"Itxaron besterik ez dugu, baina zeri? Gau osoan bonba-leherketak entzun ditugu"

Mikel Arberas eta Alba Cabrera 2022ko ots. 27a, 12:09

Andoainekin lotura estua duen ukrainiarra da Dihanna Petrechenko; memento latza, gerra-egoera bizitzen ari da Kieven. Jada, errusiar soldaduak hiriburuan sartu dira eta etxetik ezin atera dabiltza, tiroketen eta lehergailuen arriskua medio.

Egun, Irpin hirian bizi da gerra-egoera betean, Kievetik oso gertu, familiarekin eta semearekin: "Egoera larria da, lehergailuen eta tiroen hotsak entzuten dira. Etxetik irtetzen uzten digute, baina ez da gomendagarria, oso arriskutsua baita". Petrechenkok azaldu duenez, Ukrainako hiriburuko erdiguneraino sartu nahi dute tankeek, eta, bidean, zenbait herri igaro behar dituzte, Irpin tartean. 


Iturria: Reuters

Hiritik irtetzeko asmoa zutela jakinarazi digu, baina zailtasunak besterik ez dituzte aurkitu: "Hiritik gaur irtengo ginela pentsatzen genuen, baina autoan ez ibiltzeko gomendatu digute. Poloniara joan nahi genuen ahal bezala eta, bertan, Andoainera joateko hegaldi bat hartzeko asmoa genuen". 

Kontaktuan gauden bitartean, telefonoaren bestaldean, lehergailuen eztandak entzuten dira.

Egoera horren aurrean ezer gutxi egin dezaketela adierazi du ukrainarrak: " Ezin dugu ezer egin. Kalean hiltzeko edo zauritua izateko arrisku handia dago. Itxaron besterik ez dugu, baina zeri? Gau osoan bonba-leherketak entzun ditugu: etxe osoak egiten zuen dardara, eta tiro-hotsak ez dira eten". Ukrainatik alde egin nahi duten arren, egoeraren larritasuna azpimarratu du Petrechenkok: "Memento batean autoa hartu eta kanpora joan gintezke, modu batera edo bestera. Alabaina, oso arriskutsua da, kaleetan errusiar tankeak ikus daitezke eta gure bizia arriskuan egon liteke, ez baitakigu bonba bat jaurtiko diguten ala tirokatuko gaituzten". 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!