Ansa-Azpiroz bikotea da San Fermin Torneoko finalerako lehen sailkatua, Aldabe eta Barrenetxeari 24-30 irabazi ondoren. Partida horretako galtzaileak eta Ezkurra II-Juanenea izango dira, hain zuzen ere, larunbatean finalerdia jokatuko dutenak.
Ansa fin aritu zen
Urnietarra izan zen, berriz ere, erremontista onena. Txapelketa ikusgarria jokatzen ari da eta bere unerik onenean dago erremontista profesional gisa. 16 tanto egin zituen, bikain jokatuz eta arriskatuz. Bere lau akatsak garrantzirik gabeko uneetan iritsi ziren. Era guztietako jokaldiak egin zituen, asko defendatu zuen eta pilota oso bizi jotzen aritu zen, ia beti egiten duen bezala. Esan daiteke, partida urnietarrak desorekatu eta irabazi zuela.