“Gorputzaren gaineko ezagutza bermatu nahi dugu”

Alba Cabrera Jauregi 2022ko mar. 19a, 09:00

Maialen Diez, Ane Lopez de Arregi eta Lorea Barkaiztegi Ilgora espazioko partaideak dira.

Hilaren 21ean, astelehenarekin, irekiko ditu ateak Hernanin Ilgora espazioak. Emakumeen gorputza erdigunean ipini nahi duen talde multidiziplinarra da.

Hutsune bati erantzuteko beharrak eraman zuen Ane Lopez de Arregi hernaniarra Ilgora espazioa irekitzera. Emakumeen gorputzak duen boterean sinetsita egingo dute lan, zirrikitu guztiak zaintzeko eta osatzeko. Horretarako, Maialen Diez emagin andoaindarra eta Lorea Barkaiztegi psikologo urnietarra ere izango dira bidelagun. 

Zu zara proiektuaren motorra, Ane. Behar propio bati jaramon egiteko premiaz ekin zenion osasungintzaren bideari. 

Ane Lopez de Arregi: Oso pertsona mugitua izan naiz txiki-txikitatik. Berehala hasi nintzen atletismoan, zortzi bat urterekin. Alabaina, hamasei urterekin, zorte txarra izan nuen, izan ere, askotariko lesioak izan nituen. Nerabetan, argi nuen fisioterapia ikasi nahi nuela, kirol-munduari begira lan egiteko. Hala, Bartzelonara egin nuen salto, unibertsitatean hasteko asmoz: guztiz ezberdina zen mundu batekin egin nuen topo bertan, hau da, fisioterapiak nik aurreikusi baino ertz gehiago ukitzen dituela jabetu nintzen. Zenbat eta espezialitate gehiago ezagutu, orduan eta gehiago gustatzen zitzaidan. 

Garai hartan, hain justu ere, hileroko min izugarriak izaten nituen, eta oso gaizki pasatzen nuen. Pentsa, lauzpabost egunez klasera falta izan dut horregatik. Hala, mundu guztiak ematen zidan erantzun bera: “Normala da”. Hori horrela, unibertsitateko bigarren mailan, irakasle batek esan zidan horrelako minek badutela tratamendua. Eta, zer pentsatua eman zidanez, beregana jo nuen. Horrela hasi nintzen, lehenengoz, zoru pelbikoa lantzen. 

Horrekin nahikoa ez eta, kirolera bideratutako masterra burutzeaz gain, zoru pelbikoaren gaineko espezializazioa egin nuen. Durangoko klinika batean egin nituen praktikak, askotariko egoeratan zeuden emakumeekin: erditze zaila izan zuen ama batekin, esaterako, bizpahiru hilabetez egon ginen tratamenduan eta ondo baino hobeto oroitzen dudan zerbait esan zidan: “Bizitza aldatu didazue. Hau topatu izan ez banu, ez dakit zer egingo nukeen”. Hori entzun bezain pronto, argi izan nuen zein zen nire bidea: hala, martxoaren 21ean irekiko ditu ateak Ilgora espazioak. 

Zaila, erronkatsua izan al da honelako egitasmo batean hastea?

A.L.: Hasiera batean ez zitzaidan erabakia hartzea kostatu. Beharbada, gerora, proiektua garatu ahala, konplexuagoa bihurtu da. 

Bidean ez zaude bakarrik. Lorea, Maialen, zuek ere batu zarete.

Maialen Diez: Ilusio handiz hartu nuen Aneren proposamena. Egun, ospitalean egiten dut lan emagin gisa, baina, egia da lehen arreta, hau da, osasun-zentroko lana oso gustuko dudala, besteak beste, erditze aurreko klaseak ematea, nolabaiteko lotura sortzen delako jarraipena egiten diozun amarekin. Oso polita da hartu-eman hori. Hortaz, proposatu egin zidanean, eta ospitaleko lanarekin uztartu nezakeela ikusita, bi aldiz pentsatu gabe eutsi nion Ilgorari. Gainera, fundamentu handikoa da Ane, eta, nahiz eta gaztea izan, ideiak oso garbi ditu; horrek ere lagundu ninduen erabakia hartzen. 

Lorea Barkaiztegi: Nik Maialenen eskutik izan nuen egitasmoaren berri. Oso interesgarria iruditu zitzaidan, eta, handik, gutxira, neu ere proiektuaren parte izateko proposamena luzatu zidan. Aurrera, bada!

