Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren biltzarra egin dute Urigain etxean

Aiurri 2022ko mar. 26a, 15:25

Andoaingo Urigainen batzartu dira Larramendi Bazkuneko kideak, gaur goizean. Aitor Amutxastegi izan da batzar nagusiko biltzar burua eta Jon Unanue idazkaria.

Izurritearen bigarren urtean taldeak urteko dinamikari eutsi zion 2021ean. "Mujeres de barro" ikerketa liburuaren salmentak eta Julene Azpeitiaren biografia aipatzen hasi da Jon Unanue Bazkuneko zuzendaria. Hemerotekari dagokionez, aurrera doa aldizkaritegia osatzeko eta aberasteko ekimena.

111 Akademiari dagokionez, sari banaketa ekitaldia, webgunea eta aldizkaria aipatu ditu Unanuek. Etorkizuna bermatzeko Eusko Jaurlaritzaren urte anitzeko dirulaguntza deialdia zabaltzear dela gogorarazi du. Martin Ugalderi buruzko aldizkari monografikoa prest dutela aurrerartu dute, eta egun hauetan nola eta noiz aurkeztu aztertzen ari dira. Ugalderen inguruan egitasmo gehiago lantzen ari da Larramendi Bazkuna.

Bertaratu direnen artean parte hartzea izan da. Bazkide batek pandemiagatik egin ezin izan ziren egitasmoak urteko memorian aipatzea merezi duela nabarmendu du. Beste batek 111 Akademiak aurrera egiteko aukera erreala txalotu du.

Egoitza

Ane Jalon lehendakariak egoitzari buruzko xehetasunak eskaini ditu. Doktor Huitziko egoitza utzi eta berria lortzeko egindako urratsen berri eman du. Aukera bat bazegoen Kale Nagusian, baina ez da aurrera atera arrazoi ezberdinak medio. "Zein da gaur egungo egoera?", bota du Jalonek. Herriratzeko asmoarekin jarraitzen du Bazkunak, eta ikusgarritasun gehiago lortze aldera beste kokapen batzuen bila joan beharko dute. Ideia bat badute, eta lehen pauso hori Andoaingo Udalarekin eman nahi dute.

Egoera ekonomikoa

Estu samarra da egoera, azken urteotan oso estua izanik sarreren eta gastuen arteko aldea. Horrek likidezia arazoak eragiten ditu, tarteka, urtean zehar.

Bazkunekoa da Erroitz baltzu mugatua, Aiurri hedabideen argitaratzailea. Haien jardueraren berri eman du Jon Ander Ubedak, eta bazkideek ontzat eman dute iazko jarduna eta balantze ekonomikoa.

Etorkizunera begira

Lau oinarri ditu Bazkunak, 2022rako eta etorkizunerako:

  1. Ekonomikoki egonkortzea, eta aurreko urteetako estuasunetik aldentzea.
  2. Egoitzarekin duten premiari irtenbidea ematea.
  3. Garagorrienea egitasmoarekin aurrera egitea.
  4. Herri mailako giroa eta herritarren atxikimendua suspertuko duten ekimenak
    antolatzen ahalegintzea. Adibidez, Andoainen Gau Beltza martxan jartzea.

2022ra begira, egitasmoen inguruan bazkideek iritzia emateko eta galderak egiteko aukera izan dute. Gehienak, etorkizunari begira. Larramendiren "El imposible vencido" liburu aitzindariaren mendeurrena edota Andoain mailan eragiteko egitasmoak hizpide izan dituzte, besteak beste. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!