"Sufritzen ari dira Selekzioko elastikoa janzteari uko egin dioten korrikalariak"

Xabier Lasa eta Mikel Arberas 2022ko ots. 6a, 08:00

Unai Ugartemendia andoaindarra EMFren mendi-lasterketetako komunikazio arloaz arduratu zen, iaz arte.

Unai Ugartemendia Mendi Federazioko komunikazio arduradun ohiak gertutik bizi du Euskal Mendi Federazioaren eta mendi-lasterketen saileko hamazortzi korrikalarien artean gertatu den haustura prozesua.

Andoaindarrak Euskal Mendi Federazioaren komunikazio arloan jardun zuen lanean, zuzendaritza berriak ardura horretatik kendu zuen arte. Oraindik orain, harreman estua izaten jarraitu du korrikalariekin.

Laburki, azal zenezake zergatik erabaki zuten mendiko korrikalariek Euskal Selekzioaren elastikoa gehiago ez janztea?

Iazko martxoan, EMFko zuzendaritzan sartu zen giza-talde berriak zenbait erabaki desegoki hartu zituen hasieratik, eta, abenduan, Gaizka Barañano eta Asier Arregi bi hautatzaileekin bilera egin zuen. Bi horiek martxoaz geroztik koordinazio eta ardura falta handia sumatu zutenez, proposamenez osatutako idatzi bat egin zuten zuzendaritzaren eta mendi korrikalarien taldearen arteko funtzionamendua hobetze aldera, eta bilera horretan aurkezteko asmotan. Kontua da, idatziaren edukia mahai gainean jartzeko denborarik eduki gabe, kaleratu egingo zituztela jakinarazi zietela, Euskal Selekzioak ordura arte erakutsi omen zituen ideiekin eta gauzak egiteko moduarekin bat ez zetozela argudiatuz. 

Bileratik irten, eta taldeko whatsappean gertatutakoa azaldu zuten bi hautatzaileek. Bada, gainezka egin zuen korrikalari-talde horren ezinegonak. 18 korrikalariek banaka-banaka elastikoa jartzeari uko egingo ziotela adierazi zuten, elkartasunezko keinu gisa, eta hori guztia ordubetean. “Taldean ez bazaudete, elastikoa janzteari utziko diot", izan zen esaldirik errepikatuena. Eta honako datu hau gaineratuko nuke: ofizialki elastikoa ez janztea erabaki dutenak eliteko 18 horiek izan arren, beste hainbat korrikalarik eurekin bat egin dute. 

Haserrea eta haustura agiri publiko baten bidez jakinarazi zuten korrikalariek, eta izugarrizko oihartzuna eduki zuen; hautsak ederki harrotuko zituen. Komunikabideetatik dei ugari jaso zituzten; sare sozialak, sutan eta haserrea nonahi hurrengo egunetan.

Seguruenik, Zigor Egia EMFko lehendakariak ez zuen esperoko horrelako erreakziorik piztuko zenik. 

Hautatzaileak kargutik kentzeak nahastu ditu bazterrak orain, baina aurreko hilabeteetan zuri antzekoa gertatu zitzaizun, selekzioko prentsako langileetako bat zinela...

Bai, hala da. Ekaitz Anda lankidea eta biok aritzen ginen komunikazio arloan. Urteak igaro genituen lanean Euskal Selekzioan prentsa idatzian, sare sozialetan eta ikus-entzunezko hedabideetan merezi zuen tokia eduki zezan. Umiltasunez esan dezaket zerbait lortu genuela. Hala eta guztiz ere, gaur gaurkoz, ulertzen ez ditudan arrazoiengatik, kaleratuak izan ginen hainbat kide. 

Zuzendaritzara heldu eta bolada labur bat har zezaketen, prentsaren funtzionamendua nolakoa zen aztertzeko, eta horren arabera jokatzeko. Zoritxarrez, erabakiak itsu-itsuan eta di-da batean hartzen hasi ziren. Era horretan, Ekaitz Anda gazteari ni kaleratu eta bi hilabetera esan zioten agur; handik gutxira, Imanol Zubiondo zuzendari teknikoarekin ere antzera jokatu zuten. Andaren kasuak epaiketan amaitu zuen; gazteak oso gaizki pasa zuen, antsietate egoerak bizitzeraino. Gauzak beste modu batera egin daitezkeela pentsatzen dut, gutxieneko gizatasunez jokatuta.

Gogoan dut kaleratzea komunikatu zidaten eguna; Donostiako Aquariumean, Iker Karreraren liburuaren aurkezpena eduki ostean, zuzendaritzako ordezkari batek mugikorrera deitu, eta hauxe esan zidan, dena esaldi berean: “Kaixo Unai, zorionak aurkeztu berri duzun liburuagatik, baina jakin ezazu ez duzula jarraituko Euskal Federazioko prentsa arloan”. Zur eta lur geratu nintzen, ezin nuen sinetsi. 

Ego kontuek eragina izan duten susmoa daukat. Umil ez jokatu nahi izatea, eta ez aitortu nahi izatea egokia izan dela aurreko zuzendaritzaren kudeaketa eta horri jarraipena ematea dela bidezkoena.  

