[Suizidioaren Prebentziorako Mundu Eguna]

Tabua biluzten: suizidioa

Mikel Arberas 2022ko ira. 10a, 11:07
Antony Gormley artista eta eskulturagile ingelesaren obra.

Osasun mentalari eta suizidioari buruz libreki hitz egiteko makina bat oztopo dira jendartean.  Hori kontuan hartuta gaia aztertu eta landu dugu; horretarako, Maddi Suarez psikologoarekin, Edurne Pasabanekin eta Itxaso Urbieta Bizirauneko kidearekin elkartu gara.

Mota guztietako gaiei buruz hitz egiten den urteetan, suizidioak tabu izaten jarraitzen du. Jendartearen zati handi batentzat gai konplexua eta deserosoa da, baina ezin uka daiteke errealitatearen isla dela. Hedabideetan, lagunartean edo ikastetxeetan ez hitz egiteak ez du arazoa desagerrarazten; estali besterik ez du egiten. Ez da erraza jendearekin suizidioaz eta depresioaz hitz egitea, beraz, askorentzat arinagoa da ez-entzunarena egitea. Hala ere, oso pausu motelean, baina bada gai hau mahaigaineratu duenik. Esaterako, azken hilabeteetan zer esan handia eman du Aitziber Garmendiak mutil-laguna zenaren suizidioaz hitz egin izanak edo Edurne Pasabanek 2005-2006. urteetan igaro zuen krisiaz behin baino gehiagotan jardun izanak. Horrez gain, zabalkunde handia eduki du Veronica Forque aktore ezagunaren heriotzak. Gauzak horrela, nabari da gai honekiko tabua alde batera uzteko ahalegina. Nabarmendu beharra dago, Munduko Osasun Erakundeak jakinarazi duenez, gaiari buruz hitz egitea onuragarria da eta ez du suizidiorako jarrera bultzatzen.

Baina zergatik da ezinbestekoa osasun mentalarekiko estigmatizazioa eta suizidioaren gaia mahaigaineratzea? Bada, zuzenki edo zeharka jendartearen zati handi bati eragiten diolako. 2020an 3.941 suizidio jazo ziren Espainian, 184 Euskal Autonomia Erkidegoan eta 42 Nafarroan. Maddi Suarez psikologo eta kriminologo andoaindarrak adierazi duenez, datu horien atzean zerbait gehiago dago: "Bere buruaz beste egiten duten pertsonen datuak benetan kezkagarriak dira, bai. Baina ez dute gizartearen gordintasuna osoki adierazten. Hau da, bere buruaz beste egin duen herritar bakoitzeko 20 saiakera izaten dira. Beraz, kalkuluak egingo bagenitu, Espainian 2020an 3.941 pertsonek egin zuten bere buruaz beste; beraz, ia 80.000 saiakera jazo ziren. Datu benetan beldurgarriak dira". 

Sistemaren porrota eta dekadentzia

Arestian aipatu bezala, suizidioen datuak oso altuak dira eta okerrera egingo dute. EAEn, pertsona batek egiten du bere buruaz beste bi egunean behin eta beste hainbatek saiakera. Hala ere, gizartean oharkabean igarotzen den gaia da. Trataera urria da eskoletan, osasungintzak ez du ahalbidetzen laguntza nahikoa eta instituzioen esku-hartzea ez da nabaritzen. Suarez psikologoak eta kriminologoak aitortu duenez, "estatistikoki gertagarria da taberna batean zaudela inguruko norbaitek suizidioan pentsatu edo bere buruaz beste egiteko intentzioa edukitzea. Sarritan, pertsona horrek ez daki bere sentimentuak nola kudeatu eta identifikatu. Gaiarekiko lanketa ezaren seinale". Ildo berari eutsi dio Itxaso Urbieta Bizirauneko kideak: "Pentsa ezazue zenbat jenderengan duen eragina gaiak, baina zenbatek egiten duten ez-ikusiarena. Gaiaz ez hitz egitean, indibidualismo kutsua ematen zaio berez kolektiboa den arazoari".

Depresioa al da suizidioaren erantzule bakarra?

