

Eskualdeko errepide eta bideetan arazoak sortu ditu urak. Amasa-Villabonako Txermin ingurua itxita dago eta Agaitzeko industrigunean ere berdin gertatzen da.

Eguraldi makurra dugu oraindik, euria eta haize zakarra dira protagonista. Iragarpenek diotenez, gaur ez da atzo bezainbeste euri espero.

Asteasun, euriteen eraginez arazoak sortu dira zenbait herri-bidetan.

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!