“Pandemiak erakutsi digu hari mehe baten menpe bizi garela”

Andoni Urbistondo 2022ko mai. 7a, 09:00

Ixabel Santa Kruz eta Joxe Lasarte Larre-Gain sagardotegiko jabeak dira. Igandean eman zuten bukatutzat 2022ko denboraldia, eta pandemia. Beldurrez tarteka, moldatzeko komeriekin bestetan, baina kontent dira jendearen erantzunarekin.

Ixabel Santa Kruz Ereñotzuko Larre-Gain baserriko alaba da. Bertara bildu zen Joxe Lasarte urnietarra, Aierdi baserriko semea. Hogeitazortzigarren sagardotegi denboraldia bukatu berri dute, justu ostalaritzan musukoen erabilera bukatu denean. 64na urte dituzte Ixabelek eta Joxek, eta Arnaitz semeari testigantza emana diote, dagoeneko.

Igandean bukatu zen 2022ko denboraldia. Nola joan da txotx garaia?

Ixabel Santa Kruz: Ondo. Hasieran nahiko beldur eduki genuen, muga dezente zeudelako indarrean. Denbora aurrera joan ahala gero eta gutxiago izan dira mugak. Jendeak jarrera ona izan du.

Joxe Lasarte: Pitxarra edo botilarekin zerbitzatu genuen sagardoa lehen asteetan, pilaketak saihesteko, baina sagardotegi gogoa sumatu dugu, batez ere azken asteetan. Esango nuke pandemiaren azken adarkadak halako grina piztu duela jendearengan. Denboraldia txukuna izan da.

Lastima musukoak eramateko beharra denboraldia bukatzear dela kendu dutela, ezta?

I.S.: Beno, ez genuke asko nabarituko. Gurean txotx garaia maiatzeko lehen igandearekin bukatzen dela argi izan dugu hasieratik, eta beti horrela izan da. Azken urteetan zerbait aurreratu da hasiera, baina, normalean, San Sebastian egunarekin hasten da txotx garaia, eta maiatzeko lehen igandearekin bukatu. Orain musukoa kendu izanak ez gaitu eragiten.

J.L.: Txotx garaia luzatuko bagenu, jendea etorri, etorriko litzateke, batez ere asteburuetan, baina uda gerturatzearekin bat, jendeak kanpora begiratzen du bazkaltzera joaterakoan, barrura baino gehiago.

Pandemia azkenetan ote den. Ze oroitzapen geratzen zaizue, bi urte geroago?

I.S.: Hasieran itxiera 15 egunerako izango zela esan zen, baina guk bigarren egunerako sumatu genuen denboraldi osorako izango zela, eta iazko txotx garaia ere ziurra ez zela berehala eman genion tankera. Etorri moduan hartu behar izan genuen.

J.L.: Gurean beste diru sarrera bat bagenuen, behintzat, eta gaitzerdi. Etxe bakoitzean egoera ezberdina izan liteke, egindako inbertsioen arabera eta beste. Ez zen erraza izan. Ondo gogoan dut 2020ko martxoaren 13a zela, ostirala. Bazkariak eman genituen, eta gauean itxi egin behar izan genuen, eta erreserba egin zuten guztiei deitu. Denboraldi erdia libratu genuen, gaizki ez. Iaz xelebreagoa izan zen: %50eko edukiera, gauetan itxita, lauko taldeak, bost etortzen zirenean, hiru alde batera eta bi bestera, Hernani gune gorrian sartu eta itxiera perimetrala jarri zenean, Hernanirekin muga egiten ez zuten herrietako bezeroak ezin etorri guregana, eta 80 lagunekin edukieran goia jo behar… Elikagaiak erosterakoan eta beste erotu ginen. Aginduak, gainera, goitik etortzen ziren, eta egun batetik bestera, moldatzeko tarterik gabe apenas. Duda putzu batean murgilduta aritu gara luze.

I.S.: Iaz gorabehera handiak izan genituen. Ireki, gero itxi, beste 15 egun ireki zen berriz, etxean positibo batzuk izan eta itxi egin behar… Garai xelebreak izan dira oso. Jendeak ere beti galdetzen zuen, erreserba egiten zuenean: ‘Ea ba, joateko modua daukagun’, esaten zuten askok. Dudak guk, eta dudak bezeroak, denek izan ditugu.

