Erremontea

Ansa II-Juanenea eta Urriza-Zubiri bikoteak, finalerdietarako txartela eskuratzeko bidean

Aiurri 2022ko mai. 24a, 10:52

Sagardoaren Txapelketaren bosgarren jardunaldian Ansa II-Juanenea (Setien) eta Urriza Zubiri (Larre Gain) bikoteek garaipen garrantzitsuak lortu zituzten Aldabe-Larrañaga (Bereziartua) eta Goikoetxea V-Barrenetxea IV.a (Oialume Zar) bikoteen aurka. Emaitza hauekin pauso garrantzitsua eman dute finalerdietara sailkatzeko. Horrez gain, finalerdietara sailkatzeko aukerarik gabe geratu direnak Aldabe eta Larrañaga dira.

Erremontari saioaren baitan partidu lehiatuak ikusteko aukera egon zen, batez ere, bigarrena. Iruindarrak eta goizuetarrak, 20-29 aurreratuta, garaiz geldiarazi zuten Goikoetxea eta Barrenetxearen erasoa, eta 28-30 nagusitu ziren. Hori bai, punturik ez lortzetik, bi eskuratu zituzten galtzaileek.
 
Partidua berdindua hasi zen urdinen abantaila txikiekin. Gorriak 10-9 aurreratu ziren eta parekotasuna 16-17ra arte mantendu zen. Partiduko bigarren zatia desberdina izan zen. Urdinak nagusitzen hasi ziren eta Urrizaren kolpeari esker 4 eta 12ko partziala eginez 20-29 aurreratu ziren. Partidua erabakita zegoela zirudien arren, Oialume Zarreko bikoteak ez zuen etsi eta desabantaila murrizten joan ziren 28-29ra hurbildu arte. Azken tantoa partidako gogorrena eta lehiatuena izan zen. Barrenetxeak ongi atera zuen, baina Zubirik errestoa ahal bezala eraman zuen. Aukera gehiago izan zituzten partida berdintzeko, baina Urrizak defentsa bikaina erakutsi zuen, eta berak aukera izan zuenean ez zuen hutsik egin eta bigarren aukeran tantoa amaitzea lortu zuen ezker hormara pilota arrimatuz. Goikoetxea eta Barrenetxea lurrean geratu ziren zaleen txalo zaparradapean.
 
Jaialdiko lehenengo partiduan Aldabek eta Larrañagak asko zuten jokoan. Ongi hasi ziren, baina Ansak eta Juaneneak aurre hartu zien. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!