Finaleko lehen tantoak bikote faboritoak egin zituen, baina azkar batean berdindu zuten Ansak eta Juaneneak. Hamaika tantora arte norgehiagoka oso orekatua izan zen; bata bestearen atzetik etorri ziren berdinketak. Ondoren, gutxigatik izan bazen ere, gorridunak gehiago izan ziren, eta bi tanto goitik joan ziren.
Atsedenaldiaren ostean, botileroen laguntzarekin, partida orekatu egin zen berriro ere, edonork irabaz zezakeen. Arestian aipatutako desabantaila murriztea lortu zuen urnietarrak eta berdinketa eskuratu zuten (19-19). Alabaina, Urriza eta Zubiri esperientziadun pilotariak dira eta kantxan zuloak bilatuta hiru tantoko aldea eskuratu zuten (24-21). Finalaren azken txanpan sartzen hasi ziren bi bikoteak, ikusleen txalo zaparrada artean.
Bigarren atsedenaldiaren ostean, garaipena Urriza handiaren eskuetan zegoela zirudien arren (26-22), Ansak eta Juaneneak hortzak estutu, eta abantaila murriztea lortu zuten (27-25). Tentsioa izugarria zen memento horretan Galarreta frontoian. Gorridunek berriro ere abantaila hartu eta 29. tantora arte jauzi egin zuten. Partida erabakita zegoela zirudienean, urdinek hiru tanto egin zituzten garaipenetik gertuago jartzeko (29-28). Hala ere, azken tanto erabakigarria Urrizak eta Zubirik egin zuten (30-28).
Urriza eta Zubiri eskarmentu handiko pilotariak dira, eta hala erakutsi dute urte osoan. Iazko txapeldunak berriro jantzi du txapela preziatua eta Ansa iaz bezalaxe azpitxapeldun geratu da. Esanak esan, urnietarrak finaleko arantza kentzeko aukera gehiago edukiko ditu aurrerantzean.
Urtetik urtera, pilotarien maila handitzen doa, baita kirol honekiko afizioa ere. Frontoia goraino bete zen eta asko izan ziren etxetik jaialdiko finala jarraitu zuten zaleak.