[111 Akademia Saria]

Hitzez bete du isiltasuna

Alba Cabrera Jauregi 2022ko eka. 23a, 07:00
Eider Rodriguez Martin, saria eskuetan duela.

Eider Rodriguez Martinek irabazi du 2021eko 111 Akademia Saria, bere lehen eleberriarekin: Eraikuntzarako materiala. 26. edizio honetan, irakurleen parte-hartzea handia izan dela iragarri du Manuel Larramendi Kultur Bazkunak.

Zer dio isiltzen denak isiltzen denean? Hutsuneak hitzez bete ditu Eider Rodriguez Martin idazleak bere lehen eleberrian, Eraikuntzarako materiala. Hausnarketez asetu du absentzia, galderez, mapez eta argazki zaharrez, “ez dagoen hori zutitzeko, zegoenean ere, maiz erortzear zenari lekua egiteko”. Bada hain justu ere, aitortza-ariketa horrek eraman du idazlea 2021eko 111 Akademia Saria irabaztera, bozkaketako azken bueltara Itxaro Bordaren Euri zitalari esker eleberriarekin batera iritsi ostean. Hala, hura omentzeko makina bat literaturzale bildu ziren hilaren 15ean Amasako Hika txakolindegian. Ezusteko atsegina izan zuen, gainera, protagonistak, izan ere, lagun duen Anari Alberdi abeslariaren melodiek girotu zuten egun sargoriko iluntzea.

 

Pello Lizarralderen Argiantza obrak eman dio lekukoa Rodriguezi, euskal literatura eta horren zaleak hauspotzeko urtero 111 Akademiak egiten duen sariketan. 26. edizioa izan da aurten, eta parte-hartze handia nabarmendu zuen ekitaldian Ane Jalon Manuel Larramendi Kultur Bazkunako lehendakariak, izan ere, akademiakideen % 70ak esku-hartze zuzena izan du ebazpenean. Era berean, saria eskuratzen duen zazpigarren emakumea dela jakinarazi zuen Jalonek, Joseba Sarrionandiari orain egun gutxi batzuk entzundako hitzak gogora ekartzearekin batera: “XXI. mendeko euskal literatura emakumeen literatura izango da”. Literaturzaleez gain, Hika txakolindegiko mahastien artean izan ziren ere protagonistaren lagunak nahiz senideak, baita instituzioetako zenbait ordezkari ere, besteak beste, Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea, Harkaitz Millan Kulturako Foru Diputatua, Maider Lainez Andoaingo alkatea eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria.

Erraietatik erran

Alaba baten eta “antsia ezkutatzeko arte gutxi” duen aitaren harremanean oinarrituta zizelkatu du “artifizio literarioa” Rodriguezek. Ezker-eskuin, zabuka, urteak zurrutari emana igaro zituen aitari zuzentzen zaio narratzailea, eta familia baten bizipenak bildu ez ezik, garai baten erretratua ere egiten du liburuak. Amorruak, lotsak, beldurrak, oroitzapenak, gezurrak eta isiltasuna. Izena jarri dio azken horri idazleak, forma, tonua, usaina eta hitza, “isiltasuna ezin baita isiltasunarekin garaitu”.

Ez idatzi nahiago izango zukeen obra dela aitortu izan du behin baino gehiagotan autoreak, bazuela istorioa buruan, baina ez zela inoiz ausartu egiten. Asko du bizipen pertsonaletik, ezagunetik, baina baita literaturak errealitatea desitxuratzeko, kiribiltzeko, eta berrasmatzeko duen gaitasunetik ere. Horregatik, idazleak nahiago dio eleberriari ez fikzio deitu. Lerroen artean, izena zein abizena duten hezur-haragizko pertsonaiak azaldu arren, errealitateari pare bat itzuli eman eta horren gaineko eraikuntza literarioa egin du, lumaren bidez.

Idazten hasi aurretik, ideien mapa bat osatu zuen, gutun- azaletan sailkatuta. Batetik bestera saltoka aritu da prozesuan, argazkietan barrena eta Oreretatik Benicassimera bitarteko mapako restopetan atseden hartzen. Egunerokoa, pertsonaien arteko solasaldiak, bakarrizketak, gutunak. Askotariko baliabideak erabili ditu Rodriguezek bere lehen eleberriaren puzzlea osatzeko. Narrazio-denborarekin jolasean eta ildoa hainbat begiradatik erreparatuta, lau atal nagusitan banatu du 40 bat urteko tartea hartzen duen kontaketa. Alabaren azaletik ekiten dio irakurleak eleberriari, lehen bi ataletan, botilari itsatsita bizi zen aita batek utzitako ajeak aurkezteko. Istorioak aurrera egin ahala, hirugarren pasartean, bigarren pertsonara egiten du salto kontakizunak, tonua aldatzearekin batera. Aitak soldaduska-sasoian idatzitako gutunek borobiltzen dute istorioa.

