Txillardegi eta Donostia kosmopolita

Xabier Lasa 2022ko urt. 29a, 07:00

Jose Luis Alvarez Enparantzak, Txillardegik, euskara eta euskal kultura sustatu nahian, hizkuntzalaritzan, soziolinguistikan eta literaturan egindako lanak merezimenduak badituela pentsatuta, bere jaioterriko makina bat euskal idazlek manifestu bat jarri zuten abian haren heriotzaren ostean. Alderdi Ederreko Liburutegiari bere izena ipintzeko eskatu zuten. Koldo Mitxelenak eta Carlos Santamariak Donostian kultur-gune propioak dauzkaten bezala.

Hamarkada igaro da bere heriotzaz geroztik, eta entzungor jarraitzen dute Donostian agintzen duten alderdiek. Are gehiago, biziberritu egin dituzte izendapenaren aurkako argudioak, bere heriotzaren urteurrenarekin batera.

Planteatzen diren aurkako arrazoien atzean zer dagoen susmatzeko, hipotesi ugari landu ditzakegu: memoria historiko euskaltzalearekiko eta antifrankistarekiko ezjakintasuna; euskara noranahi eta noiznahi zabaltzeko euskalgintzak frankismoan zein geroztik egindako lanarekiko ezjakintasuna (edo, jakin arren gutxiesteko gogoa); biolentziaren gaineko etika neurtzeko makila bikoitzaren erabilera; maltzurkeria politikoa...

Arrazoi izan liteke horietako bat, izan liteke bi edo gehiagoren konbinazioa, edo guztiak batera. Edo izan liteke, besterik gabe, merezimenduak onartzea bai, baina Donostiako bihotz-bihotzean kokatzen den liburutegi bati Txillardegiren izena jarriz gero, horrek eragingo lukeen eszenategia irudikatze hutsak, kakalarria sortzea. Alegia, “Bibiloteca en pleno San Sebastián dedicada al fundador de la banda terrorista ETA autora de más de 800 asesinatos” titular interesatuak atzetik ekarriko lukeen presio mediatiko eta politikoari eta biktima batzuen lobbyari aurre egiteko ausardiarik, gogorik, gaitasun politikorik ez edukitzea.

Txillardegi ETAren sortzaileetako bat izatea aitortzarako arazo dela berretsi du Eneko Goia alkateak egunotan. Baina Txillardegiren biografian pittin bat sakontzea nahikoa da arrazoi hori indargabetzeko. Egia da 50eko hamarkadan, Antiguako semeak eta beste zenbait ikaslek Ekin talde independentista eratu zutela Bilbon. Euskal gaztedia heztea eta kontzientziatzea (Euskal Herriaren hizkuntza, historia, ohiturak…) eta frankismoaren aurkako borroka klandestinorako prestatzea izan zen beren helburua. Arian-arian, 1959an, ETA erakunde politiko-militarra sortu zen; bere militanteek ahal zuten lekuetan ikurriñak ipini, plaka frankistak txikitu, pintadak egin eta antzeko ekintzak burutu zituzten lehenengo urteetan.

Txillardegik 1967an ETA utzi zuen, zuzendaritzarekin desadostasunak zirela medio. Eta handik urte betera, ETAk helburuak lortzeko pertsonak erailtzea zilegia zela erabaki zuen; horrela, Meliton Manzanas komisario torturatzailea erail zuen. Horixe izan zen aurrez pentsatutako bere lehen atentatu hilgarria; bi hilabete lehenago, Jose Antonio Pardines guardia zibila eta Txabi Etxeberrieta ETAkidea hilik suertatu ziren kontrol batean, Tolosan.

Horrenbestez, esan daiteke oker handirik gabe, Donostian gobernatzen duten bi alderdietan, edo beren ingurune ideologikoan, badagoela jendea –eta ez bat ezta bi–, Txillardegik baino erantzukizun handiagoa daukana ETAk 1968tik aurrera sortu zuen historia odoltsua gerta zedin. Portzierto, ariketa argigarria izan daiteke zerrendatzea 1968az geroztik ETAn zenbait urtetan militatu, eta geroztik, Jaurlaritzan agintzen dutenen orbitan amaitu duten euskal herritarrak. 

Azken batean, non dago aldea Txillardegiren eta beste herritarren artean? Bada, desberdina izan dela batak eta besteek azken hamarkadetan egindako eboluzio politikoa. Alegia, Txillardegik ez zuela bidaiatu agintea daukaten horien posizioetara, beste zenbaitek bezala, eta, beraz, nonbait, ez zuela bakearen aldeko bide zuzenetik jardun, Jose Ignacio Asensio PSEko kideak esan berri duen eran (“Bakearen ideiaren aurkako profil nabarmena izan zuen”).

