"Amatasunaren korapiloak askatzen saiatu gara"

Alba Cabrera Jauregi 2022ko api. 8a, 14:20

Bertsolaria izateaz gain, dantzarekin harreman estua du Iguaranek. ©lanku

Oihana Iguaran bertsolaria

Amatasuna hizpide, musika, dantza eta kantua uztartzen dituen ikuskizuna da "AMAraun". Amasa-Villabonako Gurea antzokian izango dira apirilaren 7an

alba cabrera jauregi eskualdea

Irunez iraun nahi dute Oihana Iguaran bertsolariak eta Amaiur Luluaga dantzariak, Lankuren babesarekin. Horretarako, amatasunaren erraietara egin dute bidaia, taula gainean, "AMAraun" antzezlanaren bidez.

Amaiur Luluaga dantzariarekin batera sortu duzu proiektua. Alabaina, ez dugu dantza-ikuskizun bat aurreikusi behar, ez eta bertso emanaldi bat ere ez. Zerekin egingo dugu topo?

Ikuskizuna sortzeko proposamena iritsi zitzaigunean, eta obra nola ardaztu lantzen hasi ginenean, garbi ikusi genuen ez zirela bertso dantzatuak izango, ez eta dantza soilak hitzak jarrita. Arreta handiagoa ipini dugu kontatu nahi dugun horretan, eta, horretarako, bertsoak eta dantzak ez diren beste baliabide batzuk ere hartu ditugu kontuan, zenbaitetan, geure buruaren gainetik, baina konbentzimenduz, kontatzeko dugun hori ulertuko delakoan.

Eta, hain justu ere, erabaki bat kokatzen da bidaia horren abiapuntuan: “(Ama) izan ala ez izan”.

Amatasuna dugu hizpide. Ama izan ala ez izan galderak hainbat adar irekitzen ditu; izan ala ez izan baino, izan, nola? Hots, zein baldintzetan, zein egoeretan… Ni ama izan berritan nengoen ezbai horri eutsi genioenan, eta Amaiur zalantzan zen ea posible zuen amatasun proiektua dantzari ibilbidearekin gauzatzea. Aferari bueltak ematen hasi eta jabetu ginen emanaldi bat sortzeko adinako edukia geneukala.

Bidaia horri “AMAraun” izena ipini diozue. Zergatik? Zer bildu duzue armiarma-sare horretan?

Amaraunaren irudia oso egokia iruditu zitzaigun amatasunaren korapiloak aletzen, askatzen saiatu garelako emanaldian. Finean, nola mugatzen gaituzten ulertu nahi izan dugu, hari horiek nondik datozen ikusten, zeinek nahiz zertarako lotzen dituen hausnartzeko.

Halaber, bigarren zentzu bat eman nahi genion amaraunari: likatsua eta preso mantentzen gaituen armiarma-sare hori izan beharrean, elkar sustengatzeko sare gisa irudikatu nahi izan dugulako. Hala, emanaldi honetan, hain justu ere, bi aldeak elkar gurutzatzen dira: batetik, amatasunaren kateak nahiz korapiloak; eta, bestetik, elkarri eusteko loturak.

“(Ama) izan ala ez izan”. Maiz, zamak, presioak al dakartza soinean galdera horrek?

Sarritan, gure baitan, ez gaitu hainbeste estutzen. Alabaina, askotan galdetzen zaigu kanpotik, espektatibaz, gainera. Galdetu baino, exijitu egiten zaigu: “Noiz izango zara ama?”. Ikuspuntu hori ere landu dugu obran, galdera horren tranpa, jatorria eta ondorioak arakatu ditugu.

Ama izateko eredu jakinik gailentzen al da jendartean? 

Ama izateko pertsona beste eredu dago, eta, are gehiago esango dut, haur beste ama daude. Batzuetan, gainera, ume horrek bi ama dauzka, edo gehiago. Zer gertatzen da, ordea? Eredu orokor batzuk bistaratzen zaizkigula, eta gainerakoak itzalean gelditzen direla, edo eremu askotan ez dira existitzen. Hortaz, zirrikitu bat zabaldu nahi izan dugu,  singulartasun horrekin apurtzeko. Askotan preso sentiarazten gaituen amatasun eredu idealizatua aletu, ireki eta arakatu nahi dugu, bakoitzak hortik baliagarria zaiona hartu behar duela aldarrikatzeko. Izan ere, kanpo epai asko bizitzen dira esperientzia horretan.

