"Lasterketa oso polita da Larraul-Ernio-Larraul, parte hartzera animatuko nituzke korrikalariak"

Irune Alfonso 2022ko mar. 17a, 07:33

Hassan Ait Chaou billabonatarra, Aiurriko erredakzioan egindako elkarrizketan.

Hassan Ait Chaou korrikalariak igande honetako Larraul-Ernio-Larraul lasterketan parte hartuko du, fisikoki mailarik onenean iritsiko ez bada ere.

Larraul-Ernio-Larraul lasterketaren 11. edizioa da aurtengoa. Zein egoeran iristen zara?

Fisikikoki nahiko justu iritsiko naiz. Hiru hilabete daramatzat geldirik bizkarreko minez nabil eta. Erresonantzia egin didate orain dela gutxi. Hilabete bakarrik daramat entrenatzen. Deskantsuarekin berriz errekuperatuko naiz pixka bat, forman ez nago baina gozatzea espero dut, jendearekin parte hartuz. Azken batean, nire bizimodua da, kirola eta batez ere mendia. 15 urte daramatzat herniekin korri egiten, eta urtero horrela ibiltzen naiz, bi edo hiru hilabete atseden hartzen dut gorputzak ala eskatzen didalako, horrela eusten diot korri egiteari. 

Zenbat aldiz hartu duzu parte? Zeintzuk dira lasterketaren xehetasunak?

Hirugarren edo laugarren aldia da bertan parte hartzen dudala. Lasterketa oso polita da, hemengo, Euskal Herriko mendi lasterketa guztiak oso politak izaten dira, gure inguruko bazterrak oso ederrak, zoragarriak direlako. Ernio inguruan zer esanik ez, oso mendi ederra da, guztiok ezagutzen dugu, itsasoa ikusten da... jendea animatu nahiko nuke bertan parte hartzera, egunaz gozatzeko. Larraul herri txikia denez giro bikaina sortzen da, gertukoa, horregatik parte hartzera animatuko nituzke korrikalariak. 

Adinak zenbateko eragina du gorputza estutzeko garaian?

Ez dut uste adinak eraginik duenik, adina buruan dago. Lasterketa askotan ikusten ditut 65 eta 70 urteko sasoiko pertsonak egurra ematen. Espero dut ni ere adin horretara sasoi horretan iristea, nire ametsa izango litzateke. Maila honetan badakit ezingo dudala, baina, mendiarekin lotura zuzena beti edukitzea izango litzateke nire ametsa.  

Gizonezkoen markarik hoberena zurea da… marka propioa hausteko prest?

Ez, orain nagoen bezala ezinezkoa da, osorik iristearekin eta goiz polita pasatzearekin nahikoa dut. 

Zure kasuan zer da gogorrena Ernioko jaitsiera, ala igoera?

Biak gogorrak iruditzen zaizkit, baina nik nahiago dut jaitsiera. Teknika gehiago dut, beraz, hobeto moldatzen naiz jaisten igotzen baino. 

Gora ere igo egin behar da eta ez bazara ondo igotzen zaila izango da lasterketa irabaztea edo lehenetarikoa iristea. Jaio nintzen lekua menditsua da, Atlas herrialdea. Nik uste dut horrek jaisterako teknikan lagundu didala eta horregatik moldatzen naizela hobeto. 

Harrobirik ba al dago Aiztondo bailaran?

Baietz esango nuke. Gazte asko ikusten dira oso ondo dabiltzanak. Euskal Herrian asko ikusten dira, eta hemen, gertukoak eta Aiztondo bailarakoak askotxo. 

Azken hilabeteetan liskar eta desadostasun handiak egon dira Euskal Mendi Federazioaren eta Euskal Selekzioaren, eta korrikalarien artean. Eztabaidan posizionatzea tokatu zaizu. Nola bizi izan duzu prozesua?

Aurtengo zuzendaritzan daudenek, pasa den urtean sartu zirenek, gauzak aldatu nahi dituzte; nik hori ulertu dezaket, baina formak eta formak daude. 20 urte bertan lanean daramatzatenengandik ikasi behar da, gauzak ondo egin dira eta eurei entzun behar zaie.

Hautatzaileak ezagutzen ditut, eta lan bikaina egin dute urte hauetan. Gainera, gogoko dutelako egiten dute, ez dute ezer irabazten lan horren truke... Lan horretan eman dute euren denbora. Korrikalarioi gustatzen zaigu selekzioarekin joatea, joaten gara korri egitera, baina, beraiek arduratzen dira gure izena emateaz, ostatua hartzeaz, lasterketetako antolatzaileekin hitz egiteaz, izugarrizko lana egiten dute, eta horrela amaitzeak mina ematen du. Espero dut, aurtengo zuzendaritzan daudenek, iritziz aldatzea edo beste modu batera jokatzea, zuzentzea lortzea espero dut. 

Ernioko lasterketara itzuliz, zer da gogorren egiten zaizuna lasterketa honetatik?

Zelatundik Erniora egiten zait lasterketa honetan gogorrena. Zelatunera iritsi arte lasai egin dezakezu korrika, nahiz eta gogor jotzen duen. Ez du ematen aldaparik dagoenik baina badago, eta korri asko egiten duzu. Zelatunera iristerako ukituta iristen zara eta azken aldapa horretan nekea asko nabaritzen da.  

Aipamen berezia egin beharko diegu lasterketa egin ahal izateko boluntario agertzen diren antolatzaile eta laguntzaile guztiei. Haiek ere merezi dituzte txaloak.

Bai. Egia esan lasterketa guztietan daude borondatez lan egiten dutenak. Antolakuntzan izugarrizko lana egin behar da, argi dago. Aurretiaz egin beharreko lan pila izaten da, hilabete eta hilabeteetako lana, eta animatzaileak ere. Horiek gabe ez dago ezer, horrek du xarma. Horrek egiten du berezi korri egiteak, animoekin eta denen artean gauzak lortuz. 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!