Covid19 | Datuak egunez egun

ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGTk manifestazioak deitu dituzte urtarrilaren 23an EAEko hiriburuetan, Osakidetzaren egoera larria salatzeko

Lehen mailako arretak kolapso egoeran jarraitzen du, pandemiaren aurreko egitura gabeziak direla eta. COVID protokoloetan egindako azken aldaketek egoera horren ondorio dira.

Urtarrilaren 23an Osakidetzako langileak eta biztanleria kalera aterako dira SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, lehen mailako arretak duen kolapso egoera eta ospitaletako arretaren gainkarga salatzeko eta egoera horri aurre egiteko berehalako neurriak eskatzeko. Horretarako, manifestazioak egingo dira eguerdian Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Gogora dezagun abenduaren 22an kontzentrazioak egin zirela Osakidetzako oinarrizko osasun zentroetako egoera jasanezina salatzeko. Hala ere, egoerak okerrera egin du. Plantillen eskasia hain da nabarmena, ezen Osakidetzak, besteak beste, autotest COVID neurriak ezarri dituen, hau da, paziente bakoitzak bere lagina jaso dezala, horiek jasotzeko langile nahikorik ez dagoen heinean.

Zoritxarrez, egoera hori ez da pandemiaren ondorio. Gaur egungo osasun krisiak are gehiago larriagotu du pandemiaren aurreko egoera estruktural bat. 2019an, lehen arretako langileek hiru greba egun egin zituzten orduan bizi zen egoeraren larritasuna salatzeko. Gaur egun, bi urte geroago, okerrera egin du egoerak.

Kolektiboaren lan baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien arreta kalitatea areago prekarizatzeaz gain, pandemia aitzakia bihurtu da Osakidetzak murrizketak aplikatu eta pazienteak osasun publikora iristea zailtzeko. Horrekin guztiarekin batera, plangintzarik eza, errefortzurik eza eta inbertsiorik eza eta pandemiaren kudeaketak eragindako lan kargaren igoera esponentziala direla eta, lehen arreta soken kontra jarri du. Lehen arreta eraisteko programatutako estrategiak aurrera jarraitzen du, eta Osakidetzak COVID 19a erabiltzen jarraitzen du egiturazko defizita estaltzeko.

Horrela bakarrik ulertzen da, lehen olatutik ia bi urtera, seigarren olatuari baliabiderik, antolakuntzarik eta plangintzarik gabe aurre egitea; duela bi hilabete eskas Osakidetzak 4.000 profesional alde batera uztea erabaki izana; duela egun batzuk egoiliarrei doan lan egitea eskatzen ari izatea; plantillaren behin-behinekotasun-tasa % 60koa izatea; txertaketa- eta miaketa-ekipoak desegin izana; bajak, oporrak eta bestelako absentziak ez ordezkatzea; kutsatzeak gora doazenean, lehen arretako zentroen ordutegiak murriztea erabaki izana; eta abar luze bat.

Ospitaleko arreta ere ez da egiturazko arazo horietatik libratzen. ZIUak gero eta tentsionatuago daude; lan-kargak nekagarriak dira; plantillaren eskasia eta langileen txandakatze handia ere nekagarriak dira. Egoera horren isla ona dira larrialdi-zerbitzuak, lehen arretaren kolapsoaren ondorioz lan-karga nabarmen handitu baita.

Egoera kezkagarria izan arren, Eusko Jaurlaritzak ez du urratsik egin aipatutako arazo larriak konpontzeko. 2022rako aurrekontuak osasun arloko inbertsio bat aurreikusten du, 2021ean benetan gastatutakoa baino 16 milioi euro gutxiago gastatzea ekarriko duena.

Premiazkoa da Osakidetzaren aurrekontua handitzea EBko batez bestekora iritsi arte (BPGren %7), horren % 25 lehen arretara bideratuz; plantillak berehala indartzea eta giza baliabide nahikoz hornitzea kategoria guztietan, milaka plaza sortuz aldi baterako milaka langile finkatzeko, gehiegizko aldi baterako kontratazioarekin amaitzeko eta lan-kargak arrazionalizatzeko; gainera, premiazkoa da lehen egunetik absentzia guztiak ordezkatzea; azken batean, osasun publikoa eta, bereziki, lehen arreta lehenestera eta indartzera bideratutako estrategia bat, hamarkada bat baino gehiago daramatzan desegite programatuarekin alderatuta.

Egoera hori salatzeko eta benetako eta berehalako irtenbideak eskatzeko, ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek datorren igandean, urtarrilak 23, 12:00etan manifestazioak deitu dituzte EAEko hiriburuetan.

Honako lekuetatik hasita:

  • Donostia: Bulebarretik.
  • Bilbo: Jesusen Bihotzetik.
  • Gasteiz: Andre Maria Zuriaren plazatik.

Mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa da. Horregatik, Osakidetzako langileez gain, sindikatuek dei egiten diete herritarrei, bai eta mugimendu sozial eta kolektiboei ere. Osasun publikoa bizi aseguru kolektiboa dugu eta, zalantzarik gabe, defendatu behar dugu. Horregatik, egoera aldatzeko pausorik ematen ez bada, mobilizazioak areagotu egingo ditugu.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!