"Muga-mugan daude bezero asko"

Andoni Urbistondo 2022ko mar. 17a, 13:41

Josean Aisa Aranaztegi industrialdeko gasolindegiko enkargatua, eta haren ustean “2,20 eurotan jo dezake goia erregai-litroak, baina igoera 15 egun barru eten daiteke”.

Bezeroei entzutea tokatu zaie, eta gaizki pasatzen dute tarteka, animoak eman eta eman. Aranaztegi industrialdeko gasolindegian egiten du lan Josean Aisa zarauztarrak, Josune emaztearekin. Erregai eta elikagai saltzaile dira, baina baita bezeroen ezinaren lekuko zuzen ere. Erregaien igoerak jendearen poltsikoa hustu eta mingaina askatu baitu. Jende asko muga-mugan dagoela dio Joseanek, eta egoerak ezin duela luze jo: “Jotzen badu dena geratuko da, eta egoera kudeatzen dutenek ez dute hori nahi”.

Erregaia bi eurora iristear da litroko, zein bilakaera izan du, noiz hasi zen igotzen, Josean?

Erregaia igotzen Ukrainako gerra baino lehenago hasi zen, baina inbasio horrek garestitzea biderkatu du. Egunez egun goraka joan da, egunen batean zortzi zentimo ere igo da. Jendea bere onetik ateratzen hasi zen, urduri jartzen, igotzen hasi zenean. Azken egunetan sumatu dugu jendea erregaia merkeen eskaintzen duten gasolindegiak bilatzen hasi dela. Informazio hori sarean dago, alderaketa egiten da, eta ohiko gasolindegira ez, merkeen dagoenera joaten da bezeroa.

Zuek tartean al zaudete?

Bai. Gurea Gipuzkoako bost merkeenen artean dago, eta bezeroak irabazten ari gara.

Zergatik?

Beno, gure nagusiak direnek (Arakil Oil), euren irabazietatik puska bat kentzea erabaki dutelako. Bi gazte nafar dira. Beraiek negozioa bereganatu  baino lehenago hemen lanean ginen guztiak jarraitzen dugu, denak langile finko, eta telefonoz bada ere harreman emankorra dugu egunero. Pentsatu dute prezio baxuagoak jarrita bezeroak irabaz ditzaketela, eta erabaki ona hartu dutelakoan nago.

Zer dio jendeak, erregaiaren salneurriari begiratzen dionean?

Eguneroko bezeroa beldurtu egiten da, baina egoera askoz larriagoa da profesionalarentzat, bere soldata erregaiaren salneurrian baitago. Furgoneta edo kamioia eramaten duten autonomoentzako zigor ikaragarria da, kilometro asko egiten dituztelako egunero. Profesionala ez denarentzat, tira, depositu bakoitza 30-40 euro izango dira hilean. Dirua da, baina onartzeko modukoa, asko jota bi depositu direlako hilean. Profesional batentzat 100 eurokoa da aldea eguneko, kamioien kasuan, hilean 3.000 bat euro. Banatzaileentzat ere zigorra latza da. Horiek bi egunez behin betetzen dute depositua, edo egunero batzuk.

Eta zuek nola sentitzen zarete, bezeroei erregai litroko salneurria ematen diezuenean?

Beldurra ematen du. Lehen, depositua bete, eta ordaindu beharrekoa esaten genienean, 40 euro botatzen genien, 60 kotxea handia bazen. Orain 80 edo 100 euro dira, kotxea handia edo txikia izan. Beldur pixka bat ematen du bezeroari ordaindu behar duen kopurua esatea, ze erregaiaren igoerari argindarra, gasa eta beste gehitu behar zaizkio.

Testigantza gordinak entzungo zenituzten, ezta?

Sekulakoak, lau bezerotik hiruk gaia ateratzen dutelako. Ez dago besterik. Bezeroa animatzen saiatzen gara, baina azkenerako geuk ere jota bukatzen dugu, panorama gordina delako oso. Komentario gehienak ezkorrak dira, jende asko hilabete bukaerara iritsi ezinik. Muga-mugan daude bezero asko. Aintzat hartu erregaiaren igoerak dendako beste produktu guztien gorakada ere ekarri duela. Dena gora doa, baina jornalak bere horretan mantentzen dira.

