“Lauzpabost negu eskas egin ditu, baina ezin dugu aldaketa klimatikoaz mintzatu”

Andoni Urbistondo 2022ko mar. 11a, 09:14

Argazkia: Tolosaldeko argazkia

Iker Ibarluzea twitter sare sozialeko fenomenoa bilakatu da azken urtean (Ibarra, 31 urte). Hamaika galdera erantzuten ditu eguraldiari buruz, eta joan berri zaigun negua nolakoa izan den ere aztertu du Aiurrirentzat.

Nolakoa izan da negua, Iker?

Elur zaleak garenok joera dugu negua elurraren baitan epaitzeko. Prisma horrekin aztertuta, negua gatzik gabekoa izan da, baina elurra ez diren beste parametroak aintzat hartuz, euria, tenperatura minimo eta maximoak, nahiko normala izan da. Elurrik gabe, baina normala. Euri asko egin zuen hasieran, eta mendietan elur asko, Gipuzkoa ipar ekialdean izan ezik. Antizikloiak muturra sartu zuen gurean dortsal moduan, eta horrek epeltasuna ekarri du. Minimoak oso hotzak izan ziren, dena den, eta izotz egun asko izan genituen. Horregatik apaldu da batez besteko tenperatura.

Aditua zarenez, aspertu egin al zara?

Aspergarri samarra izan da, bai, ze egun askotan aldaketarik ez zegoen mapetan. Dagoeneko hiruzpalau negu daramatzagu jarraian tendentzia berarekin. Antizikloia gainean jartzen da, baina Azoreetakoa, ez kontinentala, hotza ekartzen duena. Azoreetako antizikloiak zirkulazio zonala markatzen du, eta horrekin, negu epelak, gatz handirik gabekoak. Aintzat hartu behar da antizikloiak oso sendoak izaten direla neguan, euren tokia hartzen dutenean ez dela erraza aldaketak egotea.

Tendentziei buruz mintzatu zara. Negu zozo horiek ohikoak izan dira azken urtetan, ezta?

Joerak ez dira harritzekoak izaten, boladaka behintzat. Horrek ez du esan nahi aurrerantzean ere aurten gertatu den gauza bera gertatuko denik. Agian hurrengo neguan 4-5 elurte botako ditu kalean, batek daki.

Aldaketa klimatikoa denen ahotan al dabil. Funtsik ba al du eztabaidak?

Ez. Serie klimatiko luzeagoak behar dira aldaketa klimatikoak eman direla esateko, 15-20 urte gutxienez. Azken hamarkadatan sei negu kaskar egin dituelako ezin da esan denak txarrak egingo dituela etorkizunean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!