Txillardegi aitortzearen aurka egotearen haritik, Noticias de Gipuzkoa egunkariak urtarrilaren 23ko editorialean, gaztelaniaz, pauso bat harantzago eman zuen Txillardegiren aldeko eskaera definitzeko orduan: “Kontakizun birtuala eta faltsua, biktimei mina eta gizarteari frustrazioa eransten dizkiona”.

Hots, Txillardegik euskara batuaren, euskal kulturaren, euskal literatura modernoaren eta abarren alde egindako ahalegin guztia ukatzeaz gain, hori aldarrikatzeak “Biktimei mina eragitea” ekar dezake…

Biktimen sentimenduen interpretatzaile profesionalak halako dogma ukiezinarekin plazaratzen direnean, akabo debatea!

Donostia, kosmopolita

Landa-eremuan bizi garenok Ibaetako unibertsitate inguru horretan autoa utzi eta oinez Antigua auzora, Ondarretako hondartzara edo zentrora abiatzen garenean, kaleetako hormetan erreparatzen hasten bagara, hor irakurriko ditugu kale eta plazen izenak, zein baino zein “kosmopolitagoak”: Alfontso XIII. Plaza, Juan Infantearen kalea, Kristina Infantaren kalea, Beatriz Infantaren kalea, Jaime Infantearen kalea… Geure buruari galdetuko diogu agudo asko “Nora etorri naiz? Zein hiri klase da hau, herriaren ongizateari bizkar emanez bizi izan den, eta bizitzen segitzen duen instituzio monarkiko anakroniko, ez-demokratiko eta parasitarioko kideak goratzen dituena?”. Mundura zabaldutako hiri kosmopolita saltzen zaigun hori, alajaina, bai kosmopaletoa! Donostiako beste hainbat auzotara joanda, zentro aldera batik bat, antzeko sentsazioa sentituko dugu.

Hiri edo herri bateko kale izendegia ez da huskeria. Bertan bizi den giza taldearen memoria historikoa azaleratzen du, zenbat (eta zenbat ez) estimatzen dituen bere herriko seme-alabak eta horiek protagonizatu dituzten gertakizunak, istorioak…  Alde horretatik, Donostia, Gipuzkoan dagoen herri edo hiririk karkana, kontserbadoreena, elitistena, boteredunekiko menpekoena, eta, bere kulturaren eta ongizatearen alde benetan jardun dutenekin esker-txarrekoena dugu.

Donostiako kale izendegia inork ez bezala aztertu duen Josu Tellabide etnologoak idatzi –eta salatu– izan du behin baino gehiagotan, besteak beste, jende burgesak, aristokratek, negozio-gizonek… agindu izan dutela Donostian (eta agintzen segitzen dutela hein batean), eta beraiek nahi izan dituztenak goratu dituztela kale izendegien eskutik.

Tellabidek Berria egunkarian 2016/08/26an idatzitako artikulutik, hona pasarte bat: “XIX. mendearen bukaeratik, XX. mendearen hasierara arte, euskara zen nagusi, eta herritarren hizkuntza bakarra. Donostiako burgesek bakarrik erabiltzen zuten gaztelania. Haiek, garai hartan, orain bezalaxe herritarren hizkuntza gutxiesten zuten. Orduan erabaki zen kale berri gehienetan erreginen, militarren, kolonizatzaileen edo espekulatzaileen izenak jartzea: Okendo, Marques de Salamanca, Jose Gros espekulatzailearen auzo izena, General Etxague, Avenida de la Reina, Reina Regente… (…) Geroztik, 1990. urte aldera, Udalak irizpide onarekin erabaki zuen bertako izenak, baserri izenak eta toponimia errespetatuko zela, baita hiriarekin lotura duten kultura pertsonaiak, emakumeak lehenetsiz, jarri behar zirela ere. Gaur Udaleko talde politikoak erabaki hau partzialki betetzen du, tartean sartuz eta inposatuz euren gustuko edo ideologiako izenak”.

Tellabidek aipatzen duen sektarismo politikoaren adibide esanguratsuetako bat demokraziako azken urteetan eskaini zaigu: Antigua auzoan, Txillardegi jauregia egon zen plazari, “Gaskonia plaza” izena jarri diote ez aspaldi. Kale izendegia ezartzerakoan bertako toponimia egonez gero, bera errespetatzea izaten da irizpide egokiena. Baina kasu horretan, ez zuten horrela jokatu nahi izan udal agintariek. Txillardegi hitzak belarrian min ematen zien, nonbait. Bada, plaza horretantxe egin ohi dira Txillardegiren izena eta izana gogoratzeko omenaldiak, urtarrilero.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!