"Eskerrak eman nahi dizkizuet jasotako laguntzagatik eta elkar ezagutzeko aukeragatik"

Aiurri 2022ko mar. 10a, 12:25

Fatma Mehdi, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Kooperazio ministroak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan fronte polisarioaren ordezkaria den Mohamed Limam Mohamed-ek bisita ofiziala egin dute Amasa-Villabonara. Bilera honetan, Tolosaldea Sahararekin elkartea eta Euskal Fondoa elkartea batu dira, eta ez dute hutsik egin Aizondo bailarako udaleko ordezkariek, hala nola,  Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu, Aduna, eta Alkizako alkateak elkartu dira. 

 

Ministroak, eskerrak eman dizkio Amasa-Villabonako udalari, jasotako laguntza eta elkar ezagutzeko aukeragatik, halaber, Aiztondo bailarako gainerako udalak ezagutzeko aukera ere asko baloratu eta eskertu du. "Eskerrak eman nahi dizkizuet jasotako laguntzagatik eta elkar ezagutzeko aukeragatik, baita beste udal batzuk ezagutzeko aukeragatik ere; hemen ikusi daiteke udal honek duen eskuzabaltasuna". 

Gainera, Amasa-Villabonan egotea ohorea dela azpimarratu du ministroak, Palestina, Sahara eta beste hainbat herrialdeen nazioarteko lankidetzan oso ibilbide garrantzitsua daraman herriadea delako. Euren esker ona adierazi dute; hala nola, Saharar haurren  harreragatik, udako karabanen laguntzagatik, Saharar errefuxiatuentzako larrialdiko proiektuetan parte haratzeagatik  eta ekitaldi solidario guztien parte izateagatik; "Arabe Saharar Errepublika Demokratikoaren esker ona adierazteko modu ofiziala da nire presentzia, elkartasun-keinu hori eskertzeko, batez ere orain; pandemiaz gain, gerra egoera batean sartzen ari baikara berriro ere".

Honekin batera, Tolosaldea Sahararekin elkartearentzat eta Euskal Fondoa elkartearentzat ere esker oneko hitzak izan dituzte, egindako  lana, esfortzua eta kolaborazioagatik saharraren bizi egoera eta kalitatea hobetu dela onartu baitute. Aiztondo bailarako alkateek hartu dute hitza ondoren, eta guztiek euren prestutasuna adierazi dute Sahara herriarekin  lanean eta laguntzen jarraitzeko asmoa azpimarratuz. 

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!