Askotan, bere buruaz beste egiten duen pertsona depresioarekin erlazionatzen da zuzenean, baina, batzuetan, ez dago ageriko aurrekaririk. Hau da, depresioa suizidioarekin erlazionatzen den kausa nagusia da, baina badira tartean sartzen diren faktore asko; besteak beste, osasun mentalaren egoera, transtorno mentalak edota "detonanteak" delakoak. Hala azaldu du Suarezek: "Pertsona batek bere buruaz beste egiten duenean, prezipitante bat gertatzen da. Izan ere, normalean ez da arrazoi bakar batengatik suizidatzen. Atzean gauza gehiago egon ohi dira, zeinak, ikusezinak izan daitezkeen, hasiera batean. Adibide bat jartze aldera, pertsona bat bere etxetik kanporatua izatea izan daiteke detonantea, baina atzetik beste hainbat gauza egon daitezke, tartean, ez-egonkortasuna, laguntza sozial eza edota aurrera egiteko errekurtsorik ez edukitzea. Gertakari prezipitanteak lehergailuak eztandarazteko txispak direla esan genezake". Aipatutakoaz gain, eskizofrenia edo transtorno bipolarra arrisku handiko faktoretzat hartzen dira, beste batzuen artean.

Suizidioa triste egotearekin erlazionatzen da zuzenean, baina ez da arau sistematiko bat; kontuan eduki behar da pertsona horrek eduki ditzakeen aurrekariak eta prezipitanteak edota aurrekari klinikoak.

Datuen gordintasuna

INEko eta Euskal Estatistika Erakundeko datuek alarma gorria piztu dute jendartean, izan ere, Espainiako Estatuan suizidioak %3,7 igo dira eta gazteen heriotzen arrazoi nagusi bilakatu dira. Euskal Autonomia Erkidegoan, 2020. urtean, 184 pertsonek egin zuten bere buruaz beste, horietatik 139 gizonezkoak ziren. Hala ere, nabarmendu beharra dago, datu larrienak 40 eta 49 urte bitarteko pertsonengan ematen direla, EAEn. Hari horri tiraka, suizidioa Europako osasun arazo larrienatzat dute; bere buruaz beste egiten duen herritar bakoitzeko, beste 20 gauza bera egiten saiatzen dira.

Datuen gogortasuna eta gordintasuna handia den arren, Cristina Blanco EHUko soziologia irakasleak eta Aidatu Euskal Suizidologia Elkarteko eledunak argi adierazi zuen Berriari eskainitako elkarrizketan (2021-09-07), "datu horietan ikusi da aurreko urtean baino suizidio gehiago egon direla, bai, baina ez da daturik handiena (…) Ez dezagun begiratu zenbat dauden; datua ez da mitifikatu behar: garrantzitsuena da heriotza asko direla, eta asko eragotz zitezkeela". Horregatik, datu kezkagarria da Auzitegi Medikuntzako Institutu Nafarrak adierazitakoa: 2020an bere buruaz beste egin zuten herritarren %45 ez zen Osasun Mentalagatik artatua izan. Era berean, Itxaropen Telefonoko kontsultek %55 egin zuten gorantz 2020an. Horiek horrela, gaiaz hitz egiteko eta barrualdea hustutzeko joera handitzen ari da; esaterako, Euskal Irrati Telebistan aferari buruzko iragarkiak ugaritu egin dira. Gainera, aipatu beharra dago, 2019an Euskadiko Prebentzio Sistema jarri zela martxan.

Osasungintzaren eta hezkuntzaren gabezia

Edurne Pasabanek aipatu bezala, "buruko osasuna gorputzeko beste edozein atalena bezain garrantzitsua da edo hala izan beharko luke". Veronica Forque aktore ezagunaren kasua jendartean enpatia falta eta, agian, osasungintzaren hutsune garbia dagoenaren adierazle izan daiteke. Izan ere, hildakoak ezagunak direnean, herritarrak asaldatu egiten dira, baina ikusezinak diren kasuak ugari dira inguruan. 

Suarezek argi adierazi du psikologo eta psikiatra gehiagoren beharra dagoela: "Askotan esperientzia ezagatik eta psikologo faltagatik pazienteari pilulak errezetatu, eta hilabeteetara ematen diete profesionalarekin zita. Ederto, goazen egoera aztertzera. Pastillek ondo sentiarazten laguntzen zaituzte. Depresioa edukiz gero, antidepresiboak emango dizkizute eta hobeto sentituko zara, baina horrek ez du arazoa konponduko, denbora baterako neurria baita. Ez dio lagunduko emozioak kudeatzen. Horrez gain, adikzioa sortu diezaioke pazienteari, hortaz, arazo bat gehiago sortu dakioke. Hots, pilulek beste inoren laguntza behar ez izatearen segurtasun faltsua sor diezaioke. Hori guztia esan ostean, osasun mentala bermatzeko profesional gehiago behar dira". Pasabanek bat egin du Maddi Suarezek aipatutakoarekin: "Ez du balio triste zaudelako medikura joateak, pilula batzuk errezetatzeak eta bi hilabetera hitzartzeak psikiatrarekin. Bi hilabete horietan mila gauza pasa daitezke, tartean suizidioa".

