Hiru txapelketetan parte hartuko dute Buruntzaldea Taldeko igerilariek asteburuan

Aiurri 2021ko abe. 13a, 11:58

Asteburu honetan Buruntzaldeako igerilariek hitzordu hirukoitza izango dute, eta leku batean zein bestean, taldeko igerilari gehienak lehian izango dira.

Alde batetik, larunbat goizean Lasarte-Oriako Maialen Chourraut igerilekuan Distantzia Luzeko Euskal Herriko Txapelketa egingo da. Lehiaketa honetan infantilek 2.000 metro igeri egin beharko dute eta junior zein absolutuek, berriz, 3.000 metro. Azken distantzia honetan Nora Imaz lehiatuko da eta aurreko denboraldian lortutako podiuma eusten saiatuko da. Lehiaketa goizeko 9:45etan hasiko da.

Arratsaldeko jardunaldietan, infantil junior eta absolutuek Neguko Ligako 4. jardunaldian lehiatuko dute Hernanin. Proba egitaraua honakoa izango da: 800 librea, 50 librea, 100 bular, 100 bizkar, 200 librea, 100 lau estiloak, 50 tximeleta, 200 bular eta 4x100 lau estiloetako erreleboa. Jardunaldia arratsaldeko 16:00tan hasiko da.
 
Azkenik, benjamin eta alebinen taldeak XXI. Paco Sanchez Sarian lehiatuko dira. Txapelketa bi txandatan banatuko da: lehendabizi 2013an, 2012an eta 2011n jaiotakoak arituko dira 15:30etatik aurrera. Multzo honek estilo bakoitzeko 50 metroko edo lau estiloetako 100 metroetakoa probak izango ditu aukeran. Multzo honen ondoren lehiatuko dira 2010ean, 2009an eta 2008an jaiotakoak eta hauek bi proba izango dituzte aukeran; estilo bakoitzeko 100 metroko bat eta lau estiloko 200 metrokoaren artean hautatu beharko dituzte
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!