Ernioko gurutzearen 50. urtemuga

Aiurri 1997ko mai. 16a, 08:00

Ernio mendiaren magalek hartzen dituzten bederatzi herri elkartu egin dira Ernioko gurutzearen eraikuntzaren 50. urtemuga ospatzeko, eta bide batez, gurutzeak eta inguruak behar dituen konponketak egiteko. Aia, Asteasu, Alkiza, Larraul, Albiztur, Bidani, Errezil, Hernialde eta Beizama dira herri horiek, 5B helburua programak biltzen dituen herriak, hain zuzen.

Ostiralero Asteasun biltzen dira herri horietako gazteak Ernion egin beharreko lanak zehazteko, eta herri bakoitzean ere biltzen dira zeregin horiei jarraipena emateko. Beraz, bederatzi herri horiek bereizten dituen Ernio mendiak, herriak bereizteaz gain, elkartu ere egin ditu, eta horren adibide da osatu berri duten Erniozaleak Kultur Elkartea.

Aiarrek, errezildarrek eta asteasuarrek egin zuten duela berrogeita hamar urte Ernioko gurutzea. Hori dela eta, aurtengo abuztuan gurutzeak mende erdia beteko duelako, iaz, Aiako gazteak Asteasukoekin bildu ziren urtemuga horren inguruan zerbait egiteko. Garai hartan gurutzea egin zuten herritarrak omentzeaz gain, nahikoa hondatuta dagoen gurutzea konpontzea erabaki zuten, baita tximistorratza jartzea ere gurutzearen puntan. Horrezaz gain, Ernion bertan dauden orientazioa mahaia eta borda (aterpetxe gisa erabiltzeko) konpondu egin behar zirela pentsatu zuten bi herrietako lagunek. Baina borda Errezilgo lurretan dagoenez, eta gurutzea berriz, Albizturkoetan, bi herri hauei eta Ernioren inguruko gehiagori ekimenean parte hartzeko proposamena egin zieten. Gauzak horrela, azkenean, bederatzi herri bildu dira lan eta ospakizun horiek egiteko, guztiak 5B helburua proiektuaren partaideak. 5B proiektuak berak ordainduko ditu berrikuntza lanen kostuen erdia, eta beste erdia berriz, bederatzi herrietako udalek ordainduko dute. Guztira, 10 milioi pezetako kostua izango dute lanek.

Auzolana eta kultur elkarte berria

Pentsatutako lan guztiak nola egin erabakitzeko bederatzi herrietako lagun pare bat joaten dira ostiralero Asteasura. Bertan lanen nondik norakoak erabakitzen dituzte, eta ondoren, herri bakoitza hartu duen ardura betetzen saiatzen da diren herrian bertan horretarako sortu diren taldeen bitartez.

Konpondu behar duten borda.

Eraikuntzak berritzeko proiektuak langile kualifikatuek egin arren, auzolanean egingo dituzte lanak. Hau da, lanen nondik norakoak langile kualifikatuek zuzenduko dituzte baina eskulana herritarrek jarriko dute. "Lanak auzolanean eginaz herrien arteko harremanak sendotu egingo ditugu”, adierazi digute ekimenaren arduradunek. Izan ere, eta auzolanaren helburuetako bat lanak ahalik eta merkeen izatea bada ere, herritarren artean harremanak sakontzea da auzolanaren beste helburu bat.

"Lanak auzolanean eginez herritarren arteko harremanak sendotu egingo ditugu"

Ildo bera jarraituz sortu dute Erniozaleak Kultur Elkarte berria. Konponketa lan hauek egiteko eta Ernioren inguruko herritarrak biltzeko osatu dute Kultur Elkartea. "Lana ez da bukatzen gurutzea, borda eta orientazio mahaia konpontzean; eraikuntzak egoera onean mantentzeko zaindu egin behar dira. Lan hori beteko du Erniozaleak Kultur Elkarteak", adierazi digute bertako kideek elkartearen zereginaz galdetzean. Horrezaz gain, herri bakoitzetik Erniora igotzeko dauden bideak seinalizatu eta mendizaletasuna nahiz herrietako ohiturak eta kultura landu nahi dute Kultur Elkartearen bitartez.

Mandoan igo zuten orduan gurutzea egiteko materiala, ez orain bezala, helikopteroz igo dutela material guztia

Abuztuak 31, gurutzearen urtemuga

Duela berrogeita hamar urte orain baino lan gehiago egin behar izan zuten gurutzea egin zuten herritarrek. Mandoan igo zuten orduan gurutzea egiteko materiala, ez orain bezala, helikopteroz igo dutela material guztia. Lehen, festa eta taberna gutxiago zeudenean, Zelatun zuten Ernio inguruko herritarrek bilgune. Bertan bilatzen zituzten andregaiak edota senargaiak, bertan aritzen ziren berriketan eta apostuan.

Garai hartako festa giroa gogoratu nahian eta gurutzea egin zutenak omentzeko, festa antolatuko dute abuztuaren 31 rako. Bazkaria, trikitilariak eta antzekoak izango dira egun osoan zehar, eta nola ez, gurutzea egin zutenei oroigarri bana emango diete. Egun berean inauguratuko dute borda, eta ordurako beraz, borda, gurutzeea eta orientazio mahaia erabat berrituta izango dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!