 

Esker hitzak

Idazle bilakatu baino dexente lehenago izan zen Eider Rodriguez irakurle, horrela hasi ei zen bere istorioa, eta ondoren etorri zen idazketa, alegia, “irakurketaren luzapen natural” gisa. Etxeko egongelan hasi zen zaletzen: “Bi eskuekin hel niezaiokeen munduari, bizitzari, jendeari”, zioen, saria jaso berritan, “bi eskuren artean hesitu, besarkatu; bi eskurekin gidatu nire bizitza, bi eskurekin ireki herrialde miresgarrirako atea. Bi esku ahurretan sartzen zen mina”. Betidanik sentitu izan da seguru liburu artean, horietan jabetu baita mundutik ihes egitea baino gehiago, munduari parez pare begiratzea dela irakurtzea. “Munduan egoteko modua, mundua ulertzeko, horrekin konprometitzeko”. Idazleen lana lumari eragitea bada ere, haren esanetan, jendeak bihurtzen ditu liburuak liburu, “liburu barruan edota kanpoan dagoen jendeak”. Horregatik, arnas luzez eman zituen eskerrak protagonistak sari-banaketaren ekitaldian, bidean gertu izan dituen lagunei, baita etxekoei ere.

“Baina nola idatziko duzu zeure buruaz?”, galdetu zion behin bere kolkoari, eta azkar erantzun: “Erantzuna liburu hau da. Ez gara hain inportanteak; inor ez da hain inportantea. Ez gara geure buruaz ezkutatu behar izateko bezain inportanteak”.

Irakurleen begietan

Anari-ren Oreinak kantuak ipini zituen tonuan Ainara Maia idazle eta itzultzaileak nahiz Amaia Agirre bertsolariak ahots hautsiz irakurri zituzten liburuko pasarteak. Horrez gain, irakurleen iritziak ezagutzeko beta izan zuen idazleak.

Andoaindik etorri zen lehena: “Liburu berezia Eiderrek eskaini diguna. Aita (eta ama) eta bere arteko harremana kontatzen digu, xehetasunez, obsesioz”. Idazkerari dagokionez, erakargarria egin zaio lehen iritzi-emaileari, “estilo landu eta orijinala erabili du. Bere barrua biluztu du gure aurrean, oso modu ausartan”. Amaiera astun xamarra egin bazaio ere, gomendagarria dela dio akademiakideak.

Zapore gazi gozoz amaitu du liburua, berriz, Gasteizko beste kide batek. Haren aburuz, hasiera batean, lotsa dena, ondoren, maitasun eta onarpen bilakatzen da, aita-alaba harremanean: “Orain faltan botatzen zaitut, lehen faltan gehiago botatzen zintudan bezala” dio, Kiko Veneno abeslariaren letrak gogoan. Zenbait pasarte nabarmentzearekin batera, liburua irakurtzea plazera izan dela esanez borobildu du bere iritzia: “Eider Rodriguezek bere aita definitzen duen modu berean deskribatuko nuke nobela hau: gazia eta mingotsa”.

Azkar irakurtzen den eta interesik galtzen ez den obra dela dio laugarren batek, Bilbo aldetik, “oso hunkigarria”. Oso gustuko du idazteko modua, hamaika literatur-tresnez baliatu delako idazlea, aitaren “autosuntsiketa” eta alabak harekiko zuen harreman berezia “maisuki” kontatzeko. Iritzi berekoak dira Urnietatik etorritako azken akademiakidearen hitzak, “bikaina” iruditu baitzaio, izan ere, “etsipenaren eta oroiminaren arteko eremu lausora” eraman du autorearen obrak: “Estilo aparta. Sakonera handiko erauzte psikologikoa”.

Ildo beretik, Anari Alberdirenak izan ziren ekitaldiko azken hitzak, lagun mina zoriontzeko nahiz omentzeko. Taldearen melodien laguntzarekin agurtu zuten iluntzea protagonista laudatzera bertaratu ziren literaturzaleek.

Bere gorputzeko ezkutuko arrakaletan bilatu ditu letrak Rodriguezek, korapiloak, itolarriak eta arnasguneak. Oroimen pusketak bildu ditu, hamarkada luzeetako istorioa harikatu du, hitzez jantzi, biluzteko. Zuloa agerian uzteko. Bi eskuren artean makina bat galderarekin egingo du topo irakurleak, beharbada, erantzunik ez duten galdera-markekin. Bi eskuren artean kabitu zaizkio irakurleari narratzailearen dudak, minak, ezinegonak eta isiltasunak, idaztean lortzen baitu Rodriguezek bere intimitate maila gorena. Bai, Eider, ni ere ez nengoen konturatuta isiltzen-ek ere hiltzen daramala barruan. Zer dio, zer egiten du, baina, isiltzen denak isiltzen denean? Hondamendiari entzun eta idatzi. Horra hor Eraikuntzarako materiala.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!