"Profesionaletako azken partida bi hamarkada betetzen ditudan egunean jokatuko dut Leitzan, jaioterrian"

Andoni Urbistondo 2022ko mai. 7a, 08:00

"Pilotazaleen aldetik beti sentitu izan naiz maitatua", dio pilotariak.

Aurreko asteburuan Oinatz Bengoetxea pilotariak agur esan zien Andoaingo, Amasa-Villabonako eta eskualdeko pilotazaleei.

Lehen Mailako pilotari profesional jarduna bukatutzat eman behar izan zuen Oinatz Bengoetxeak bi hilabete atzera (Leitza, 37 urte), baina pilotan jokatzen segitzen du herri txikietan, jende multzo ikaragarriak erakarriz. Urrian utziko ditu frontoiak, hogei urteko bidea osatu ostean. Hilaren 29an, Andoainen izan zen eta, 30ean, Amasa-Villabonan. 

Zer moduzko bizitza daramazu Lehen Mailan jokatzeari utzi zenionetik, Oinatz?

Bi hilabete pasa dira dagoeneko, ongi bizi naiz, batez ere, aste egunetan. Asteburuetan ez hainbeste, partidak jokatzen segitzen dudalako. Herri txikietan jokatzen ari naiz, batez ere, eta, gero, hango afaria, hemengo ospakizuna… Nahiko martxa badut, asteburuetan.

Exijentzia handiko lanbide batetik hainbestekoa eskatzen ez duen besterako trantsizioa ez omen da erraza izaten. Nolakoa izaten ari da zurea?

Gimnasiora joaten segitzen dut, astean bitan edo, baina lehen baino lasaiago. Alor fisikoa zaintzeko behar den gutxieneko lana egiten ari naiz, gero asteburuan jokoan jarraitzen baitut. Momentuz, bizpahiru partida jokatzen ari naiz astebururo, baina uda hurbildu ahala kopuru hori handitu egingo da, eta astean zehar lasaiago egoteko baliatzen dut.

Eskaintza asko izaten ari zara, ezta?

Bai, ikaragarria. Ez nuen espero. Hainbesterako, zenbait eskaerei ezezkoa emateko beharrean egon naizela. Egutegi osoa betea daukat, eta ezin, leku guztietara joan.

Zein hausnarketa eragiten dizu horrek?

Pilotazaleen aldetik beti sentitu izan naiz maitatua. Orain arte ez dut herri txikietan jokatzeko aukera gehiegirik eduki, eta orain ate hori ireki denez, ba denek nahi dute euren herrira bertaratzea. Herri txikiek sos gutxiago izaten dute, eta orain ikusi dute nire moduko pilotari bat lotzeko aukera.

Hogei urte fokuen erdigunean. Orain horietatik kanpo geratzeak ez al zaitu beldurtzen?

Ez, batere ez. Bi hamarkada izan dira arreta gune izan naizela, eta nekatu ere egiten zara. Akaso, partida handiak jokatzea botako dut faltan, baina komunikabideen arreta gune ez izatea, ez. Lankide asko ikusi ditut erretiratzen, nola geratu diren bigarren plano batean, urte luzez komunikabideen begiradape zorrotzean egon ondoren, eta bizimodua aldatu egiten da. Ari naiz dagoeneko momentu hori ezagutzen, eta fokutik erabat desagertzea espero dut hilabete batzuetan.

Nonbait irakurri nuen, nahi izanez gero beste zortzi urte emango zenituela frontoian pilotari eman eta eman.

Ez dakit, baina ni hitzeko gizona naiz, beti hala izan naiz, eta esandakoa beteko dut. 20 urteko bidea osatzeko ilusioa neukan, eta urrian betetzen ditut. Profesionaletako azken partida bi hamarkada betetzen ditudan egunean jokatuko dut Leitzan, jaioterrian, plazan, eta kito. 20 urteko kopuru hori zoragarria da, gozoa, eta nire despedidatxo pertsonalak nik nahi bezala egiten ari naiz herri txikietan. Hitzartutako konpromiso guztiak bete nahi nituzke, minik hartu gabe. Leitzen hasi nintzen, eta hemen bukatuko dut, perfektua niretzat.

Belaunaldi bateko azken ordezkaria zara, Oinatz. Juan Irujo joan zen, Abel Barriola, Aimar Olaizola, orain zu…

Belaunaldi horretako azkena izan naiz beti, eta erretiratzen azkena. Bi belaunaldi horien arteko zubi-lana egin dudala esango nuke. Kontent naiz bizi izan dudan une horregatik.

Hiru txapelak, banakakoa, binakakoa eta lau terdikoa irabazi dituzten zazpi pilotarietako bat zara. Bizitza osoan gordetzen den lorpena da hori.

Bai, eta harro nago koroa hirukoitza lortu izanaz. Pilotari onenen aurka jokatu izan dut urtetan, eta pribilegiatua sentitzen naiz, eskertua izan edo eman didaten aukeragatik. Txapela batzuk ere lortu ditut, baina, buruan emango ditudan txapelez gain, hainbat partida on gordeko ditut bihotzean. Oso harro nago nire jardunaz.

Zer egin behar du Oinatzek urritik aurrera?

Zerbait egin beharko dut, bizitzeko. Proiektu pare bat baditut buruan, baina ez dut erabaki oraindik. Ongi bizitzen ahalegindu, ahaleginduko naiz. Lortuko ote dudan ez dakit.

Pilotari profesional izan zarenean egin ezin izan dituzun gauzen artean, zer egitea gustatuko litzaizuke?

Beno, Himalaia aldera joan trekking bat egiteko, 2023an. Dagoeneko hitz egiten hasiak gara, eta hori da orain buruan daukadana, Pakistango Karakorum aldera edo joan nahi nuke, bidaia basatiaren bat. Munduan barrena asko ibili naiz, orain ere hala egiten segitu nahi nuke.

Nola gustatuko litzaizuke jendeak Oinatz Bengoetxea gogoratzea?

Beste elkarrizketaren batean ere esan nuen. Gogoarekin eta pasioarekin jokatzen zuen pilotaria gisa.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!