Martxan da 111 Akademia Sariaren bigarren bozkaketa-txanda

Aiurri 2022ko mar. 18a, 13:23

Pello Lizarraldek irabazi zuen 2020ko 111 Akademia Saria

111 Akademia Sariaren bozketaren bigarren itzulia abiatu berri da, 2021. urteko irabazlea erabaki ahal izateko. Lehenengoz, urtarrilaren erdian hasi zen hautaketa, otsailaren 27ra arte. 

Lehenengo itzulian, Eider Rodriguezen ‘Eraikuntzarako materiala’ eta Alberto Ladron Aranaren ‘Mendekuaren hazia’ izan ziren lanik bozkatuenak, baina ez batak ez besteak ez zuen saridun izendatzeko behar den botoen % 30 lortu. Egoera horretan, beraz, 111 Akademiaren arautegiari jarraiki, aipaturiko bi obrez gain, beste hiru igaro behar ziren bigarren txandara. Alabaina , Rodriguezen eta Ladron Aranaren lanen atzetik, berdinketa izan zuten bost liburuk, bozkei dagokionez. Ondorioz, hori ez apurtze aldera, aurten, zazpi, lan igaro dira bigarren bozketa-txandara.

Martxoaren 27a baino lehen bidali beharko dute akademiakideek horietako baten aldeko botoa. Bigarren buelta horretan libururen batek jasotako botoen % 40 bereganatuko balu, 111 Akademiak huraxe izendatuko luke 2021eko saridun. Kopuru horretara iristen den lanik ez balego, berriz, bi bozkatuenak finalera pasako lirateke.

Eraikuntzarako materiala, Eider Rodriguez

Harea, zementua, karea. Zerekin taxutu absentzia? Nola zutitu ez dagoena? Zegoenean ere, maiz erortzear zena? Etxeak egiteko behar den guztia saltzen zuen aita bat. Alkoholak blaitutako aita bat. Heriotzaren atezuan abiatzen du kontakizuna liburu honetako narratzaileak. Heltzear da, helduko da, eta hainbestetan sofatik lan handiz altxatzen ikusitako aita, kalea balantzaka zeharkatu eta bulegoaren iluntasunean gotortzen zena, hitzekin laztantzeko modu bat entseatuko du alabak. Batera eta bakarka izandakoaren memoria sortu. Zaldiak, igerilekua, kaleko jendea, bigarren etxe izandako almazena, sua, azulejuak, soldaduskako eskutitzak, Benicassimeko apartamentua, gasolina, landareak. Aita baten puskak bildu ditu Eider Rodriguezek bere aurreneko nobelan. Denboran luzatutako gainbeheran murgildu, eta, izendatu ezin direnen aurrean, eremu laiotz bat argitu.

Mendekuaren hazia, Alberto Ladron Arana

Andoni Isok bere andregaia akabatu zuen Donostian, anker eta hotz, baina Ertzaintzak ezin izan zuen haren aurkako frogarik topatu. Handik urte batzuetara, berriz, beste emakume bat hil eta desagerrarazi duela dirudi, Nafarroan, baina neskaren gorpurik ez da inon ageri, eta hilotzik ezean ezin hilketarik egotzi.Leire Asiain Foruzaingoko inspektorea jo eta su saiatuko da, bere talde osoarekin, kasua argitzen eta Isoren akatsen bat harrapatzen, baina, susmoak eta arrastoak pilatu arren, ikerketak aurrera egin ahala, misterioa argitu ordez, mataza nahasia are gehiago loditzen eta korapilatzen doa.Asiain inspektorearen kasu berri bat, misteriozko eleberrien maisuaren eskutik.

 

Doneaneko alaba, Juan Kruz Igerabide

Maitasunak, tragediak, ezinak, bizi-pozak elikatzen ditu pertsonaiak, eta gizarte-gatazken oihartzunak sartzen dira narrazioaren zirrikituetatik, gizakiaren ondare mitologiko basatiaren errainu behin eta berrizkoak.

