Zein da zuen egitasmoaren helburua?
1936ko uztailaren 18ko kolpe militarrak eraginda, Gipuzkoatik erbestera ihes egin behar izan zuten umeen memoria berreskuratzea. Horretarako, Intxorta 1937 kultur elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, egitasmoa abian jarri zuen orain bi urte, eta horretan dabil ekinean. Gaia lantzeko hamahiru lagunen taldea sortu dugu: sei pertsona Intxorta taldekoak gara, eta horietaz gain, beste zazpi pertsona gaian esperientzia eta interesa dituztenak dira. Bestalde, eskertzekoa ere bada herri askotan lanean dabiltzan elkarte memorialistek eskaini diguten laguntza.
Orain arte, sei mila eta bostehunetik gorako zerrenda osatu dugu. Guzti horiei buruzko makina bat informazio (aipamen hutsak, testigantza pertsonalak, artxiboetako informazioa, agiriak, argazkiak…) jaso ahal izan dugu, baina kontziente gara oraindik ere ez garela guztia jasotzera iritsi, ezta gutxiago ere!
Egitasmoaren amaieran, egindako guztiari zabalkundea emateko edo aitormenezko ekimenik egiteko asmorik ba al duzue?
Printzipioz, 2023ko hasieran aitormen izaera izango duen ekitaldi publikoa antolatuko da Gipuzkoa mailan. Aldi berean, grabatutako elkarrizketa ugari Aldundiaren webgunean zabaltzeko asmoa dago. Ekainaren 15ean prentsa-agerraldia egingo dugu, eta bertan xehetasun guztiak eskainiko ditugu.
Beterri-Buruntzari begira, bulegoa jartzeko asmoa daukazue hurrengo egunetan.
Abian jarritako datu-bilketari eutsita, Gipuzkoan eskualdez eskualde arreta-bulegoak irekitzen ari gara azken aldian, orduko haurrak nahiz edozein eratako informazioa eskaini dezaketen pertsonak hurbil daitezen bertara. Hortaz, eskualdeko herritar guztiei luzatzen diegu gonbitea, edozein moduko datua edukiz gero bertara dadin. Buruntzaldeko herritarren ahalik eta inbentariorik osatuena nahi genuke egin, Gipuzkoako datu-basera batzeko.
Aldi berean, eskerrak eman nahi dizkiegu Udal Artxiboko langileei jarri dizkiguten erraztasunagatik.
Noren datuak ari zarete biltzen, herritik ihes egin behar izan zuten haur guztiena, ala, Frantziako estatura, Ingalaterrara, Errusiara, Ameriketara eta abarretara ihesi joan zirenena?
Zehazki, 1936ko kolpe militarra hasterakoan erbestera ihesean joan ziren 0 eta 16 urte bitarteko ume eta gaztetxoak, eta baita ere, erbestean jaio zirenak 1939 arte. Gerrako haur gehienak Frantzia eta Kataluniara (Valentziara ere bai) joandakoak dira. Halaber, Ingalaterrara, Errusiara eta Belgikara nahiz Ameriketara (Mexiko, Argentina, Txile, Venezuela, Kuba, Errepublika Dominikarra…) joan zirenak. Egia da badaudela beste ume asko beren herrietatik ihesi joan zirenak, Bizkaiara, Santanderrera nahiz Asturiasera, baina ez zutenak muga zeharkatu. Ibilbide hori egin zuten haur eta gaztetxoen izenak ez ditugu jasotzen printzipioz.
Orain arte bildu duzuen informazioaren arabera, Buruntzaldeko herrietatik zenbat haurrek egin behar izan zuten ihes, bizitokia utzita?
Oso zaila da zenbakiak zehaztea, baina ehunka batzuk izan ziren seguruenera. Orain arte jaso ditugun erreferentziak, 276enak dira; 133 emakumeak, 143 gizonak. Hona datuak herriz herri, eta sexuen arabera banatuta: Hernanin 109 (53, 56), Andoainen 75 (32, 43), Lasarte-Orian 62 (37, 25), Astigarragan 15 (3, 12), Urnietan 15 (9, 6), eta azkenik, Usurbilen 1 (emakumea).
Zer nolako harrera egin diote herritarrek informazioa jasotzeko guneari, beste udalerrietan?
Irunen, Eibarren, Soraluzen eta Tolosan irekitako arreta-bulegoak oso lagungarriak egin zaizkigu zerrendak osatzeko, elkarrizketa berriak egiteko, argazkiak eta agiriak jasotzeko… Egia esan, herritarrengana hurbiltzea da gure asmoa eta komunikabideen eskutik lortzen ari garen oihartzuna ezinbestekoa bilakatzen ari da gure egitasmoaren berri zabaltzeko.
Aldi berean, eskertza adierazi nahi diegu Gipuzkoako hainbat memoria elkarteei, eskainitako laguntzagatik.
Eduki behar da kontuan gero eta pertsona gutxiago bizi dela kolpe militarraren ondorioak zuzen-zuzenean jasan zuena, eta oraindik kontatzeko moduan dagoena. Horietatik, banaka batzuk baino ez dira zapalketa guzti hura adinez heldua izanik sufritu zuena. Gehiago dira umeak zirenak orduan; hain zuzen, azken horiek ari dira animatzen bulegora etortzeko. Alde horretatik, testigantza hunkigarriak eta aberasgarriak jasotzen ari gara.