Julene Azpeitia irakasle eta idazle euskaltzalearen biografia Zumaian aurkeztu zuten

Aiurri 2022ko mar. 1a, 12:40

Julene Azpeitia (1888-1980) irakasle eta idazle euskaltzalearen bizitza, pentsamendua eta idazlanak biltzen dituen Askatasun eguzkia baino beharrago biografia aurkeztu zuten Zumaian, joan den otsailaren 23an. Liburuaren idazle den Xabier Altzibarrek eta argitaratzaile den Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko Ane Jalon lehendakariak eta Jon Unanue zuzendariak hartu zuten parte aurkezpen ekitaldian. Zumaiako aurkezpena bideoz, ikusgai:

Julene Azpeitia Gomez (1888-1980)

 

Jalon, Altzibar eta Unanue, Zumaian.

Martxoaren 14an Andoainen aurkeztuko dute, Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Eguneko ekitaldien baitan.

Altzibar irakasleak osatu du Askatasun eguzkia baino beharrago saiakera luzea. Lan horrek idazleari inoiz eskaini zaion ikuspegirik zabalena eskaintzen du. Euskal kulturgintzaren barruan Pizkunde izeneko mugimendua sortu eta bultzatu zen XX. mendearen lehen herenean; bereziki EAJren bultzada jaso zuen, eta asko izan ziren mugimendu horren baitan jardun zuten berriemaile eta idazleak Euskal Herrian barrena. Mugimendu horren baitan sartu zen Julene Azpeitia irakasle eta idazle zumaiarra eta gerra garaiko etena etorri zen arte lan oparoa egin zuen, neurri handi batean 1936ko gerrak eta gerraosteak zokoratu eta ahanzturara kondenatu zutena. Gerraostearen gogorrena igaro ondoren, bere bizitzaren azkenengo urteak bitarte berriro ere idatzi eta argitaratzeari ekin zion arren, bere obraren zati handia ez da behar bezala ezagutzen, bereziki gerra aurrekoa, eta Julene Azpeitia ezaguna dugu gehienbat bere ipuin liburuengatik.

Xabier Altzibar irakasleak Julene Azpeitiaren bizitza osoko lanaldiaren ikuspegia eskaintzen digu eta aukera ematen zuzenean aurreneko artikulu eta idazlan guztiak elkar bat eginda ezagutzeko. Ikerlana bultzatu eta argitaratu duen MLKBaren iritziz, Julene Azpeitiak uste baino eragin handiagoa izan zuen bai literaturan bai XX. mendearen lehen erdiko egintza pedagogikoetan.

Liburua Larramendi Bazkunaren on-line dendan eros liteke dagoeneko. Eta Andoaingo eta beste herrietako liburudendetan eskuragarri izango da.

Julene Azpeitiaren biloba Ildefonso Ezkauriatza eta birbiloba Paul Ezkauriatza Zumaiako aurkezpenean izan ziren. Argazkian, idazlearekin ageri dira.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!