Bereziki gogoratzen duzun lekukotzaren bat?

Autonomo askok, lana egiteak, kamioia edo furgoneta martxan jartzeak ez duela merezi diotenak. Gero, erregaia bukatuko dela pentsatzen dutela askok. Badago psikosi hori, eta lehen depositua betetzen ez zuten askok bete egiten dute orain, erregaia bukatu egingo dela sinetsita daudelako. Badaezpada, bete. Azken bi astetan erregai gehiago saltzen ari gara horregatik. Gauza berbera gertatzen ari da ekilore olioarekin. Bukatu egingo dela pentsatzen dute askok, eta saldu eta saldu ari gara dendan.

Gorakada noiz etengo den ere galdetuko dizuete, noski.

Jakina, baina gu langile soilak gara, ziurtasunik ez dugu. Estutzen segituko dutela esango nuke, baina tope bat ere jarri beharko dute, estutzearen poderioz dena gelditu egingo delako, jendea sosik gabe geratu, eta aberatsak euren mozkinak handitu ezinik. Estutuko dute botere ekonomikoek, baina bat-batean joera aldatu egingo da, oreka hautsi egingo delako bestela. Egoera honek jatorri ekonomikoa dauka, tartean gerra bat egonda ere.

Askok esango zizueten estatua tartean dagoela, zerga bidez sos asko jasotzen duelako erregaien bitartez.

Litro bakoitzeko %50 eramaten du estatuak, hain zuzen ere. Orain bi urte irabazten zuenaren bikoitza irabazten du estatuak erregai salmentarekin. Ezin al du %50eko zerga hori murriztu, egoera kritiko honetan? Estatuak bere zerga %25era jaitsiko balu, erregaiaren prezioa 50 zentimo jaitsiko litzateke litroko. Erabaki horrek arnas handia emango lieke langile askori, eta estatuak lehen jasotzen zuen diru kopuru bera jasoko luke, baina…

Zenbat erregai litro sal daitezke Espainian egunero?

Astakeri bat. Kalkulu ez zehatza egin genezake. Espainian 30 milioi auto baldin badaude, eta bakoitzak eguneko 50 kilometro egiten baditu, hiru bat litro, 90 milioi erregai litro dira. Egia da auto askok ez dutela 3 litro behar eguneko, baina horren gainetik ere asko ibiliko dira. 90 milioi erregai litro denera, eguneko, eta batez beste bi eurotan litroa laster. 180 milioi euro dira, horien erdiak, 90 milioi euro, estatuarentzat, zerga bitartez. Egunero-egunero.

Zer nolako panorama aurreikusten duzue aste pare bat barru, Aste Santurako edo?

Erregaien igoera eten egingo da hurrengo astetan, gora eta gora jarraitzen badu hainbat langile kotxea arrankatu ezinik geratuko baita. Profesionalak etxean geratzear daude, dirurik ez galtzeko. Hori bai, ez pentsa atzera bueltan lehen baino hobeto egongo garenik. Pandemia betean erregai litroko prezioa euroaren azpitik egon zen. Ez gara maila horretara bueltatuko, egoera hura ere ez zelako normala. Merkatua kudeatzen duten oligopolioek nahieran erabakitzen dute erregai litroko salneurria, eta garbi dute noraino estutu dezaketen. Eta egoera kritikoa izan baino lehen hartuko dute igoera eteteko erabakia.

Eta noiz izango da hori?

Ez dakit, baina 15 egunean bukatuko dela esango nuke. Goraka jarraitzen badu dena geratuko delako. 2,15 edo 2,20ko muga harrapatuko du erregaiak, baino hortxe geratuko behar luke, oraingo martxan 2,5 euroan kokatuko delako erregai litroa. Kopuru horrek triskantza latza eragingo luke. Eta salneurri hori harrapatzen badu, estatuak konpentsazio moduren bat bilatu beharko du profesionalentzat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!