Ekopatruila Sarea sortu dute ekoizpen- eta kontsumo-sistema jasanezinaren aurka egiteko

Aiurri 2022ko mai. 25a, 10:42

Sare honen helburua, jarduerak sortzen eta eskaintzen laguntzea da, ohitura suntsitzaileak ohitura jasangarriagoetara aldatzen laguntzeko, modu atsegin eta eskuragarrian. 

Ekopatruilak tokiko pertsonek osatutako taldeak dira, eta Mater-en (Ontzi Museo Ekoaktiboa) eta hainbat komunitatetako sareen laguntzarekin. Pertsona-talde honek epe luzeko aldaketak sortzeko ingurumen-jardueren eskaintza egitea du xede.

Ur Zozo Taldea, Andoainen

Andoainen, esaterako, Ur Zozo Taldea sortu dute hainbat kidek, ingurumen zaintzan eta naturarekin konexiaren berreskurapenean interesatuak dauden pertsonen elkarpuntu bezela. Talde honek, Ekopatruilaren baitan funtzionatuko du, kasu honetan, Andoainen bertan eragiteko. Jada, Zizurkilen, Irunen, Altzan eta Oiartzunen ere batu dira Ekopatruila Sarera. 

Asteartean, arratsaldeko 18:00tan, egin zen aurkezpen ekitaldian zera adierazi zuten Ur Zozoko taldekideek: "Biodibertsitatea, elikadura, autokontsumoa, hondakinak, materialen erabilerak, klima hondamendiekiko erresilentzia, lur erabilerak, energia osasuna… Gai sorta guzti hauek eta gehiagok, gure egunerokoan uste baino eragin zuzenagoa dute, eta ondorioz, Lur planetaren etorkizunean. Gizakion bizi-ohiturengatik eta inguru naturalaren babesagatik arduratuak gaude. Eta zu, gehitzen zara?"

Horiek horrela, Ur Zozok taldera batzeko edota ingurumenaren eta bizi-ohitura osasuntsuen alde egiteko deialdia zabaldu du. Informazio gehiagorako edo kontaktuan jartzeko urzozotaldea@gmail.com posta elektronikoa ahalbidetu dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!