Belabieta, Belkoain eta Buruntzako gurutzeak

Xabier Lasa, Jon Ander Ubeda 2022ko urt. 8a, 07:00
Buruntzako gurutzea eraitsita, abenduaren 18an ateratako argazkian.

Beterri-Aiztondoko hiru gurutzeak 1939an altxa zituzten, Frankoren aldekoak omentzeko helburuarekin.

Atzera begira jarrita, Amasako Belabietako gurutzea 1939ko maiatzaren 7an altxa zuten, Buruntzakoa abuztuaren 27an eta Belkoaingoa irailaren 24an. 

82 urte joan dira 1936ko Gerra amaitu zenetik, eta garai hartako hemerotekara jo behar da Buruntzako eta Belkoaingo bi gurutzeak andoaindarrek altxa zituztela jakiteko. "Eredu" bilakatu ziren, gainerakoentzat.

Sinbologia garrantzia handikoa izan ohi da horrelako egoeratan, eta 1939an garaipenaren ikurrak mendi gainetara eraman zituzten. Eta ez edozein modura. Oroituz Andoaingo memoria historikoaren aldeko taldeak, abenduaren 20an egin zuen idatzian, jende askoren ahotan geratu den zehaztapena egin zuen: "Hamar metroko gurutzea ez zuten tontorreko punturik garaienean jarri, baizik eta Buruntzaldeko herri guztietatik ikusgarriena egiten den tokian. Helburu bat baino gehiago zeukaten buruan egileek, sinbologia hori erabiltzerakoan. Alde batetik, beren hildakoei gorazarre egitea, esan bezala. Bestetik, argi eta garbi gera zedin nor zen irabazle eta nork agintzen zuen lur horietan". Eta gurutzean bertan ipinitako plakan hamarkada luzez honakoa irakur zitekeen: "Cruzados de la fe y la patria/Vuestra Santa Memoria/consagra el pueblo de Andoain/Esperanza de nuestra redención/1936-1939". Plaka hura kendu zuten, baina gurutzeak bere horretan jarraitzen zuen.

Francoren aldekoek gerra irabazi bazuten, Beterri-Aiztondoko errepublikazaleek galera bikoitza izan zuten: gerra eta bakea, biak galdu zituzten. 

 

Denborarekin ahaztu egin da gurutzea jarri izanaren arrazoia. Buruntzako eraisketa gertatu arte inork gutxik zekien zein zen gurutzearen atzean zegoen historia. Antzekoa esan daiteke Adunako eta Amasako gurutzeei dagokienez. Kalean, gizarte zabalean, ahanzturak hartutako errealitate hori lehen lerrora itzuli da bat-batean. 

_______________

Buruntza, "Hiltzaileak" liburuan

Martin Ugaldek 1960ko hamarkadan argitaratu zuen lehen ipuin-bilduma, "Hiltzaileak" izenekoa. Azaroaren 19ko hamaboskarian "Gizaerailtza" argitaratu zen, ilustrazio berriekin aberastuta. Ipuin horretan agertzen den Buruntza mendia, 1936koa, gurutzerik gabeko mendia da. Hona pasartea, protagonista Hernani aldetik Buruntzara begira jarrita zegoela: "Nire izebaren etxetik, Hernanin (Perkaiztegi kalean, Portu aldera begira dagoen etxe bat), Buruntza garbi-garbi ageri da.

Ixebari zituen itsas kataleju zahar batzuk eskatu eta balkoitik mendi puntara begira egon zen luzaroan.

–Ez duk ezer ageri; oraindik han zeudek gureak... hemendik ageri ez den goibehera batean zeudek.

Atsalde osoa mendi gailurrera begira egon nintzen. Eta hor, eguzkia mendi tontorrean luzatzen hasi zen garaian, ikurrin bat heldu zen gain-gainera; ikurrin gorri-hori bat!".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!