Julene Azpeitia idazlearen biografia biltzen duen liburua aurkeztuko du Larramendi Bazkunak

Aiurri 2022ko ots. 23a, 07:54

"Askatasun eguzkia baino beharrago" du izenburu nagusi Xabier Altzibar irakasleak argitara eman duen saiakera luzea. Julene Azpeitia idazle zumaiarraren bizitza eta obrari buruzkoa da. Liburuaren protagonista zumaiarra izanik, Zumaiako Alondegia Kultura Etxean aurkeztuko dute gaurkoan. Martxoaren 14an, berriz, Andoainen.

Lan horrek idazleari inoiz eskaini zaion ikuspegirik zabalena eskaintzen du. Euskal kulturgintzaren barruan Pizkunde izeneko mugimendua sortu eta bultzatu zen XX. mendearen lehen herenean, bereziki EAJren bultzada jaso zuen, eta asko izan ziren mugimendu horren baitan jardun zuten berriemaile eta idazleak Euskal Herrian barrena. Mugimendu horren baitan sartu zen Julene Azpeitia irakasle eta idazle zumaiarra eta gerra garaiko etena etorri zen arte lan oparoa egin zuen, neurri handi batean 1936ko gerrak eta gerraosteak zokoratu eta ahanzturara kondenatu zutena. Gerraostearen gogorrena igaro ondoren, bere bizitzaren azkenengo urteak bitarte berriro ere idatzi eta argitaratzeari ekin zion arren, bere obraren zati handia ez da behar bezala ezagutzen, bereziki gerra aurrekoa, eta Julene Azpeitia ezaguna dugu gehienbat bere ipuin liburuengatik.

Xabier Altzibar irakasleak Julene Azpeitiaren bizitza osoko lanaldiaren ikuspegia eskaintzen digu eta aukera ematen zuzenean aurreneko artikulu eta idazlan guztiak elkar bat eginda ezagutzeko. Ikerlana bultzatu eta argitaratu duen MLKBaren iritziz, Julene Azpeitiak uste baino eragin handiagoa izan zuen bai literaturan bai XX. mendearen lehen erdiko egintza pedagogikoetan.

Liburua, Larramendi Bazkunaren on-line dendan eros liteke dagoeneko. Eta Andoaingo eta beste herrietako liburudendetan eskuragarri izango da.

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!