Zuek, baina, amatasunaren bidaia hipotetiko bat gorpuztu eta abestuko duzue. Ama izateko hamaika moduri egin nahi al diezue aitortza? 

Amatasun eredu ideal hori desegin nahi dugu, nondik datorren ikusi, zeren gainean eraikitzen den, zeintzuk uzten dituen atzean, zein, azpian. Hori bera irauli eta bestelako ereduak bistaratu nahi ditugu. Emanaldiari begira, eta ordu beteko ikuskizuna izanik, erabakiak hartu behar izan ditugu. Esate baterako, intimotzat jotzen diren egoera batzuk taularatzeko (erdiondoa, adibidez), eredu hegemoniko xamarra darabilgu. Halere, ama izateko makina bat modu daudenaren jakitun, horiei guztiei erreferentzia egiten ahalegindu gara, presentzia izan dezaten.

Amatasunaren bidegurutzean, bata. Ama izan berri, bestea. Biak ala biak, alabak. Zuen bizipenetik asko al du ikuskizunak?

Bion esperientzia horretatik abiatu zen gaia landu nahia, zeren gurutzatzen eta eragiten ziguten zenbait eztabaida baitaude. Horrez gain, ikusi genuen horiek dimentsio soziopolitiko bat ere bazutela, eta ez zela soilik guri eragiten zigun kontu bat. Horrela, zentzua hartu zuten mahaigaineratu nahi genituen galderek.

Gure bizipenetatik, kezketatik, beldurretatik, ideietatik, mamuetatik eta umorerako aitzakiatik ondu dugu ikuskizuna, baina gertatu ez zaizkigun esperientziak ere bildu ditugu, bai eta ezagunak ez diren horienganako enpatia landu ere. Gure aburuz, identifikatuta sentituko dira ikus-entzuleak.

Zentzu horretan, esan beharra dago guztioi ukitzen gaituen gaia dela amatasuna. Guztiek daukagu, gutxienez, ama bat. Denoi eragiten digun gaia da amak nola tratatzen diren instituzioetan, jendartean nahiz komunitatean, familian. Horri garrantzi handia eman diogu, baita alaba begiradatik ere. Gauzak horrela, bide honek gure amak berrirakurtzen lagundu digu, korapilo horietan, gu beste aldean kokatuta, nola tratatu izan ditugun hausnartzeko.

Zein leku du amatasunak gurean?

Luze hitz egin daiteke gaiak duen lekuaren gainean, baina amatasunaren zenbait ertz goratu egiten dira, eta, beste batzuk, ostera, alboratu, epaitu, baztertu, ukatu eta isilarazi. Gai honetan bada zer irakurria; azken urteetan, euskal literaturan obrak argitaratzen ari dira, baina uste dugu garrantzitsua dela gaia taularatzea, hitzaz gain, eztabaidari gorputza jartzea ere berebizikoa delako. Guri, behintzat, barrenak mugitu dizkigu amatasuna gorpuzteko ariketak.

Apirilaren 7an estreinatuko duzue Amasa-Villabonan. Aurrera begira, emanaldirik aurreikusita?

Hala da, ostegun batez izango gara Gurea antzokian. Gogo handiz gaude, oso eskertuta, bertan gabiltzalako obraren prestaketa-lanetan, eta eskertzekoa da Udalak izan duen eskuzabaltasuna, espazio osoa gure esku utzi duelako entsegurako nahiz muntaierako. Aurrera begira, bostpasei toki ditugu lotuta, besteak beste, Zizurkilen eta Anoetan izango gara, baita urrutiago ere. Elkarrizketa bati ekin diogu obra honen bidez; hainbat gai ekarri ditugu oholtza gainera. Horrenbestez, gustatuko litzaiguke, ikuskizunetik harago ere guk hasitako elkarrizketak jarraitzea eta bakoitzak iruditzen zaino amaraunaren hariari tira egitea.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!