“Oinak lurrean” ipinita dator Errigora

Aiurri 2022ko mar. 25a, 09:39

Hilaren 30era bitarte izango da aukera Errigorako tokiko produktuen eskariak egiteko, online .

Nafar Hegoaldea oinarri duen proiektua da Errigora, eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, tokian tokiko produktuetatik abiatuta eta auzolana lanerako tresna nagusi. Hala, urteroko ohiturari eutsita, hemen da udaberriko eskaintza, “Oinak lurrean”, lelopean.

Martxoaren 10etik 30era bitarte izango da aukera eskariak egiteko. Zer dago eskaintzan, baina? Bertako oliba-olio birjina estra eta kontserba, arroz, pasta eta lekale-sortak eskatu ahal izango dira, euskaraz etiketatuta eta, auzolanari esker, ekoizlearen jatorrizko prezioan.  

Sorreratik, biderkatu egin da proiektuarekin bat egin duen herritar-kopurua. Hori horrela, baikor ageri dira antolatzaileak: “Gorako eskaera horrek balio behar du gero eta handiagoa izan dadin bestelako ekoizpen-ereduen arabera lantzen den lur-eremuaren zatia, eta bestela bana dadin bere uzta”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!