Zer erakutsi dizue pandemia zital honek?

J.L.: Hari mehe baten menpe bizi garela, eta momentu batetik bestera dena bukatzen dela. Nola jokatu halako egoera baten aurrean? Ezin asmatu. Guk lasai jokatzea erabaki genuen, itxi egingo genuela jakinarazi, baina abisu garbia jaso genuen; zintzilik bizi gara. Zertan ari gara? Ondo ari al gara? Merezi al du gabiltzan moduan ibiltzea?

I.S.: Aurten ere hasi ginen, baina zalantza asko, zer etor zitekeen, zer ez, geure buruari galdera piloa eginez… Oraindik orain galdera asko egiten dizkiot nire buruari, ze tentsio betean ari zara lanean. Merezi al du? Osasunari ere begiratu beharko diogu ba…

Eta, ondorio garbiren bat atera al duzue?

J.L.: Sarri galdetu izan diogu ea merezi ote duen aritu garen bezala aritzea. Eta, batez ere, zertarako, ondare handiagoa izateko? Indar handia izan du ez garela guretzat bakarrik ari, etorkizunean, Arnaitz semea negozioari segida emateko asmotan baita. Gurea antolatua dago, emaztea ere jubilazioa hartzeko gertu da… Lan-moldea aldatu dugu pixka bat: mahai batzuk kendu, jende gutxiagorekin jardun, lasaixeago aritu, gauetan bezeroak jaitsi direla ikusita, akaso gau batzuk itxiko ote ditugun aztertu… Lanean aritzeko arazorik ez daukagu, baina lasaixeago aritu nahi genuke.

I.S.: Jende gutxixeagorekin ohikoak diren bezeroak gusturago sumatzen ditugu, eromen puntu hori gabe. Agurtzerakoan solasalditxoa izaten dugu bezero askorekin, urtero etortzen dira asko, eta harremana gertukoagoa da, bezero-jabe harremanetik harago.

Zergatik etortzen da jendea Larre-Gain sagardotegira? Zein da zuen ikurra, marka?

J.L.: Gertutasuna, famili giroa. Mahai askotan ezagunak izaten dira, kezkarik ematen ez diguten bezeroak, eta horrek lasaitasuna ematen digu.

I.S.: Baditugu Bizkaiko edo Nafarroa aldeko kuadrilak, urteroko bezeroak, eta horrek erakusten digu ondo ari garela. Ez gara enpresa gizon-emakumeak, baserria eta behi batzuk zituen familia arrunta baizik. Sagardotegia jarri genuen 1995ean, baina beldur handiarekin, ez baikenekien nola jardun. Hemen segitzen dugu, 28 urte geroago, beraz…

Zer esan dizuete bezeroek?

I.S.: Beldurra zutela. Eserita denbora gehiago egin dute, eta txotx-era gutxiagotan joan.

J.L.: Gurean upeletako pasilloa beti leporaino egon izan da, aurten bitan, bakarrik sumatu dut antzeko egoera. Jendeak zuhurrago jokatu izan du, mahaian geratzeko joerarekin.

Geratzeko etorri al da sagardo botila, pitxarretik edateko joera?

J.L.: Ezezkoan. Nire ustez txotx-a nahiago du jendeak. Sagardotegien arima da txotx-a. Bazen garaia txotx-a bueltatzeko, eta jendearen aurpegiak ikusteko txotx-a egiten. Beldur eta kezka guztiekin, horiek ere agerikoak izan baitira, batez ere jende pilaketak handiak zirenean. Salbuespenak salbuespen, igandetan botila edo pitxarrarekin edan nahiago duten familia batzuk, adibidez, txotx-a eskatu dute ia denek.

I.S.: Aste barruan jendeari esaten genion, bospasei mahai bildu eta ‘etorri orain txotx-era, jende gutxiago dabil-eta’. Eta jendea poz-pozik. Sagardotegiaren izaera txotx-a egitea da.

