Erremontea

Ezkurra eta Juanenea izango dira Ansa-Azpiroz bikotearen aurkariak, San Fermin txapelketan

Aiurri 2022ko uzt. 11a, 10:11

Ezkurra eta Juanenea gailendu egin ziren Aldabe-Barrenetxea bikotearen aurka. Horiek horrela, ezustean finalerako txartela lortu eta Ansaren eta Azpirozen aurka jokatuko dute.

Finalerdia ikusgarria izan zen eta faboritoen aurrean ezusteko nabarmena eman zuten. Hasieratik partida oso parekatua eta luzea izan zen, ordubete iraun zuen gutxi gorabehera. Lau erremontistek maila ona erakutsi zuten, hutsegite gutxirekin eta tanto ikusgarriekin. Esanak esan, partida 23. tantoan hautsi zen, orduan, Ezkurrak eta Juaneneak norgehiagoka nahi bezala bideratu eta irabazi egin zuten. 

Azken finean, garaipena presioarekin jokatzen jakin zuenak lortu zuen. Bi bikoteek partida ona egin zuten arren, azken txanpan, garaileek sufritzen jakin eta jokorik eraginkorrena erakutsi zuten. 

Final ikusgarria aurreikusten da. Ansa urnietarrak azken finaletako arantza kendu eta txapelarekin etxeratu nahi du, baina aurkariak indartsu datoz, finalerdietan faboritoak kanporatzea lortuta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!