Urriza eta Zubiri (Larre Gain) bikoteak garaipena eskuratu zuten Ansaren eta Juanenearen (Setien) aurka (30-16). Irabazleak finalerdietara sailkatu dira eta lehenengo postuan kokatuta daude partidu baten faltan. Galtzaileek ordea puntu negatiboa izan zuten eta, beraz, bederatzi punturekin laugarren postuan geratu dira.
Bigarren partidua emoziorik gabekoa izan zen. Goikoetxea eta Barrenetxeak (Oialume Zar) erraz menderatu zituzten Ezkurra II - Zaldua I bikotea (Gurutzeta). Ligaxka amaituta garaileak 15 punturekin sailkatu dira finalerdietara, bigarren postuan. Ezkurra eta Zalduak, berriz, puntu negatiboa izan zuten eta zaila dute finalerdietara sailkatzea. Bost puntu dituztenez, azken jardunaldian irabazi, eta Ansak eta Juaneneak 17 tantotik behera egin beharko dituzte.
Bi emaitza horiek medio, Segurola eta Azpiroz ere sailkatu dira finalerdietara. Beraz hiru bikote sailkatu dira finalerdietara: Urriza-Zubiri, Goikoetxea-Barrenetxea eta Segurola-Azpiroz.