Emozioak landu, bidelagun ezin hobe izateko

Alba Cabrera Jauregi 2022ko ots. 12a, 17:33

Donna Apellaniz Nieto

Adimen emozionala hizpide, hitzaldia eman zuen Donna Apellaniz terapeutak Urnietako Lekaion: “Emozioen garrantzia familian”. Gipuzkoako Foru Aldundiak bideratzen duen “TREBA Gurasoak” ekimenaren eskutik antolatu zen hitzordua.

Hain berezko, baina, era berean, hain ezezagun. Sentitzen den horri hitza jartzen lanean dihardu buru-belarri Donna Apellaniz terapeutak. Hala, oskola barnera salto egin eta emozioen hiztegia irekitzeko beta eman zuen hilaren 2an, Lekaio kultur etxean, “Emozioen garrantzia familian” hitzaldian. Gipuzkoako Foru Aldundiak bideratzen duen “TREBA Gurasoak” ekimenez, etxe barruko emozioen kudeaketaz jardun zen terapeuta, eta bertaratutako herritarrak barrura begira ipini zituen, haurren bidelagun hobeak izan daitezen beren hazkuntza- nahiz heziketa-prozesuan.

Magisteritza ikasi berritan, egungo hezkuntza-ereduarekin dituen desadostasunek eraman zuten Apellaniz beste bide bat hautatzera: adimen emozionalaren lanketa. “Haurrekin lanean, jabetu nintzen, neure burua gehiago ezagutu bezala, umeak hobeto ulertzeko aukera nuela”. Hori horrela, gatazkak “beste modu batean” kudeatzen hasi zen, txikien jarreren atzean zegoen horri erreparatzeko eta zaintzeko. “Maiz ez dugu lengoaia berean hitz egiten. Burutik hitz egiten dugu helduok, eta haurrek, aldiz, emozioetatik”.

Pertsonak, izotz-bloke

Daniel Goleman psikologoaren hitzak gogora ekarrita ekin zion hitzorduari, emozioek duten garrantzia plazaratzeko: bizi-arrakastaren %80 adimen emozionaletik dator. Ostera, norbanakoak gaizkiegona sentitzen duenean du soilik azken horretan arreta ipintzeko joera, Apellanizek azaldu lez. Hala, kudeaketa ezaren aurrean, jarreretan islatzen omen dira emozioak: “Haurren jarrera desekogietan ipintzen dugu fokua; alabaina, beti azalean gelditzen gara, ohartu gabe barruan dugunagatik garela garena”. Hari horri tiraka, iceberg baten pareko irudikatu zuen norbanakoa. Goialdean, zati ikusgarrian, jokabideak kokatu zituen. Dena dela, gogorarazi zuen ur azpian dagoen zatia dela handiena; bertan, emozioak, beharrak (asetuak, asetu gabeak) eta sinesmenak (mundu-ikuskerak, usteak) izendatu zituen, “norbanakoaren jarrerari eusten dioten hiru elementuak”. Horrela, azpialdean dagoenari arreta ipintzean dagoela gakoa adierazi zuen, jokaera zaindu ahal izateko: “Jarrera agresiboa duen haur baten atzean, ume beldurtu bat dago beti”.

Sentitu, bizitzeko

Emozioa= e + mozioa. Energiaren eta mugimenduaren arteko nahasketaren emaitza gisa definitzen ditu emozioak Apellanizek, “mugitzen gaituzten energiak dira, izan ere, sentitzen ez badugu, ez gaude bizirik”. Adituaren iritziz, guztia izendatzeko premia sentitzen du gizakiak, baina “emozioak zer diren nahiz zertarako balio duten ez baldin badakigu, horien kudeaketa okerra egingo dugu”. Haren aburuz, emozioak identifikatzeko gai izateak testuinguruan ipintzen laguntzen dio norbanakoari, “ezagutu behar baitugu zer den barruan duguna, ondoren, ulertzeko zer ari zaigun gertatzen”.

Halaber, hiru geldialdiko bidaia gisa irudikatu zuen emozioen ibilbidea. Lehenik, intentsitate baxuan aurkitzen da, eta goranzko joera hartzen du, harik eta erantzun emozionala eman arte, emozioa azaleratzen den arte. Ondoren, berriro, emozioaren intentsitatea jaitsi egiten da, eta, era berean, arrazoia gailendu. Zenbat denbora hartzen du, ordea, prozesuak? Makina bat ikerketek aztertu dute emozioen iraupena: gutxienez, mikrosegundo batez (10-6 segundo) sentitzen dira, eta, gehienez, hogei minutuz jarraian. Zergatik, egon daiteke, orduan, norbanakoa zehaztutako hori baino denbora luzeagoan tristuraz, adibidez? Apellanizek badu horretarako erantzuna: “Helduaroan, arrazoimenak pisua hartzen du. Ondorioz, emozioa denboran iraunarazteko joera daukagu, hau da, sentimendu bihurtzen da. Buruan darabilguna egia dela sinestean, emozio horiek berpizten dira, sentimendu gisa, intentsitate baxuagoan”. Beraz, adituaren esanetan, eragin handia eduki dezake pentsamenduak aldarte emozionalean.

Laukotea

Ez erreprimitzeko, era kontzientean sentitzearen beharraz mintzatu zen Apellaniz, eta, sailkapenak sailkapen, lau emozio primario bereizi zituen: lehenak, norbanakoa itxiarazten dutenak, beldurra, amorrua eta tristura dira. Aldiz, laugarrenak, pozak, irekitasuna ematen du. “Emozioez ari garenean, garrantzitsua da kutsu negatibo eta positiboaren etiketa kentzea”, jakinarazi zuen hizlariak, “guztiak direlako baliagarriak, guztiak dutelako helburu bat. Ezezaguna zaigunean ukatu egiten dugu emozioa, haserretu egiten gara”.

