"Askotariko edukiak landu ditugu espazio komiko batean"

Alba Cabrera Jauregi 2022ko mar. 11a, 09:00

Aitor Altunak, Uxue Amonarrizek eta Uxue Bereziartuak osatutako hirukote hernaniarra dago “Belarri bero, bai esan?” egitasmoaren atzean. Websaila proiektatuko da Saroben. Hilaren 13an izango da hitzordua, arratsaldeko 19:00tan, Poxta Zahar elkartearen eskutik

Poxta Zahar gazte kuadrillen elkarteak dei egin dio orain gutxi Zehar Kablea sormen-taldearen linea erotikoari. Hala, Sarobe arte eszenikoen gunean proiektatuko da kolektiboaren lehen lana: “Belarri bero, bai esan?” webseriea.

Aitor Altunak, Uxue Amonarrizek eta Uxue Bereziartuak osatutako hirukote hernaniarra dago ikus-entzunezko egitasmoaren atzean: linea erotiko baten telefono-deiak amu, jendarteko makina bat afera mahaigaineratu dituzte, euskaraz, umoretik nahiz ikuspegi feminista batetik.

Irakurri dizuedanez, “ideia ero” batetik abiatu omen zen orain webseriea den proiektua.

Uxue Bereziartua: Ez gara ikus-entzunezkoetan aditu, ezta aritu ere. Beste hamaika saltsatan ibili izan gara elkarrekin, kuadrilla berekoak garelako eta elkarrekin bizi izan garelako. Hortaz, oso ongi ezagutzen dugu bakoitzaren erritmoa. Ideia txiki batekin etorri zen gugana behin Aitor eta haritik tiraka hasi ginen proiektuari forma ematen, websail itxura hartzeraino.

Kasualitatez, Hernaniko Udalak sorkuntza-beka bat jarri zuen martxan arte plastikoak ez ziren gainerako diziplinei zuzenduta. Hala, aurkeztea erabaki genuen, baina azkar baino lehen iritsi zen pandemia gurera, eta, ondorioz, alde batera utzi behar izan genuen proiektua. Handik hilabete batzuetara, diru-laguntzaren bigarren saria gurea zela jakinarazi ziguten. Ezusteko atsegin hori aitzakia gisa hartuta, proiektua berrabiatzea erabaki genuen.

Uxue Amonarriz: Ez genuen espero Aitorrek airera botatako ideia zoro hura webserie bihurtuko zenik. Izan ere, gure artean horrelako ideia asko ditugu, eta hau proposatzean, nik uste dut jendeak ez zuela uste gauzatuko genuenik. Baina bai, hementxe gaude.

Telefono erotiko baten gorabeherak ditu hizpide lanak.

Aitor Altuna: Telefono linea erotikoa da Belarri Bero, eta Axun da nagusia. Garai batean, arrakasta izan zuen, baina, egun, jada, ez du inork hots egiten. Bertan, hiru langile daude, Ines, Eider eta Garazi. Beren egunerokoan oinarritzen da kontaketa. Askotariko edukiak landu ditugu espazio komiko batean.

U.A.: Gainera, kontaketa ez da soilik telefono-deietara mugatzen. Alegia, pertsonaien eguneroko egoeretan ere mahaigaineratu ditugu zenbait eztabaida, sexualitateari lotutakoak, esaterako. Gugandik asko du webserieak, guztia ez esatearren! Gure irakurketatik sortutakoa da, finean.

A.A.: Hori da, eguerokoan zeharkatzen gaituzten egoerak islatu ditugu, eta, tartean, ingurukoekin hitz egitea apur bat kosta egiten zaigun horiei buruz mintzo gara, hain justu ere.

Telefonoari hots egin eta “Belarri bero, bai esan?”. Nor aurkitzen da telefonoaren beste aldean?

U.A.: Guztira, lau kidek osatzen dute linea erotikoaren lantaldea. Axun da nagusia eta Olatz Beobidek gorpuztu du. Bestalde, Eiderren rolean ibili da Nerea Arriola, Dorleta Urretabizkaiak interpretatu du Inesen pertsonaia, eta, azkenik, Olaia Gil aritu da Garaziren azalean.

Zuek zarete proiektuaren motorra. Alabaina, prozesuan izan duzue bidelagunik, ezta?

