Maila handiko kirol probak Aiztondo bailaran, datozen asteetan

Irune Alfonso 2022ko ots. 21a, 07:24

Aiztondo Klasika, Larraul-Ernio eta Duatloi txapelketa. Datozen asteetan maila handiko kirol probak gauzatuko dira Aiztondo bailaran. Jende askoren lanari esker aterako dira aurrera

Datozen asteetan, inguruko eta kanpoko kirolari askok Aiztondo bailara izango dute jomuga. Dozenaka herrikideren eta inguruko enpresa eta erakundeen laguntzari esker aurrera aterako dira.

Aiztondo Klasika
Martxoak 13, igandea

Afizionatu mailako tropelak hitzordua du, Larrauldik abiatuta. Antolatzaileek, berriki, lasterketaren eta parte-hartzaileen xehetasunak eskaini dituzte. Alkizan izango da helmuga, Asteasu aldetik igota. Aiztondo klasika – Patxi Alkorta memorialeko antolaketak honela definitu du aurtengoa: "Aurtengo ekitaldia beste urte batzuetan baino gogorragoa izango da, Alkiza birritan igoko delako. Ibilbide erdia osatu baino lehenago aurrena, eta amaieran ondoren. Igoera biak desberdinak dira, baina. Lehen igoera Anoetatik egingo da, helmugakoa, Asteasutik. Horrenbestez, pentsatzekoa da, igotzaileek aukera polita izan dezaketela nabarmentzeko".

Larraul-Ernio-Larraul
Martxoak 20, igandea

Martxoaren 20an lehiatuko da 11. edizioa, goizeko 10:30ean hasita. Kirolprobak.com webgunean eman daiteke izena. Lasterka hasita, ibilbide polita bezain gogorra izango dute aurrean korrikalariek. 15,5 kilometro egingo dituzte korrika, mendian barrena. Ibilbide gogorra du Larraulgo lasterketak, baina baita ederra ere. Baso eta zelaietan barrena igaroko dira lasterkariak Ernioko tontorrera iritsi arte. Hamargarren eta hamaikagarren edizioa ia jarraian iritsiko dira. Iazkoa urrian egin baitzen, pandemia tarteko, udaberrian egitea ezinezkoa izan zelako. Orduko hartan bezala, aurtengoan ere dutxa zerbitzurik ez dute eskainiko. Larraulgo plazan ematen diote hasiera korrika saioari, eta Ernioko tontorrera iritsi ondoren, Larraulgo plazako helmuga puntura itzultzen dira lasterkariak. Ikusleei Larraulera edo ibilbidearen edozein puntutara lasai gerturatzeko deia egin nahi diete antolatzaileek. Eta udazkenean igorritako mezua ere ez da asko aldatuko: “Kontuan izan beharrezkoa izango dela elkarren arteko distantziak pixka bat zaintzea, baina ikuskizun polita izango da; lasterkariek oso gustura hartuko dituzte txaloak”.

Zizurkilgo I. Duatloia
Apirilak 3, igandea

Gipuzkoako Duatloi txapelketa jokoan izango da. Zumarpe saria izenekoa, sprint distantziako proba da, federatu mailakoentzat. Lasterkariak korrika hasiko dira, 5 kilometroko distantzia osatuz. Ondoren 20 kilometroko bizikleta proba egingo dute, eta azken txanpan beste 2,5 kilometro gehiago egin beharko dituzte korrika. Joxe Arregi plazan txirrindulari-korrikalariak gertutik ikusteko aukera izango da, bertan ipiniko baitituzte boxak. Box horietan partaideek bizikleta hartu eta utzi beharko dute, probarekin jarraitu ahal izateko. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!