Ildo beretik, bizitzaren kontzeptua lerro horizontal baten bidez irudikatu zuen: alde batean, mina kokatu zuen, eta, beste aldean, plazera. Bada beldurrak, tristurak eta amorruak lehen muturrari erantzuten diote, mina zaintzeko mekanismoak omen direlako. Eta, pozak, ostera, plazerari: "Haurrek mina ez bizitzen ahalegintzen gara, baina ekidin ezina da hori". Bi min mota bereizi zituen jarraian: lehenik, min naturalari (fisikoari) egin zion erreferentzia, eta horrek babesten ikasteko aukera bermatzen duela azaldu zuen. Bigarrenik, min gehitua (zauri emozionalak) delakoaz jardun zen, inongo irakaspen positibotik gabeko orbanez, alegia; besteak beste, irainek sortzen duten kalteez: “Min naturalak ikasten laguntzen du; bestea ekidin egin behar dugu”. Hori dela eta, ezinbestekotzat du adituak itxituratik ateratzea, emozioei aitortza egitea, minetik urruntzeko eta plazererako bideari ekiteko. Banan-banan azaldu zituen lau primarioak; horien arteko nahasturatik jaiotzen dira gainerako guztiak:

Beldurra: mehatxutik, arriskutik babestea du helburu. Ondorioz, blokeatu egiten da norbanakoa hiperbabesa dela-eta, tentsioan baitago, alerta. Ziurgabetasuna sentizean, ihes egiten du gorputzak. Hala, helduek haurren babesgune izan behar dute neurriz, adituaren arabera: “Ziurtasuna eman eta lantzen joatea da oinarria. Segurtasun-esparrutik abiatuta, bidelagun izatea”.

Tristura: sinesmenek kale eginda, galera fisiko nahiz sinboliko baten aurrean sentitzen den emozioa, minera zuzen-zuenean joaten dena. Nork bere buruarekin egoteko premia sentitzen du, intimitatea eskatzen du, barrura begira ipintzeko. Energia jaisten du zauriari erreparatzeko eta hori ixteko. “Zauri emozionalekin goaz bizitzatik, odolustu egiten gara emozionalki. Tristurak, zaintza eskatzen digu, galdu dugun horrekin bizitzen ikasteko”, nabarmendu zuen terapeutak. Beraz, haurrei dolua bizitzen utzi behar zaielakoan da Apellaniz, hori egin ezean, esperientziak emandako irakaspena kendu egiten delako: “Haurrak sentitu behar du min hori egiazkoa dela, eta zu alboan izango zarela”.

Amorrua: Ongizatea oztopatzen duen horri aurre egitea du helburu. Energia suntsitzailea da, “eta horrelakoxea behar du izan, emozioak basatiak direlako”. Hala, adituaren gomendioz, amorrua kudeatzeko era osasuntsuena energia suntsitzaile hori sortzaile bihurtzean datza. Horregatik, energia hori ez erreprimitzea berebizikotzat du Apellanizek: “Modu osasuntsuan kanalizatu behar da, baina beharrezkoa da ateratzea, suntsitzailea delako”.

Poztasuna: norbanakoa irekirik mantentzen duen emozio primario bakarra, onuragarria den zerbait jasotzean sentitzen dena. Energia handia eskatzen du, amorruak bezala, “horregatik, maiz, eskutik helduta doaz eta modu berean kudeatzen ditugu”; alabaina, kasu honetan energia hori sortzailea da: “Energia honi bide eman behar zaio, eta gainezka egiten badu, kudeatzen lagundu behar zaie haurrei, oso biziak direlako”.

Haurrek garatzen duten adimen emozionalak zerikusia izango du inguruko helduek horiekin duten harremanarekin nahiz kudeaketarekin. Beraz, garrantzitsua da, adituaren aburuz, helduek sentitzen dituzten emozioak haurren parean ere azaltzea; muga lausoa da, baina. “Erakutsi, erakutsi behar zaizkie emozioak umeei, baina ezin zaie egotzi horien gaineko zaintza edo babesa, ez delako funtzionala, ez dagokiolako berari horren gaineko erantzukizuna”.

Beharrak

Emozioen eta beharren arteko lotura zuzenaz ere jardun zen Apellaniz. “Gure bizkarrezurra dira premiak, gure ongizatea bermatzeko gako”. Halaber, unibertsalak direla gaineratu zuen, “eta ez daukate ez pertsona, ez ekintza, ez objektu, ez leku, ez momentu batekin harreman zuzenik”. Horien falta dagoenean, desorekaturik sentitzen da norbanakoa: komunikazioa, entzunak izatea, elikadura, ura, aisia, loa, adierazteko askatasuna, hurbiltasuna… “Zenbaitetan, umeek ez dakite nola adierazi beren beharra”, uste du terapeutak, “horregatik, hitzez haragoko bideak bermatu behar dizkiegu: marrazki bidez edo idatziaz; horrela, lotura bat eraikitzen ikasiko du, sentitzen eta adierazten duen horren artean”.

Bi bide nagusi bereizi zituen adierazpenerako: hitza eta ekintza. Hori dela eta, emozioa izendatu behar da, lehenik, Apellanizen esanetan, haurrak jakin dezan zer den gertatzen ari zaiona, testuinguruan koka dezan. Jarraian, sentitzen utzi behar zaio, epaitu gabe. Eta behin, emozio horrek zer egin nahi duen ikusita, bideratzen lagundu behar zaio, ahalik eta modurik osasuntsuenean. “Ezinbestekoa da emozioei aitortza egitea, bestela, barruan gelditzen dira. Horien energia ez da sortzen eta desagertzen, transformatu egiten da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!