ELOGE zigilu europarra lortu dute Andoainek eta Urnietak

Aiurri 2022ko urt. 27a, 07:05

Ezkerretik hasita, bigarrena Agurtzane Mercader Urnietako zinegotzia eta hirugarrena Maider Lainez alkatea.

EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak eta Europako Kontseiluak ematen duten 2021eko Gobernantzako Bikaintasunaren Europako Zigilua lortu dute bi udalerriek. Aurreko astean aitortza-ekitaldia egin zuten Bilbon, eta bertan izan ziren bi udaletako ordezkariak.

Zigiluak tokiko gobernuen kalifikazio gorena egiaztatzen du, gobernu onaren, kalitatearen eta berrikuntza demokratikoaren 12 printzipioren arabera. Aitortza jaso ahal izateko hainbat atal aztertu dituzte: administrazio-izapideak, kontratazio-prozedurak, finantza- eta aurrekontu-kudeaketa, hautetsien jokabide etikoa, herritarrek parte hartzeko kanal edo organoak, gardentasun eta berrikuntza publikorako tresnak, eta giza eskubideen sustapena, berdintasuna, aniztasuna, inklusioa eta gizarte-kohesioa.

Urnietako Udalaren izenean Agurtzane Mercader zinegotziak hitza hartu zuen: “Sari honek erakusten du Udalak egunero egiten duen lan guztia erakunde hurbila, arina, eraginkorra, gardena, parte-hartzailea eta etorkizunera begira dagoena izaten saiatzeko, aurkezten diren erronkei modurik egokienean aurre egiteko. Helburu nagusia herritarren beharrei eta itxaropenei erantzutea eta Urnieta guztion artean eraikitzen jarraitzea da. Era berean ez dugu erlaxatu behar bereizgarri hori lortzearekin, izan ere, garrantzitsuena da modu berean lan egiten jarraitzea, gure gobernagarritasun-maila onari eusteko”. Urnietako Udalak zabaldu duen oharrean zehaztu dutenez, Mercaderrek esker oneko hitzak izan zituen Udaleko langileentzat, "egiten duten lan bikaina goraipatuz eta sari hau horren isla dela" adieraziz.

Andoaingo Udalaren izenean, Maider Lainez alkateak ere balioan jarri zuen Udal langileen ekarpena:  "Erronka bat da proiektuaren bidez ahuleziak edo hobetzeko puntuak antzeman ditugulako, baina, era berean, gure indarguneak ezagutzeko aukera eman digulako, batzuetan ez baikara haietaz jabetzen. Eta aukera bat da, ezagutza horri esker, hobetzeko arloak martxan jarri ahal izango ditugulako. Abiapuntu ezin hobea da, herritarrekiko tratu, zerbitzu eta komunikazio hobea ekarriko duen metodologia ezartzeko, horiek baitira Udal honentzako funtsezko helburuak”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!