[Postontzia]

Utzi bakean Jon, Ruben eta Euskal Herria

Urnietako elkartasun ekimena 2022ko mar. 17a, 18:00

2022an sartuta gaude, 2002ko, 2011ko, 2018ko egoera atzean utzita era argi batean. Hala ere, Euskal Herriaren aurkako oldarraldiak bertan dirau, ez du etenik. Oraingoan, Jon Lizarribarri eta Ruben Gelbentzuri bi epaiketa prozesu ireki dizkiete, bata 2020an eta bestea 2021an, Itxaso Zaldua eta Mikel Karrerarekin batera.

Azken hauek aurretik preso daude: Mikel frantziar estatuko ziegetan, eta Itxaso 2020an kartzelaratu zuen estatu espainiarrak.

Rubenek eta Jonek 2020tik haien etorkizunaren gaineko segurtasun falta dute, edozein momentutan presondegirako bidea egin beharraren mehatxupean bizi dira eta 2020ko amaieratik: 15 egunero, komisaldegian sinatuz eta kontuak blokeatuak izanik. Hau gutxi balitz, 2013an, biak kartzelaratuak izan ziren, eta 2014an aske utzi zituzten haien aurkako frogarik ez zegoen eta. Bai 2013ko sumarioan, bai 2020koan, bai 2021koan, 2002ko Euskadi Ta Askatasunaren ekintza batzuk leporatzen dizkiete, baina, nahiz eta 20 urte igaro, epaileek ez dute frogarik lortu haien aurka. Jon eta Rubenen aurkako jazarpen jarrai hau etsaiaren gorroto amaigabearen adierazle argia da.

Egoera honek haien eguneroko bizitzan eragin sakona du, presio emozionala eta pertsonala sortuz. Hortik haratago ere, eraso honek kostu ekonomiko handia du: batetik, kontuen blokeoa dela medio, eta, bestetik, defentsa juridikoa ordaindu beharragatik. Azken honen eraginez, 8.000 eurotik gorako faktura dute Rubenek eta Jonek ordaintzeke: epaitegietako prokuradorea eta abokatuen zerbitzuak ordaintzeko kantitatea, hain zuzen.

Horregatik, dei egiten dugu Jonen eta Rubenen aldeko elkartasun ekimenetan parte hartzera eta, ahal den heinean, ekonomikoki laguntzera, jasaten ari diren jazarpenaren kostuari aurre egin ahal izateko.

Norberak bere aportazioa egin dezake ondorengo kontu korrontean: ES70-3035 0282 51 2821023860.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!