Uxue Riconek Sarmiento konposatzailearen "Txikiludioak" interpretatu zituen Basteron

Aiurri 2022ko mai. 16a, 12:32
Uxue Ricon eta Javier G. Sarmiento, Basteron

Uxue Ricon Ulanga piano-jole urnietarrak  "Txikiludioak" izenburuko kontzertua eskaini zuen Basteron, joan den larunbatean. Javier G. Sarmiento konposatzaile donostiarrak osatutako 24 piezen bilduma da "Txikiludioak". Sei abestiez osatutako lau zatitan banatu zuen kontzertua Riconek. Lau zatiak, ikusgai bideoetan:

Helburu pedagogikoak bultzatu ziola 24 piezaz osatutako "Txikiludioak" sortzera aitortu zuen Javier G. Sarmiento konposatzaileak Basteron. Piano ikasleek, beren ikasbidean, ariketa anitzak egiteko aukera eduki ditzaten izan da Sarmientoren nahia, batik bat. Gainera, argitu zuen zer dela eta sortu dituen 24 pieza, “zenbaki horrek badu bere zergatia, izan ere, pianoan 24 tonalitate nagusi eta txiki daude. Guztiak ukitu nahi izan ditut”.

Sarmiento piano-jole klasiko izan arren jazza izugarri du gogoko, eta hortik jo du sormen lanari ekiteko orduan. Nolanahi ere, “Txikiludioak”ei hainbat musika genero eta estiloen edo zenbait autoreen eragina itsatsi nahi izan diela ere azpimarratu zuen. Era horretan, klasizismoa, swinga, flamenkoa, Argentinako ukituak, euskal folklorea (Zortzikoa, Ezpata dantza…), balsa... topa daitezke musika bilduman barrena. 

Basterora hurbildu ziren musika zaleei honako oharra ere luzatu zien Sarmientok: “Doinu askok gizakiak bizi ditzakeen egoera emozionalak islatzen dituzte, zoriontasunetik tristurara pasa gaitezke abesti batetik bestera. Gora behera handiko kontzertua da, eta aurre-jarrera horrekin murgildu zaitezten gonbidatzen zaituztet”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!