Ansak eta Juaneneak finalerako txartela lortu dute Goikoetxea-Barrenetxea bikoteari irabazita

Aiurri 2022ko eka. 14a, 10:15

Ansa II-Juanenea eta Urriza-Zubiri bikoteek jokatuko dute datorren astelehenean final handia. Finalerdietan, Setien eta Larre Gain nagusitu ziren Oialume Zar eta Petritegi ordezkatzen dituzten Goikoetxea V-Barrenetxea IV eta Segurola-Azpiroz bikoteen aurka.

Lehenengo finalerdian, Ansak eta Juaneneak 25-30 garaitu zituzten Goikoetxea V eta Barrenetxea. Beste behin, Oialume Zar finaleko atean geratu da. Bigarren partiduan Urrizak eta Zubirik 30-22 irabazi zuten Segurola eta Azpirozen aurka. Beraz, Urriza eta Ansa aurrelariak berriz ere Sagardoaren Txapelketaren finalean elkarren aurka arituko dira. 

Ansa eta Juanenea hasieratik nagusi izan ziren, nahiz eta partidu lehiatua izan. 2-4 aurreratu eta abantaila mantentzen saiatu ziren, 7-10era arte. Orduan, urdinek bost tanto jarraian egin zituzten eta zortzi tantoko abantaila lortu zuten, 7-15. Abantaila mantentzea lortu zuten arren, gorriek distantzia murriztea lortu zuten. Hiru tantora hurbildu ziren 20-23, baina ez ziren haratago joan. Ansak eta Juaneneak abantaila handitu zuten sei tantora, 23-29 eta partidua itxi zuten 25-30. 
 
Tanto oso gogorrak jokatu ziren eta partida ikusgarria izan zen. Lau pilotariak lurrean geratu ziren tanto amaieran. Ansa izan zen zenbaki hoberenak lortu zituen pilotaria 18 tanto eta hiru akatsekin. Nagusi izan zen aurrelarien lehian eta oso ongi aritu zen. Goikoetxeak zazpi tanto eta hiru akats egin zituen. Atzelarien lehian Barrenetxeak ere partida esanguratsua egin zuen 14 tanto eta bi akatsekin, baina Juaneneak ongi heldu zuen eta ez zuen ia akatsik egin. Zazpi tanto eta akats bakarra egin baitzituen. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!