Torturatutako milaka herritarrentzat egia eta justizia eske

Xabier Lasa 2022ko ots. 19a, 14:48

Milaka torturatuentzat egia, justizia eta berriro ez errepikatzeko bermeak eskatu zituzten Zizurkilen aurreko astean, Joxe Arregiren 41. hilketaren urteurrenaren eta Torturaren Aurkako Egunaren harira.

Ekitaldi nagusia otsailaren 13an egin zen, Estatuaren biktimen eskubideak aldarrikatzen dituen Egiari Zor elkarteak antolatuta. Mikel Egibar mintzatu zen ekitaldian, torturatu gisa eta elkartearen izenean. 

Egibarrek Joxe Arregi hartu zuen gogoan. “Heriotzaraino torturatu zuten herrikidearen gorpuari ateratako argazkiek komisaldegietan gertatzen ari basakeria zein zen erakutsi zioten munduari”.

Arregik atxiloaldiko kideei hil aurretik aitortu ziena (“Oso latza izan da”) hizpide hartuz jarraitu zuen Egibarrek. “Halaxe deskribatu zuen hilzorian zela. Arregiren heriotza torturaren ondorioz lehen heriotza izan zen erregimenaren erreformaren ondoren, baina zoritxarrez, ez zen azkena izan. Demokrazia deritzon honetan beste bost hil zituzten torturaren eraginez. Arregiren heriotzak ez zuen diktadura frankistaren heredentzia maltzurrekin bukatu, eta milaka euskal herritarrek modu sistematikoan pairatzen segi dugu, edozein zelarik ere estatu gobernuaren kolorea. Horrela, gutxienez 5.657 dira dagoeneko egiaztatu diren tortura kasuak”.

Estrategia baten menpeko “polizia-tresna” 

Arregi hil eta handik bi urtera, Felipe Gonzalezen gobernuak gehiengo politikoaren babesarekin, Zen Plana ezarri zuela adierazi zuen Egibarrek. “Plan horrek milaka herritarren atxiloketa arbitrarioa ahalbideratu zuen, demokrazian tortura polizia-tresna gisa gaitu zuen, eta gura aplikatzeagatik prozesu judizialak areagotzeko beharra ezarri zuen”.

Torturaren praktika estatu estrategiaren barnean kokatu zuen, segidan. “Gu ez gintuzten torturatu legearen gainetik aritu ziren guardia zibil, polizia edo ertzain gutxi batzuek. Estatu estrategia baten barruan jokatzen zuten poliziek torturatu gintuzten, eta estrategia horren parte ere baziren alderdi politikoak, atxilotuen inkomunikazioa ahalbideratu zuten salbuespenezko legediak onartu zituztenak; epaileak, inkomunikazioaren atxiloketaren luzapenaren eta atxilotuen osotasunaren arduradunak direnak, sistematikoki alde batera uzten baitzituzten tortura salaketa bakoitza ikertzeko bete beharra; auzitegi medikuak, tortura salatzeko eta inpunitatea argitzeko funtsezkoak: komunikabideak, torturaren negazionismoaren zutabeetako bat bilakatuz”.

Estrategia hori, proiektu politiko legitimo bati eta hura partekatzen zuen orori aurre egiteko diseinatu zutela gaineratu zuen Egibarrek: “ETAren ustezko borrokaren babesean, berrogei mila pertsona inguru atxilotu zituzten, horietatik hogeita hamar mila baino gehiago kargu gabe aske geratu baziren ere, horietako askok tortura eta behin behineko espetxealdia pairatu behar izan zituzten”.

Deia instituzioei

Eskakizun berezia egin zien Euskal Herriko instituzioei: “ahalik eta azkarren aitortza eta erreparaziorako mekanismo bizkor eta eraginkor bat aktibatu” dezatela. “Izan ere, torturatuek, estatu indarkeriaren gainerako biktimek bezala, urte gehiegi daramatzate legeak ematen dizkien egia, aitortza eta erreparazioa eta berriz ere ez gertatzeko bermearen eskubideak baliatzeko aukerarik gabe”.

Desio bat luzatu zuen, instituzioek bete beharreko eginkizunekin jarraituz Egibarrek, Egiari Zor elkartearen izenean. “Gure zaurien erantzule den estatuak torturaren praktikarekin sortutako tragediaren erantzukizun politikoa bere gain hartzeko behar adina heldutasun demokratikoa izan dezaten espero dugu. Eta hemengo instituzioengandik espero dugu, hemengo herritar batzuek jasaten dituzten eskubide urraketa nabarmenen aurrean ez isiltzeko, prestutasuna izatea. Horrela bakarrik jokatu ahal izango dugu bizikidetza gutxieneko parametro demokratikoetan, gatazka politikoa eta haren ondorioak behin betiko konpontzeko ekiteko”.

Azkenik, adierazi zuen “torturaren erabilera gaitzesten duten ekintza sinbolikoak” ez direla nahikoak. “Torturari buruzko txostena gai honen inguruan egiteko dagoen bide luzearen abiapuntua baino ez dela argi daukagu. Giza eskubideen urraketa larri baten biktima zuzen gisa jasaten ditugun kategorizazioa gaindituko duen marko legal, integral eta parekidea zor zaigu”.

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!