"Low cost" elikadura eredua aldatzearen beharra

ENBA Sindikatua 2022ko ots. 4a, 10:51

ENBA nekazal sindikatuak XXX. Batzarra ospatu du Hernaniko Orona Fundazioaren egoitzan eta bertan jende ugari elkartu da: baserritarrak, lagunak, sektoreko eragileak eta herri agintariak.

Batzarra formalki amaitu eta gero, baserritarron laguna Saria eman da, eta aurtengoan, bere bosgarren edizioan, Orona-fundazioa hautatu da, bere enpresako estrategian, elikadura jasangarria lehenesteagatik. Sari banaketaren ekitaldia, Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Goreneko idazkaria den Belen Balerdik aurkeztu du, eta, ondoren, ENBAko presidentea den Iñaki Goenagak Orona Fundazioko arduraduna den Peio Garciandiari eman dio ikurra. Orona kooperatibak, izen bereko Fundazioaren bitartez, jasangarritasuna jarri zuen bere jomugen erdi-erdian, eta, besteak beste, beren langileentzako elikadura jasangarria, osasuntsua eta tokikoa eskaini ahal izateko, 2014 urtean lehiaketa publikoa egin zuen, eta, haren ondorioz, Diametro200 izeneko zerbitzua ezarri zuten beren langile eta bisitari guztientzat, elikadura osasuntsu eta jasangarria eskainiz.

Gaur egun, Oronak, egunero, 600 pertsonarentzat elikagai zerbitzua eskaintzen die, hala eskatzen duenarentzat barazki ekologikoan saskiak banatzen ditu, eta, tartean, ekoizleen feria antolatu izan du. Azkenik, orain gutxi, hondakinen prebentzioaren astean, Gipuzkoako Foru Aldundiak aitortu duen Jakioro ekimen solidarioa ere bultzatu izan du.

Orona fundazioa sarituz, enpresak hartutako erabakia jarri nahi dugu balorean, jantoki kolektiboak gure lehen sektorea trakzionatzeko tresna ezinhobea izan daitezkeela agerian jarriz, eta honenbestez, Orona eredua, enpresa mundurako jarraitu beharreko eredu bezala ipiniz, beste enpresa askotan aplikatuz gero, lehen sektorea trakzionatzeko ahalmena biderkatuz.

Laguna sari-banaketaren ekitaldia amaitu ostean, Iñaki Goenagak itxiera eman zion elikagai sistema jasangarri eta juxtu baten aldeko mezuarekin, zeinaren bidez, ekoizleek euren familia aurrera ateratzeko eta ustialekuaren etorkizuna bermatzeko egin behar diren inbertsioak egiteko errentagarritasuna lortzen duten.

Goenagak gaur egun nagusi den elikadura “low-cost” ereduaren jasangarritasun eza azpimarratu nahi izan du, elikagai katea ekoizleak “galeretan” bizitzea behartzen dituelako eta honen ondorioz, ez dago, ez gaur egungo sektoreari eusterik, ez eta lehen sektoreak behar duen talentu berria erakartzerik.

Amaieran, lehen sektorea eta erakunde arteko elkarlanaren aldeko deia egin du, orain gutxi erreformatu den Elikagai Katearen legearen gainean lanketa egiteko eta denon artean, elkarlanean, Elikagai Katea ezartzeko neurriak sustatzeko, beti ere, bertako ekoizpen errealitatera egokituz. Garaia da, aldarrikapenak gainditzeko eta lanketa serioa, profesionala eta egituratutakoa egiteko, lehen sektoreari ezinbestekoa duen egonkortasuna eta errentagarritasuna emateko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!