Ekitaldiaren hasieratik ordezkari bakoitza eseri den tokiari erreparatuta, bi bloke nagusi daudela antzeman da. Alde batetik, PSE-EEk eta EAJ-PNVk osaturikoa. Eta, beste aldetik, EH Bildukoa. Diferentzia horiek argi geratu dira ondorengo adierazpenetan. Boto ponderatua edo kualitatiboa erabili dute gaurkoan, eta sistema horren arabera bi kargu nagusiak sozialisten eta jeltzaleen artean banatu dira. EH Bildu kanpo geratu da, nahiz eta eskualdean boto gehien duen alderdia izan.
Adierazpenetan, mankomunitatea sortzearekin ados eta pozik agertu dira guztiak. Horretan ez da ezberdintasunik izan. Ñabardurak sortu dira, ordea, argudioak ematen hasi direnean. Hernaniko alkate Xabier Lertxundik EH Bildu aginte-postuetatik kanpo uzteko jokabidea aurpegiratu die beste bi alderdiei. Eskualdean EH Bilduk duen gehiengoa, eta orain arteko prozesuan EH Bilduk izan duen jarrera eraikitzailea argudio bezala erabili ditu. Marijose Izagirrek ez du bat egin hausnarketa horrekin eta “polemikak alde batera utzita, guztion erronka” gauzatu delako pozik agertu da. Aurrera begira, “akordioak lortzeko garaia orain hasiko da” adierazi du.
Hauxe izango da lehen gobernu batzordearen osaketa:
- Marijose Izagirre, lehendakaria (Andoaingo alkate-ordea. EAJ-PNV).
- Nuria Fernandez, lehendakari-ordea (Lasarte-Oriako zinegotzia. PSE-EE).
- Xabier Lertxundi, batzordekidea (Hernaniko alkatea. EH Bildu).
- Jorge Segurado, batzordekidea (Urnietako alkatea. EAJ-PNV).
- Xabier Urdangarin, batzordekidea (Astigarragako alkatea. EH Bildu).
- Beñat Larrañaga, batzordekidea (Usurbilgo zinegotzia. EH Bildu).
Bitxikeria modura, gaurkoan Jorge Segurado Urnietako alkatearen ordez Luke Goñi zinegotzia bertaratu da Hernanira. Bideoan Xabier Lertxundi Hernaniko alkatearen, Marijose Izagirre Andoaingo alkate-ordearen eta Maider Lainez Andoaingo alkatearen adierazpenak bilduta.