Donosti Cup 2022 nazioarteko futbol txapelketaren 30. edizioa biribila izan da Euskalduna SDko B16 lagun taldearentzat. Beren mailako «Europa League»ko txapeldunak izan dira, finalean Maison-Alfort FC talde frantsesari Donostiako Matigoxotegi futbol zelaian jokatutako partidu ikusgarri eta zirraragarri batean 3-1 nagusitu ostean.
Bikain eta kementsu aritu dira hamazazpi lagun hauek osatutako taldea: 1. Unai Barberena, 2. Unai Ulanga, 3. Egoitz Goñi, 4. Oier Jauregi, 5. Aimar Suarez, 6. Aitor Bekarte, 7. Jokin Valencia, 8. Eneko Pires, 9. Aratz Lopez, 10. Jon Areizaga, 11. Beñat Uria, 12. Xabat Jauregi, 14. Asier García, 17. Eñaut Arnaiz, 18. Ibai Miguel, 19. Iker Brosa eta 25. Aimar Telletxea. Entrenatzaile eta delegatu gisa, Andoni Azpiroz, Xabier Lopez eta Josu Pires aritu dira. Ekipo bikaina!
Egunez egun, taldea sendotzen joan zen eta lehen fasean, ondo eta txukun ibili arren, emaitzak ez ziren aldekoak izan, ezta espero zirenak ere, baina ilusioa galdu gabe eta gogotsu ekin zioten bigarren faseari, «Europa League» lehiaketari.
Hemen, eta lehen fasearen aldean, aurrera jarraitzeko irabaztea zuten aukera bakarra, eta hori egin du lagun kuadrilla honek, pausoz pauso eta egunetik egunera jokoa hobetzen, azken garaipena lortu arte, penaltietan erabaki ziren hiru partidu barne. Estatuko zein nazioarteko taldeen aurka lehiatu dira. Esaterako, Madrilgo FDE CD, Kataluñako Catalunya Set 11, Frantziako Maison Alfort FC, Washingtongo National Knights, Lleidako LSA, Andorrako Tecnifut edota Estatu Batuetako ISC Team taldeak izan dituzte aurrez aurre.
Interesgarria eta aberatsa benetan kulturartekotasuna, eta batez ere talde honek zelaian eta zelaitik kanpo erakutsi dituen errespetua eta laguntasuna, azken finean, horrek egin ditu handi eta indartsu, hasiera batean ametsa zena errealitatea bihurtuz eta garaipen garrantzitsu hau Andoainera ekarriaz. Esperientzia polita eta hunkigarria beraz, kirola eta bereziki futbola maite duten gazte hauek bizi dutena aste intentsu honetan, non kirola eta adiskidetasuna uztartu dituzten familia eta lagunartean, eta noski, zaleak alde batera utzi gabe, hortxe egon dira, partidu guztiei leialki jarraitu baitie.
Zorionak, mutilak, gozatu momentua eta jarraitu horrela!