"Herritarren ezinegona azalerazi nahi dugu, eta zenbat eta sinadura gehiago lortu hobe"

Jon Ander Ubeda 2022ko urt. 23a, 08:00

Julen Lorenzo andoaindarra.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak uztailean autobus zerbitzuen emakida berria martxan jarri zuen, eta horrek eskualdeko hainbat erabiltzaileren protesta eragin du. Andoainen ekimena abiarazi dute, sinadurak lortzeko. Julen Lorenzo andoaindarrari elkarrizketa.

Uztailean bus zerbitzua berritu zuen Foru Aldundiak eta kexa ugari sortu dira geroztik. Andoainen ekimena abiarazi duzue, sinadurak eskatuz. Gabezia edo galera ezberdinen artean bus zerbitzuen maiztasuna jaitsi da. Eta hori berrezartzea nahiko zenukete.

Maiztasunari dagokionez aldaketa handia eman da, eta jende askoren kexa nagusia hori izan da. Maiztasuna jaitsi da asko, bereziki Sorabilla-Karrika-Zumea-Ondarreta eremuan bizi direnentzat. Maiztasunaz gain, ordutegiak asko aldatu dira eta orain arte barneratuta genuen logika modukoa goitik behera erori da.

Jende askorekin hitz egin duzu, jendaurrean aurkeztu duzun txostenean jaso duzunez. Galera pairatu duten horiek zein alternatiba bilatu dute: goizago lanera joatea? Ibilgailua hartzea? Ala busaren ordez trena hartzea?

Zenbait kasutan lanera joateko aurreko autobusa hartu behar izaten dute. Ibilbidearen arabera, beste batzuk autobusa utzi eta trena aukeratu dute. Eta beste batzuk, bestalde, garraio publikoa baztertu eta ibilgailu partikularraren aldeko apustua egin behar izan dute.

Ibilbideak ez dituztela "zentzuz" egokitu diozu. Zer esan nahi duzu horrekin?

Ez dute herritarrekin kontatu. Jendeari ez zaio galdetu ibilbide, ordutegi eta maiztasun berriak ezarri aurretik. Bulegoetan egin dute, eta horrela atera da emakida berria.

Zehaztu dezakezu zentzurik ez duen kasuren bat?

15:05etan Donostiatik Andoaingo bidean bi autobus irteten dira. Biak ordu berean, segidan. Askatasunaren etorbidetik irteten dira, eta bat Sorabillaraino iristen da eta bestea Tolosaraino doa. Biek Andoainera bitarte ibilbide berdina egiten dute.

Ez diot zentzurik aurkitzen horri, egia esan.

Erakargarritasun falta aipatu duzue txostenean. Garai batean buruan genuen erabiltzaile gehienok busa zein ordutan igarotzen zen Andoaindik. Hori galdu egin da, uztailean sartu den ordutegi berriarekin.

Goikoplazatik irteten ziren autobusak hamabost minuturo irteten zirela bagenekien, eta Donostiako erdigunera joateko orduerdiro. Emakida berriarekin antzeko geratu da, ez guztiz.

Antiguatik Andoaingo behekaldera iristen zen autobusa hamabost minuturo irteten zen, astelehenetik larunbatera. Orain, normalean, orduko bi autobus igarotzen dira. 30 minuturo. Beraz, murrizketa nahiko nabarmena izan da.

Alternatiba modura, kasu batzuetan bi alternatiba aurkezten dituzue. Bigarren alternatiba hori ulertzen dugu anbizio handiago izateko eskaera modukoa dela. Andoain-Lasarte ibilbidea indartzea aldarrikatzen duzue, trenaren alternatibarik ez dagoelako.

Lehenengo alternatiban, oro har, garai bateko funtzionamendura itzultzea eskatzen da. Garai batean Lasartetik 4 autobus igarotzen ziren orduro. Hori berreskuratzea proposatzen da. Amaratik datozen autobusen kasuan, ordutegia ez da batere erregularra eta hori erabiltzaileek barneratzea kosta egiten da. 

Ospitalera eta gaueko zerbitzua egiten dutenen kasuan Andoaingo udalerri osoa kontutan hartzea eskatzen duzue. Ez dadila irteera Goikoplazan izan, baizik eta Sorabillan. Hartara udalerri osoko biztanleentzat gertukoa eta erosoa izatea lortuko litzateke.