 

 

 

 

 

Euri zitalari esker, Itxaro Borda

Detektibe jardunetik erretreta hartzear da Amaia Ezpeldoi. Hala agindu dio Joana Garralda maitaleari; Baionako apartamentuko puskak bildu eta harekin joango dela Atharratzera, mendialdean bizialdi berri bat hastera. Ez ditu alferrik hirurogeiak gertu. Alta, dei bat jasoko du ezustean: Maddiren ama da, atezuan, gauetik goizera Landetara ezkondu zen alabaren berri ez duelako izan aspaldi.

Garraldaren 4x4a hartu eta haren atzetik abiatuko da Ezpeldoi, Maddiren desagertzea azken kasua izango duela zin eginik. Sexua, dirua, telesailak, ikasle garaiko bulkadak eta sarearen ezkutalekuak; aztarna bihurrien eta aspaldiko lagunen eskutik aitzinatuko da bilaketan, oihan sarri baten gerizpetik argirantz irteten duenaren gisan.

Bere pertsonaia sonatuaren ibilietara itzuli da Itxaro Borda kontakizun berrian, ezari-ezarian, keinu azkengabeak eginez hizkuntzari, euskal jendarteari, adiskidetasunari eta beste zenbait hari ez singleri.

Faith, Lander Garro

Xabi Ugarte Bartzelonara doa, argazkilaritza ikasteko aitzakiaz Euskal Herriko errepresio-girotik aldentzeko asmoz (edo alderantziz). Ohe baten bila hasi beharko du, lagunen eta ezagunen etxeetan; hiri handiko kale eta txokoetara moldatzen joango da, Bartzelona bertako jendea nahiz han egokitutako euskaldunak ezagutzen, zinema-eskolan izena eman eta arlo horretan lehen pausoak ematen…
Bere familiak nozituriko zapalkuntzaren motxilak bizkar gainean jarraitzen du, ordea, bai Ugarteren gogoeta eta oroitzapenetan, bai poliziaren eguneroko jardueran ere: Xabiren anaia eta arreba ihes eginda daude, edozein unetan atxilotu ditzakete, eta bere inguruan ere txakurren itzal eta usain nahasezina sumatzen du.

 

Herriak ez du barkatuko, Irati Goikoetxea

ETAk aita hil zion Oihanari duela hogeita bi urte, berak hemeretzi zeuzkala. Zauria bizirik du oraindik, baina ez du horretaz inorekin hitz egiten; bere seme-alabei ere ez die ezer argirik kontatu, nahiz eta barruan sumatu on egingo liekeela denei. Ezustean, biktima ezberdinen lekukotasunak jasotzen dabilen antropologo baten deia jasoko du, ea berarekin bildu nahi duen.

Gai minbera bat sentiberatasunez landu du Irati Goikoetxeak bere lehenengo eleberri honetan, aldarri ozenen ordez enpatia ahalegin bat eginez, delikadeziaz eta emozioz. Hitzen ukenduak ere balio duelako oinaze zaharrak leuntzeko, edertasunak ere lagundu dezakeelako pertsonak –eta herriak– hobeak egiten.

 

Izurdeen aurreko bizitza, Kirmen Uribe

Euskal kondaira zahar baten arabera, izurdeak, garai batean, pertsonak izan ziren. Izurde bilakatu ziren laminen maitale izatearren. Eta behin gorputzez aldatuta, ezin berriz lehengora itzuli. Migranteari ere gertatzen zaio halakorik herrialdez aldatzen denean. Mudatzen zaio bizitza eta ezinbestean baita atzean utzitakoarekiko lotura ere. Uri, Nora eta bien seme-alabak New Yorkera lekualdatuko dira liburu honetan. Rosika Schwimmer sufragista eta bakezalearen bizitzan oinarritutako nobela bat idatzi nahian ari da Uri: nola hazi zen zaldi eta kontzertu artean, nola lotu zen emakumeen askapen mugimendura, nola antolatu zuen Gerra Handiari aurre egin nahi zion bake-ontzia. Haren urratsak ikertu bitartean, ordea, bereak ere aterako zaizkio bidera, haurtzaroko bizipenak, faro bat arrosaz margotu zutenekoa, izebarekin konpartitutakoak. Familia ezari-ezarian hirian etxe egiten doan bitartean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!