U.B.: Guk sortu dugu hutsetik edukia, baina kanpo-iritziak ere beharrezkoak izan ditugu prozesuan. Hori horrela, hiru zutabetan banatzen dugu gure proiektua: lehenik, feminismoa dugu lanerako ardatz, finean, sexualitatea zein erotika jorratzen diren websaila izanda, ez genuen betiko inertzia “zikinetan” erori nahi. Ondorioz, gidoia idazten, esaterako, askotariko ekarpenak izan ditugu eta hainbatek pisua dute kontakizunean. Bigarrenik, euskara ere badugu euskarri garrantzitsu; hizkuntza horretan sortu genuen, gu geu horrela bizi garelako. Hala, euskararen erabilera zuzena lehenetsi dugu, baina oso astuna izan gabe ere, jakina. Azkenik, alde teknikoari dagokionez, gidoiaren sorkuntza, grabaketa-lanetan zein ondorengo edizioan ere babes handia izan dugu.

Atal bakoitza egun bakarrean grabatu zenuten. Nolako esperientzia izan zen hura?

A.A.: Lagundu diguten horien guztien artean, Martin Ugalde kultur parkeko kideak ziren batzuk. Horrela, beraiek utzi ziguten websaila grabatzeko espazioa. Gure etxeko trasteekin bete genuen gela txuri hura. Sei egunetan filmatu genituen sei atalak, egun bakoitzeko bana.

Bizipen berria izan da hirurontzat, eta, batzuetan, oso gorabeheratsua:

A.A.: 2019ean ekin genion egitasmoari eta iragan azaroan estreinatu genuen, alegia, denbora-tarte oso luzea hartu digu.

U.B.: Gainera, martxoan egin genuen grabaketa, lau emakumezko aktorerekin. Ikasi dugu (guri ere gertatu zaigu gerora websailarekin) martxoa ez dela horrelako proiektuen sorkuntzarako une egokiena, emakumeek presentzia duten lan esko programatzen direlako hilabete honetan. Ondorioz, zaila egin zitzaigun lantalde osoari ondo zetozkion sei grabaketa-egunak zehaztea. Hori gutxi balitz bezala, pandemia zegoen tarteko, nahiz eta, zorionez, ez genuen ezustekorik izan.

U.A.: Poza ematen digu horrenbeste hitzordu izatea orain. Baina ederragoa litzateke urte osoan horrelako gaiek martxoan besteko garrantzia izatea.

A.A.: Atzera begira ipinita, gauza asko aldatuko genituzke, baina oso ikasketa prozesu aberasgarria izan da eta pozik gaude emaitzarekin.

Bada euskaraz gauza erotikoak esaterik? Erronka handia izan al da horrelako gaiez mintzatzea euskaraz eta umoretik?

A.A.: Hizkuntzari dagokionez, ez zaigu bereziki kostatu, ez zaigulako bururatzen beste modurik egiteko, hots, horrela ateratzen zaigu guri, euskaraz. Egia da joera handia dagoela umorea gaztelaniaz egiteko; beldurra ematen zigun horrek, apur bat artifiziala geldituko zelakoan. Baina gustura aritu ginen eta nahiko erraza egin zaigu azkenean.

Azaroaren 6an estreinatu zenuten Hernanin, dotore-dotore jantzita, gainera. Harrera ona izan al du proiektuak?

A.A.: Oso ingurune gozoan aurkeztu genuen, lagunez eta gertukoez inguraturik. Estreinaldiaren ostean, mezu pila jaso genituen, eta proiekzioekin urtarriletik aurrera hastea erabaki genuen. Mutrikun eta Eibarren izan gara orain. Martxoari begira, emanaldi dexente ditugu.

Tartean, Urnietan.

A.A.: Hilaren 13an igande honetan bertan igaroko gara Sarobetik, arratsalderako 19:00tan. Bibe plataforman eta Saroben bertan eskuratu daitezke sarrerak. Jarraian, Zestoan izango gara 17an, Villabonan 24an eta Arrasaten 25ean. Apirilean ere baditugu zenbait hitzordu.

Lehen aldiz hots egin du telefono erotikoak. Bigarren aldiz egingo al du? Ba al daukazue beste “ideia erorik” esku artean?

U.A.: Oraingoz, ez dugu aurreikusten. Gainera, nork bere bizitza du, ez gara honetatik bizi. Ondorioz, ez da hain erraza guztiok elkartzea, eta, ostera, denbora eskatzen dute horrelako proiektuek. Beraz, oraingoz honi eutsiko diogu soilik.

U.B.: Proiektuaren zabalpena sorkuntza-prozesuaren parte da. Horrenbestez, oraindik ez dugu bukatutzat ematen bidea, websaila euskarri digitaletan zintzilikatu arte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!