Auzotar askoren aspaldiko eskaera da hori. Herrikide askok behekaldetik hastea eskatzen dute, eta modu horretan bizilagun askori zerbitzu hori gerturatu egiten diozu.

Andoaingo periferiako auzotarrak kaltetuta daudela esan genezake?

Bai, gainera batzutan gauza bitxia gertatzen da. Bereziki Antiguatik igarotzen den BU03 eta Amaratik igarotzen den BU04 autobusekin. Berez, Sorabillatik abiatzen dira. Baina frogatu ahal izan dut batzuetan ez direla Sorabillatik abiatzen. Ordu horretarako iragarrita zegoen autobusa ez da igaro, eta bertan dagoen bidaiariak ordubete itxaron behar du.

Zer dela eta?

Beste zentzuan egin duten ibilbidea amaitzean, gidari askok autobusa Ubiluts industrigunera eramaten dute. Han geratzen dira. Eta Sorabillatik berrekin beharrean, zuzenean Karrikatik hasten dira.

Baina hori maiztasunez gertatzen ari da?

Niri hiru bider gertatu zait. Probatu dudan lau aldietatik, hirutan. Sorabillarekin gertatzen dena oso bitxia da. Askotan Donostiatik etortzean, Mendiola parean uzten zaitu gidariak. Baina berez Sorabillako geltokiraino joan behar zaitu autobusak.

Sinadura bilketari ekin diozue. Helburu zehatzik baduzue?

Zenbaki zehatzik ez dugu. Herritarren ezinegona azalerazi nahi dugu, eta zenbat eta sinadura gehiago lortu hobe. Jendeak egoera kezkaz bizi duela erakutsi nahi dugu. Bildutakoa Gipuzkoako Foru Aldundiari helaraziko zaizkio. Sinadurez gain, proposamenak aurkeztuko dizkiegu.

Ehundaka batzuk lortu nahiko genituzke. Urtarrilaren 29ra bitarte lortu nahi ditugu, eta sinadura emateko aukera udalerri osoan zehar egongo da.

 

____________________

Renferekiko kexak

Amasa-Villabonako Udalak zerbitzuaren kalitatea berreskuratzeko berehalako neurriak hartzea eskatzen dio RENFEri eta garraio publiko honen ardura duen Gobernu Delegaritzari. Obrak direla eta zerbitzuan murrizketak eta aldaketak egotea saihestezina bada, erabiltzaileei, gutxienez garaiz eta modu argian informatzea eskatzen du udalak, ahalik eta kalte txikiena eragiteko. Erabiltzaile askoren kexa bere gain hartu du, modu horretan. Ohar bidez zabaldu duten adierazpenaren arabera, "Udala herriko hainbat erabiltzailerekin harremanetan jarri ondoren, egiaztatu du batez ere azken hilabeteotan trenen ordutegiak ez direla betetzen ari eta atzerapenak gero eta gehiago ematen direla. Atzerapen horiek, askotan hamar minutukoak izaten dira, baina kasu batzuetan hamabost edo hogei minutukoak ere izaten dira. Gainera, zenbaitetan zerbitzuak bertan behera geratzen dira".

Amasa-Villabonako Udalak zerbitzuaren kalitatea berreskuratzeko berehalako neurriak hartzea eskatzen dio RENFEri eta garraio publiko honen ardura duen Gobernu Delegaritzari.

Eguzki taldearen kritika

Udalaren oharraren bezperan, Eguzki talde ekologistak Aiurri bidez zabaldu zuen gutunak zabalkunde handia izan zuen: "RENFEren aldiriko trenen Orialdeko erabiltzaileok 2021a zerbitzua hondoa jo zueneko urtearekin gogoratuko dugu. Batez ere azken hiru hilabeteotan oso ohikoa da trenak garaiz ez iristea. Atzerapenak sarri hamar minutukoak izaten dira, baina hamabost edo hogei minutukoak ere ez dira arraroak. Batzuetan, zerbitzuak bertan behera gelditzen dira. Horren ondorioz, atzerapenak areagotzeaz gain, bi zerbitzuen erabiltzaileok bakar batean metatzen gara. Egunotan ikusi ahal izan ditugun irudiak ez dira eredugarriak, ez, ditxosozko birusaren kutsadura-arriskua saihesteko".

Aldiriko tren-zerbitzuak Gipuzkoan izan duen kalitate-galeraren gainean azalpenak eskatu dizkiote Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkariari.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!