Ilgora. Ziklo bakoitzean. Gorputzaren zikloei erreparatuko al diezue zuenean?

A.L.: Izena ere apur bat ideia horretatik dator; ilargiaren zikloarekin lotuta dago gure espazioa, emakumeen zikloekin, izan ere, horiei eman nahi deigu garrantzia, hain justu. Ez dugu geure gorputza ondo ezagutzen; oso mundu zabala da. Finean, modu batera edo bestera, gorputzaren gaineko ezagutza bermatu nahi dugu. 

Bide horretan, zerbitzu indibidual eta pertsonalizatua eskaini nahi duzue; eta, horretarako, hiru profesional, nor bere esparrutik lanean. 

M.D.: Haurdunaldiaren jarraipenari dagokionez, prestakuntza-tailerrak egingo ditugu. Hiruron artean kudeatuko dugu hori. Nire kasuan, besteak beste, haurdunaldiaz zein erditze-prozesuaz mintzatuko naiz; bestalde, erditze osteko kontsulta pertsonalizatuak egingo ditut, baita edoskitzearen gaineko laguntza eman ere. 

A.L.: Alde batetik, fisioterapeuta naizenez gero, terapia orokorra egingo dut. Beste alde batetik, zoru pelbikoari berebiziko garrantzia eman nahi diot: haurdunaldian, niri dagokidan prestakuntzan, pelbisa, franja abdominala, zoru pelbikoa etabar landuko dugu. Finean, emakumea erditzeko unera ahalik eta baldintza fisiko egokienetan iristea dugu helburu. Horrez gain, disfuntzioetan arreta ipiniko dugu, hala nola, hileroko minak, inkontinentziak, sexu-harremanetako minak, prolapsoak, episiotomiak, zesareak…

L.B.: Alderdi psikologikoari zein emozionalari erreparatuko diot nik hitzaldietan nahiz tailerretan. Informazioa emateaz gain, beren premiek espazioa izango dute gurean; beldurrak aztertuko ditugu, baita espektatibak ere. Halaber, gorputzaren eta emozioen harreman estuaz jakitun, horri lotutako edozein laguntza ere bermatuko dut, emakumeentzat eta gizonen-
tzat. 

M.D.: Ildo beretik, kanpo-ekarpenak oso ongi etorriak izango dira gurean. Pentsatu dugu, hilean behin edota bi hilean behin, tailerrak sortzea. Gaiak eskakizunen arabera erabakiko dira. 

Talde multidiziplinarra osatzen duzue. Garrantzitsua al da gorputzari hainbat begiradatik eustea ongizatea bermatzeko? 

L.B.: Jakina. Makina bat arrazoirengatik sortzen zaizkigu zauriak gorputzean. Hortaz, aberasgarria izango da zauri horiek osatzea, askotariko abiapuntutatik. 

A.L.: Min batek ez du sekula jatorri bakarra. Zoru pelbikoan, adibidez, psikologoaren rola faltan bota izan dut, maiz; oso atal intimoa da eta eragin handia izan dezake pertsona baten gorputzean. Adibidez, alderdi psikoemozionalak pisu handia dauka 17 urteko nerabe bat datorkidanean esanez ez duela sekula lortu minik gabe sexu-harremanik izatea. Ziurrenik, ezjakintasunak lotsa sorrarazten du une horretan, eta pertsona “arraroa” sentitzen da. Oraindik ere, kosta egiten zaigu horrelako gaien gainean hitz egitea. Isilpean ematen diren aferak dira, eta guk irtenbidea eman nahi diegu horiei. 

Zenbait zerbitzu gizonezkoei bideratu arren, batez ere, garrantzia emakumeek izango dute Ilgoran. Ez da kasualitatea.

A.L.: Gizonezkoentzat ere bideratu dugu arreta, zeren zoru pelbikoa baitaukate, eta, ondorioz, disfuntzioak ere eduki ditzakete. Alabaina, beharra ikusten dut, batez ere, emakumeei begira, espazio bat sortzea. Gai tabuak izan dira (eta dira) denbora luzaroan emakumearen gorputzari lotutako kontuak. Eta ideia horixe dugu oinarri: segurtasuna eta konfiantza eman nahi diet emakumeei, nork bere burua ere zaindu behar duelako; ez dugu gainerakoak zaintzen egon behar beti.

Hitz gutxian, borobiltzeko. Zer da zuentzat Ilgora. 

A.L.: Konfiantza.

L.B.: Ilusioa.

M.D.: Aukera berri bat, bai guretzat, bai etorriko diren emakumeentzat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!