Ohiturak aldatu ote diren… Orain gazte jendeak larunbat eguerdia bakarrik nahi du, eta astegunetan sagardotegira joateko ohitura zuen bezero finko hori ere desagertuz joan da pixkanaka…

I.S.: Gaztea diferente dator. Aste barruan ere eguerdiak indarra hartu du. Ez gazteak, ja halako egonkortasun ekonomikoa duen betiko bezeroa. Badakite aste barruan lasaiago egongo direla. Gauak gutxitu egin dira asko, eta pentsatu izan dugu larunbat gauak ixtea, etortzen den bezeroa pasa eginda etortzen baita sarri. Ez du janariaz edo sagardoaz gozatzen, eta buelta batzuk ematen ari gara, larunbat gauak itxi eta lasaitasun hori irabazteko bidean.

J.L.: Guk lasaixeago jardun nahi izan dugu, eta bezeroa bueltatzen da, gustura egon den seinale. Dena ez da diru zorroa nola edo hala betetzea. Dena ez da bale sagardotegian, eta batzuk badute jarrera hori. Mozkortzea gauza bat baita, eta bestea jarrera txarra edukitzea. Gu ez gaude kobratu eta aio esateko bakarrik. Hori estimatzen du bezeroak. Egoera bere onetik ateratzeko arriskua badago, onena arrisku hori mugatzea, ez?

Pandemiarik gabeko sagardotegi denboraldia iristeko gogoa izango duzue, dagoeneko.

I.S.: Jakina, baina denean, ez sagardotegian bakarrik. Enkarguak egitera joaten naiz Hernanira, eta musukoa ahaztu noizbait… Herritar dezente ikusi nituen musukoarekin kalean. Beldurrak hor segitzen du.

J.L.: Neu upeletan aritzen naiz, eta ikaragarria da jendeak pandemia, gerra kontuak eta haren ondorioak dituela hizpide bakarrik. Nahi gabe ere dena entzuten duzu, eta jendea kezkatuta, urduri sumatzen dut, bizipozik gabe, Ukraina, erregaiaren prezioa… Tarteka norbaiti esan izan diot: ‘aizu, sagardotegian zaude, gozatu, gero ere izango duzue-eta arduratzeko denbora’. Oso astuna da sagardoaz hitz egiten, gozatu behar den unean erregaian prezioaz hitz egiten egotea. Tarteka gaizkitu ere egin naiz.

Salneurrien igoera orokorra ematen ari da. Gaia mahai gainean jarri duzunez, Joxe, nola moldatu zarete Larre-Gainen?

J.L.: Asko begiratuta. Generoa ekartzen duenarekin hitz egin, bezeroa bera jabetuarazi neurriko igoera adostu dugula esanez… Gure irabazi margena murriztu edo mugatu dugu, noski. Igo zaigun guztia bezeroaren poltsikora eraman izan bagenu, kitto. Bezeroak mantentzen saiatzea erabaki dugu, haiei esker baikaude hemen. Bizpahiru euro igo ditugu, bai, baina neurrian beti. Harreman sare ikaragarria egin dugu bezero askorekin, eta orain, denboraldia bukatuta, otorduren bat egiteko eta beste elkartzen gara horietako batzurekin. Ez gara lanean ari diren makina soilak, tratu zuzenak asko betetzen gaitu.

Eta orain, denboraldia bukatuta zer, lasai-lasai?

I.S.: Ez, ez, lana badago, sagardoa botilaratu eta beste. Egia da beste modu batera egiten duzula lana. Dagoeneko ez zaude jendearen baitan, hain ordutegi zurrunarekin, baina lana, egon, badago.

Arnaitz semeak hartu du, dagoeneko, lekukotza. Zer moduz ikusten duzue etorkizuna?

I.S.: Berak darama dagoeneko negozioaren zati handiena. Ez dauka lan errazik, baina gu laguntzeko gaude. Oihana eta Eider alabek ere laguntza handia ematen dute, denboraldian zehar. Ostalaritza lanbide gogorra da oso. Beste lanen bat bilatu eta hura lehenestea erabakiko balu bere erabakia errespetatuko genuke, sagardotegi bat eramatea lan zaila baita. Ordu asko sartzen ditu.

J.L.: Gustura dabilela dio, eta gu pozik. Etxekoa da, gainera. Berak erabaki behar du. Gure langileak ondo zaintzen saiatzen gara, etxekoak balira bezala, izan lanean, otorduak egiterakoan, atsedena hartzeko edo soldata erabakitzerakoan. Sagardotegian aritzea lan gogorra da, eta saritu egin behar da. Semeak lanbide honetatik bizimodua ateratzeko modua badu, ezin hobe.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!