Tuteran eraildako emakumearen aldeko elkarteratzea

Irune Alfonso 2022ko urt. 12a, 19:55

Akain Talde Feministak, Lurgatz Talde feministak eta Aiztondoko mugimendu feministak deituta elkarteratzea egin dute arratsaldeko 19:00tan Zizurkil eta Villabona batzen dituen oinezkoen zubian. 

Mugimendu feministak helarazi duen komunikatua: 

Zorigaiztokoa baina astelehenean beste erailketa bat jaso zen Tuteran, Nafarroan. Honekin, 2003tik 113 izan dira eraildakoak. Euskal Herrian erailketa bat dagoen bakoitzean, hemen elkartuko garela aipatua dugu, indarkeria matxistarik gabeko Aiztondo bailara bat nahi dugulako, eraso sexistak onartzen ez dituen bailara batean bizi nahi dugulako.

Bai Akainek, bai Lurgatzek, baita Aiztondoko Mugimendu feministak ere beste behin salatu nahi dugu biolentzia matxistaren pandemiak mendeak daramatzala gure mundu honetan. Inor ez da arduratzen berataz baina gizartearen erdiari eragiten digu zuzenean eta ozen salatuko dugu ez gaudela prest gaitz hau gehiago jasateko. Feminismoa da daukagun antidoto bakarra eta gizarte guztian zabaltzen saiatuko gara.

Bizi dugun osasun krisi honetan biltzeko eta harremantzeko inoiz baino oztopo gehiago ditugu. Hala era, mugimendu feministatik badakigu zaintza sareak ezinbestekoak direla indarkeria sexistari aurre egiteko, modu berriak bilatu behar izan ditugu harremanak zaintzeko, baina inoiz ez dugu indarkeriaren aurka borroka egiteko indarra galdu.

Aurten ere ozen esango dugu nazkatuta gaudela erasotuak eta erailak izateaz! Indarkeria sexistari aurre egiteko lehen mailako arazo politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu. Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu.

Honekin batera autodefentsa feministarako deia egiten dugu, gure bizitzak direlako jokoan daudenak eta bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugulako. Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte GORA BORROKA FEMINISTA!

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!