[Postontzia]

Osasun sistema publikoa defendatu

Aiztondo Herri Mugimendua 2022ko ots. 5a, 09:16

Azken hamarkadetako neoliberalismoak gure osasungintza publikoan ondorio larriak eragin ditu. Osasungintzan inbertitzen ez denean, eta, osasun langileak hezi, formatu eta kontratatzen
ez direnean, herritarron funtsezko eskubidea den zerbitzu publikoa suntsitzen hasten da. 

Pandemiak are ageriago jarri du aurretik zetorren osasun krisia. Pandemiaren aurrean osasungintzaren eskudun diren agintariek harturiko lehen erabakia ardura gainetik kentzea eta bera indibidualizatzea izan da; horrela osasun publikoan egindako murrizketak, haien erabaki politikoa izango ez balira bezala jokatzea eta pandemiaren bilakaera txarra herritarren arduragabekeriari leporatzea. Eta bigarren erabakia kudeaketa neurri murriztaileetara mugatzea izan da, osasungintzan inbertitu beharrean. Pandemiaren kudeaketan nabarmen gelditu da, gutxi batzuen etekin ekonomikoak bizitzak salbatzearen aurretik kokatu direla. 

Beraz, osasun krisiaren aurrean, zaintza kolektiboa eta bizitzak erdigunera. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen dugu: 

Pandemiari aurre egiteko neurri eraginkorrak hartzea eta etekin ekonomikoa edo kontrola helburu dutenak baztertzea. Pertsona indibidualon eskubideak murriztu behar badira, izan dadila denon osasuna jokoan dagoelako, justifikatuak eta arrazoituak elkar zaintzari erantzunez eta ez zerbait egiten ari denaren plantak egiteko. Adibidez, zentzu horretan ulertzen dugu covid ziurtagiria neurri ez-eraginkor bat dela beste hainbat neurri bezala.

Osasungintzaren pribatizazioarekin amaitu. Txertoen patentea publifikatzea, guztion osasuna gutxi batzuen negozioaren aurrean lehenetsiz. Aztarnariak kontratatu eta haien lana egiteko behar dituzten baliabideak bermatu. Sektore kaltetuenentzat baliabideak bermatu behar dira. Klase, genero eta arraza faktoreak determinanteak dira pandemiak persona bakoitzarengan dituen ondorioetan. Beraz, neurriek faktore horiek kontuan har ditzatela, kudeaketa sozialki justua egiten dela bermatuta. Osasunean inbertitu beharra dago: mediku eta erizanak kontratatu, covid egoerari aurre egiteko eta funtsezkoa den lehen arretako zerbitzu publikoak bermatzeko. 

Horregatik guztiagatik, zerbitzu publikoen aldeko otsailak 9ko mobilizazioan parte hartzera deitzen ditugu herritar guztiak. 

Lehen arreta eta osasun publikoa defendatu ditzagun! 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!