Bestalde, ez nuke baztertuko herrialdeen arteko ezin eramanekin kutsatuta egotea zuzendaritza honen kudeaketa estilo berria. Ni kaleratua izan baino hiru hilabete lehenago, beste egunkari bateko kazetari batek ohartarazi zidan argi ibiltzeko zetorren zuzendaritza berriarekin, probintzianismoaren gaia oso barneratua zeukala-eta. Pentsakor utzi ninduen. Baina hara hor datua: Zigor Egia arabarra da eta zuzendaritzako kide asko, edo gehienak, bizkaitarrak. Ukatu ezin dena azken urtetako errealitatea da: eliteko korrikalari asko eta asko gipuzkoarrak direla, alegia. 

Federazioan izan den hausturaren kronologia

Abenduaren 10ean atera zen argitara auzia, euskal selekzioarekin 2021eko mendi-lasterketetan parte hartu zuten korrikalari gehienek (18) jakinarazi zutenean ez direla berriz euskal selekzioarekin arituko.

Zabaldu zuten oharrean, onartezintzat jo zituzten 2021ko martxotik lanean ari den EMFko (Euskal Mendizale Federazioa) zuzendaritza berriak hartutako “erabakiak eta modua”, eta desegokitzat jo zuten hartu duen bidea. Haien ustez, okerreko erabaki zirenen artean, hautatzaile zereginetan ziharduten boluntario taldea (Gaizka Barañano eta Asier Arregi) kargutik kendu izana aipatu zuten. Aldi berean, gogoratu zuten punta-puntan ibili izan direla azken denboraldian, eta hori gauzak egiteko moduagatik izan zela batik bat azpimarratu zuten: “Nortasun handiko talde bat garela erakutsi dugu; umilak izan gara, eta gizakia jarri dugu korrikalariaren aurretik. Horrek egin gaitu gainontzeko taldeetatik ezberdin eta handi”.

Abenduaren 15ean, Zigor Egia presidente duen federazioko zuzendaritzak zabaldu zuen agiriaren bidez, bere bertsioa jakinarazi zuen, korrikalari horiek hartutako erabakia errespetatzekoa dela esan ondoren. Adierazi zuen hautatzaileekin ez jarraitzeko erabakiak ez zuela zerikusia kirol emaitzekin. Lortutako kirol emaitzak onak izan direla aitortu ostean, korrikalariak hautatzeko erabili beharreko irizpide teknikoak eguneratu eta gardendu behar direla azpimarratu zuen. Irizpide horiek zehazterakoan, kirol-merituak, alderdi objektiboak eta arlo teknikoko beste batzuk aipatu zituen.

Abenduaren 22an, EMFko zuzendaritzak mendi-lasterketen modalitatean zeintzuk ziren hautatzaile berriak jakinarazi zuen: Arrate Bastida eta Aideko Lopez de Arbina. “Ibilbide eta esperientzia luzea duten mendizaleak” direla gaineratu zuen.

Abenduaren 28an, Berria egunkariari eskainitako adierazpenetan, Gaizka Barañano hautatzaileak salatu zuen zuzendaritzak 2021ko martxoaz geroztik bederatzi hilabeteetan eduki zuen errespetu falta, hautatzaileekiko zein haren lanarekiko eta baita korrikalariekiko ere. Aldi berean, gezurtatu nahi izan zuen zuzendaritzak hautatzaileei leporatu ziena, hots, korrikalariak aukeratzean “gardentasun faltarekin“ jokatu izana eta soilik gertukoekin kontatu izana; Barañanok gogoratu zuen azken bost urtetan 62 korrikalari pasa direla Selekziotik. Mayi Mujika eta Asier Larruzea korrikalariek ere amorrua eta haserrea adierazi zizkioten egunkariari; zuzendaritzak denboraldi hasieran adostutako egutegia aldatzen saiatu zela gogoratu zuten, “jakin gabe bertako funtzionamendua zein zen».

Urtarrilaren 12an, Zigor Egia EMFko presidenteak Noticias de Gipuzkoa egunkariari eskaini zion elkarrizketan, aurreko zuzendaritzaren garaiko kudeaketan ikusitako okerren gainean sakondu zuen. Hautatzaileei leporatu zien EMFren funtzionatzeko dauzkan prozedurazko eta legezko parametroak ez betetzea. Bestalde, adierazi zuen ez zela onargarria federaziotik kanpo babesle komertzialekin lan egitea, idatzizko hitzarmenik gabe jardutea eta horiek zegozkien onespenik gabe egitea; ez eta beste zenbait jarduera ere, nahiz eta horiek guztiak borondaterik onenarekin egin.

Urtarrilaren 21ean, Mendi lasterketetako Euskal Selekzioak martxoan Ladrillarren (Caceres) eta Quesadan (Jaen) jokatuko diren Espainiako Bertikal eta Ultra Txapelketak korritzeko izendatuen zerrenda kaleratu zuen, 19 korrikalari guztira. Euskal Selekzioaren elastikoa ez janztea deliberatu zutenen 18 korrikalarietatik, soilik, bat ageri da zerrendan.