Hezkuntzan ere hutsune handia sumatzen da. Mota guztietako prebentzio tailerrak eta hitzaldi interesgarriak antolatzen dira ikastetxeetan, baina arlo honetan gabezia handia antzematen da, alabaina gutxinaka problematika horri eusteko plataformak eta elkarteak ikastetxeetara bideratzen hasi dira, "beste kide batzuekin batera elkarte bat eratzen ari gara Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, Ez Zaude Bakarrik deiturikoa. Eskoletara hitzaldiak eraman nahi ditugu. Gainera, irakasleek eta gurasoek formakuntza bat jaso beharko luketela iruditzen zaigu, egoera zailei aurre egin eta detekzio lanak azkarrago egin ahal izateko. Oinarritik hasi behar da eta ikastetxeak busti behar ditugu" dio Pasabanek.

Biziraun elkartea

Familiako kideren baten suizidioak mindutako pertsonen elkartea da Biziraun. Suizidioagatik erasandako kideak laguntzea du xede, esperientzia eta baliabide pertsonalak tresna gisa erabilita. Horrez gain, suizidioaren prebentzioa sustatu nahi dute, etorkizunean jazo daitezkeen saiakerak ekiditeko eta gizarteari arazo errealaren gaineko ezagutza zabaltzeko. Itxaso Urbieta elkarteko batzordekidea da eta senitarteko bat galdu zuen orain urte batzuk atzera: "Izugarri lagundu dit antzeko kasu batetik igaro den pertsonekin hitz egiteak. Dolu-prozesuan babestuta sentitu naiz, ulertua. Niretzat eta beste askorentzat gotorleku izan da Biziraun elkartea". Hori guztia gutxi balitz, suizidioarekin lotutako erakundeekin eta profesionalekin elkarlanean aritzen dira. 

Laguntza kontaktuak

  • Larrialdietarako zenbakia: 112
  • Suizidioaren aurkako telefonoa: 717 003 717 
  • La Barandilla elkartea: 911 385 385
  • Betirako: 900 908 744
  • Osakidetzako aholkularitza: 900 203 050

Posta elektronikoak eta sare sozialak: 

  • info@aidatu.org, Facebook: aidatu.org eta Twitter: aidatu_
  • info@biziraun.org eta Facebook: Biziraun. 

Alternatibak bilatzeko garaia

Edurne Pasaban Mendizalea

Gizarteak une oro epaitzen du; depresioa duena edo bere buruaz beste egiten saiatu den hori markatua geratzen da ia bizi osorako, eta nahikoa da. Ez gara inora iritsiko jendarteak burua gorputzeko edozein atal bezain garrantzitsua dela ohartu arte. Sarritan aipatu dut bere buruaz beste egin edo saiatu den pertsona horrek ez duela hil nahi; zulo beltzetik irteteko aukera bakarra heriotza dela pentsatzen du. Pertsona horiek, barruan duten minari eta antsietateari amaiera eman nahi diote. Mundua ez dago prest normala beharko lukeen gaiari buruz hitz egiteko. 

Nanga Parbat, alpinistaren bizitzan inflexio puntu

Bi Edurne bereizko nituzke memento hartan, zulo beltzean sartu aurrekoa eta ondorengoa. Mendian denbora luze igaro nuen, ezinbesteko zerbait zen niretzat, eta, horregatik, ziurrenik, gizarteak markatzen duen erritmotik kanpo geratu nintzen. Hortaz, lagun ugari galdu ditut, eta, behar bada, bizitzaren memento batean beste gauza batzuk egiteko aukerarik gabe ere geratu naiz. Esaterako, nik amatasuna 43 urterekin ezagutu dut.

Esanak esan, 2005ean, bizitzan harturiko bidea zalantzan jartzen hasi nintzen. Etxean triste sumatzen ninduten. Baina non dago muga triste egotetik depresiorako bidean? 2006. urte hasieran benetan etsituta sentitzen nintzen eta gurasoei laguntza eskatzea erabaki nuen. Zentro batean ingresatu ninduten. Pozten naiz bide egokia hartu izanaz.

Nork bere bizitzaren liburua idatzi behar duela irakatsi dit mendiak.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!