Tolosaldeko torturatuak egia eta justizia eske

Aiurri 2022ko ots. 8a, 11:21

Polizia desberdinen komisaldegietan azken 55 urtetan torturatuak izan diren Tolosaldeko zenbait herritarrek agerraldia egin zuten Zizurkilen, atzo. Adierazi zutenez, “Torturaren existentzia oraindik ezkutuan jarraitzen duen ageriko sekretua da gure herrian. Horregatik gaude gaur hemen, herri honen historiaren pasarte ilun bati argi izpi bat, aurpegi bat jartzeko”.

Tortura estatu espainiarrak sistematikoki erabili duen jokabidea izan dela esan zuten, “Euskal Herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko duen eskubidea ukatzea izan delako bere helburu behin behinekoa”.

Torturatuak aitortzeko urratsik ez emateaz gain egileei inpunitatea eskaintzen zaiela salatu zuten, “Euskal Herrian milaka izan dira, gu bezala, torturaren atzapar krudeletik igaro behar izan direnak, eta hala ere inongo arduradun politikok ez du inolako zintzotasun ariketarik egin, ez eta eragindako kaltea aitortzeko urratsik eman. Gehiago ere esan genezake, azken aldian entzun behar izan ditugun adierazpen ezberdinek erakutsi diguten moduan, oraindik orain, tortura zuritu eta bere arduradun politiko zein tortura praktikara eraman duten polizia ezberdinei inpunitate guztia eskaintzen zaie”.

Torturaren errealitateak ardurak onartu eta argitzea eskatzen duela erantsi zuten: “bera posible egin eta denboran iraunaraztea arduradun politiko, instituzional, polizial, mediku, judizial eta mediatikoen inplikazio zuzena izan duen neurrian”

Iragan hurbilean gertatukoari buruzko kontakizuna ere hizpide izan zuten: “Kontakizunaren bataila bizi dugun garai hauetan, tortura beraren existentzia ukatzeak, sakonean Euskal Herriak estatuekin duen gatazka politikoa ezkutatzea bilatzen du. Modu horretan, fikziozko kontakizun bat inposatu nahi digute, zintzoen eta gaiztoen artekoa, herri oso bati hitza eta erabakia ukatzen jarraitzeko, herri oso baten sufrikarioa eta mina betikotzeko”.

Azkenik, Zizurklilen bertaratutako herritarrek deia egin zuten hurrengo egunetan egingo diren ekitaldietan (eta bereziki Zizurkilen igandean) parte hartzera, Torturaren Aurkako Egunaren testuinguruan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!