Martxo-apirila aldera heldu daiteke Espainiako Kopako nahiz Txapelketako eta Munduko Kopan parte hartzeko izendatuen zerrenda.

Nola justifikatu zuten zuekin gehiago ez kontatzea?

Diru falta handia zegoela adierazi ziguten hasieran. “Unai Ugartemendia garestiegia zen” ere entzun behar izan genuen. Hala ere, geroztik jakin dugunez, prentsa arloko aurrekontua 12.000 eurotik 13.800 eurora igo dute. Gainera, Bilboko Aunditxo publizitate eta marketing enpresa kontratatu dute. Enpresa handia da, eta, besteak beste, Bilboko udaleko komunikazioaz arduratzen da, baina nahiko arrotz egiten zaio mendiko korrikalarien mundua. Bestalde, zuzendaritza taldearen aurrekontua 5.000 eurotik 8.000 eurotara handitu dute. Igoera horiek ez datoz bat agindu zituzten murrizketekin.

Oraingo zuzendaritzaren politika berriak itxurakeriatik asko daukala esango nuke. Esaterako, lehen, boluntario-lanak sarritan egiten ziren, mendi-lasterketetako hornidura guneetan eta beharrezkoak izaten diren beste hainbat zereginetan; orain, nekez eusten diote jokabide horri, ez bada “argazkian” agertzeko. 

Zigor Egia EFMko lehendakariak, Noticias de Gipuzkoa egunkarian, ahozko hitzarmenak egitea eta selekzioa kontuan eduki gabe erabakiak hartzea leporatu zion aurreko zuzendaritzari. Horrexegatik jarri dituztela irizpide berriak. Zer diozu? 

Ez dakit oso ondo zeri buruz ari zen Zigor Egia. Gauzak modu nahiko egokian eta garbian egin direla iruditzen zait. Adibidez, ahozko hitzarmenei buruz ari denean, agian, Beasaingo kirol dendaz ari da. Denda horrek lasterkariei laguntza ematen zien kirol materialarekin, izan ere, horientzat egundoko gastua da. Urtean lauzpabost oinetako hondatzen dituzte, bakoitzak 150 eurotik gorakoak. Bada, denda honek kosteko prezioaren arabera saltzen zien materiala, dirua galtzera iristeraino. Guztia laguntze aldera. 

Bada, Egiaren talde berria dendarekin kontaktuan jarri zen honakoa eskatuz: 10.000 euro ordaintzeko Euskal Selekzioarentzat materialaren salerosketarekin eta babesle gisa jarraitu nahi bazuen. Zuzendaritzak, nonbait, pentsatuko zuen dirua irabazten ari zela denda, baina errealitatea bestelakoa zen, korrikalariei laguntzeagatik galerak edukitzera iritsi zen. Kirol-dendari akordioa haustea beste erremediorik ez zioten utzi. Ondorioz, orain, oinetakoak Selekzioaren kargu geratu dira.

Euskal Selekziokoak ez direnek txapelketa handietan (Espainiako kopa edo txapelketa, Munduko kopa...) parte har dezakete?

Espainiako txapelketan puntuatzeko Selekziorekin lehiatu beharra dago; Espainiako edo Munduko kopetan, aldiz, indibidualki parte hartu liteke. Ez nuke egoera bat gertatzerik nahi, baina demagun adostasunera iritsi ez direnez, Selekziotik kanpo geratutako korrikalariek ‘Aiurri’ deituriko talde bat sortzen dutela, lehiatzeko. Ez litzateke baztertu behar kopa horietan talde horiek podiumetan tokia irabaztea, eta, bien bitartean, Euskal Selekzioa kanpo geratzea. Zer pentsatua emango lukeen egoera latza. Bada, ez harritu hala gertatzea! 

Nola sumatzen dituzu korrikalari horiek, animikoki?

Gauza bat utzi nahi nuke garbi: selekzioko elastikoa ez janztea erabaki duten korrikalariak sufritzen ari dira, minduta daude. Ez dira istilurako gogoa zutelako hautsak harrotu dituzten lau katu. 

Nolanahi ere, jarrera oso ezberdinak sumatu ditut. Badira asko motibatu direnak, irrikatan daudenak punta-puntako lasterkariak direla erakusteko. Aparteko pizgarria duenik ere ez dut ukatuko, izan ere, izen-abizenez aipatuko ez dudan batek, zera esan zidan: “Nik orain arte taldearen eta euskal selekzioaren izenean guztia eman dut. Orain, jazotakoa jazota, irabaztera joango naiz soilik agintean daudenen aurpegiak ikusteko”. 

Beste alde batetik, bada xextrak modu ezkorrean eragin dionik. Goi helbururik eduki ezinik, etsiak jota eta motibazio faltarekin daude. Egin kontu bizitzen ari diren egoera aldaketa: Espainiako edo Munduko Kopetan korri egitetik, hirugarren mailako lasterketetan parte hartzera. Kolpe latza da hori edonorentzat.

Erlkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!